Joxe Manuel Odriozola.

Joseba Jaka gogoan

2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Apirilaren 16 batean joan zitzaigun Joseba Jaka Auzmendi, 1996an. Mende laurden bat dagoeneko. Cadizko hondartza batean itsasoak eraman zuen, eta euskalgintzarensail nagusi bat umezurtz geratu zen haren betiko agurrarekin. Zer zen Joseba? Nolakoa zen? Zer egin zuen bere mundualdian? Erantzunak bere adiskide eta lankideen eskutik jaso ditugu, eta hemen doazkizue bakan batzuk.

«Zegamatik etorritako familia baten hirugarren semea. Urretxuko Irimo lantegian aritu hintzen, hire txirringaz eta karterarekin, hara eta hona ibiliz, enpresako enkarguakegiten. Garaiko lagunek mutiko fin hartaz gogoratzen dituk oraindik»(J. Iñaki Etxezarreta). «Morroi egon zen baserri batean 9 urterekin eta pintxe bezala hasi zen lanean fabrika batean 14 urterekin. Atez ate euskal liburuak saltzen hasi eta gaur, hogeita hamar urteren buruan, euskal kulturako enpresarik handienetakoa gidatzen du» (Joxean Agirre).

«Zerbait zeukan Josebaren aurpegi jakatarrak. Ez dakit. (Galdera bat zirudien begien mugimendu txiki batekin begiratzen zizun, bat-batean urrundik gertu-gertura bere pentsamenduetan bere pertsona osoa etorriz). Barrutasun sakon bat bezala. Gogortasun delikatu bat, kemen isila, bere erroetan menperaezin tinko. Irribarretsu jakin-min eta bilatzaile halere. Mendiko harri bigun bat bezala» (Joxe Azurmendi). «Zaila egiten zait Joseba Jaka ezagutu ez zuenarentzat nolakoa zen azaltzea. Film amerikarretan-eta sarritan ikusi izan dugu self made man delako ipuina: ezerezetik sortuta, bere lanaren poderioz aberats bihurtzen den gizon edo emakumea. Joseba ere hutsetik hasi zen» (Xabier Mendiguren Elizegi).

«Urte horietan ikastolan ez genuen materialik eta kanpoko editorialetatik itzuliz edo geuk egindako apunte edo fitxekin moldatzen ginen. Fitxa horiek egiteko kalkoak erabiltzen genituen, alkoholarekin ere kopiak ateratzen genituen edo multikopiaz baliatzen ginen, baina hasierako ikastola horietan ez zegoen multikopiarik. Beasaingo juntan Ampo enpresako gurasoak zeuden eta enpresa horretako multikopian atera ohi genituen. Gogoratzen naiz Josebarekin behin baino gehiagotan ari ginela lan horretan larunbat arratsalde edo igande goizetan» (Lurdes Imaz).

«Margo Ederdun Entziklopediarekin ezagutu nuen nik Joseba eta geroztik oso hurbiletik segitu nion, bai ihesaldian eta bai Baionan egin zuen denboraldian. Baionara iritsi eta segituan frantsesa ikasten hasi zen, ez baitzekien geldirik egoten, eta Hegoaldean martxan jarri zuen liburu salmenta sistema bera jarri zuen martxan, batere ezagutzen ez zuen terreno batean. Horretan izugarri ausarta izan zen beti. Baionatik Zuberoaraino zenbat buelta eman zituen berak bakarrik jakingo du. Hemen dagoeneko oso ondo ezagutzen zuen salmenta lana eta ikastolen mundua ere oso gertutik jarraitzen zuen. Hain zuzen ere, Pannecau kalean Zabal martxan jarri eta itzultzen denean, biok elkarrekin atera genuen Gauza harrigarriak izeneko 8 tomoko entziklopedia bat,Xalbador Garmendiak itzulia, eta salmentatik atera genuen diruaren parte bat ikastolentzat utzi genuen, Gordailuk materialgintzan erabili zezan» (Iñaki Beobide).

«Baina egia esan behar badut, Jakaren etorrerak berebiziko kultur dinamika sortu zuen Iparraldean. Sinestezina bertakoentzat. Eta baita guretzat ere, lumari emanagoak ginenontzat. Neurri batean, haren ihesaldia guztiz mesedegarri bihurtu zen, orduan egin baitziren Iparraldekoen eta Hegoaldekoen arteko harremanak plataforma iraunkorren gainean egituratzeko lehen saio historikoak, zorionez gaur egun ere osasun onean daudenak, ez gutxi Joseba Jakaren eguneroko lanari esker» (Paulo Iztueta). «Errefuxiatua zela, inguru horretan baziren bi kategoria, jende bat oso inplikatzen zena Iparraldeko bizian eta bestea, gehiago egoten zena aparte, isolatua bezala; eta lehenetarikoa zen Joseba Jaka. [...] Bera ez balitz izan, nik ez dut uste Iparraldeak ukanen zuela gaur egun duen produktu kulturalen bitrina hau» (Jean Louis Maitia).

«Joseba Jakak beti garbi eduki zuen autonomiaren kontu hau, eta, gaudenegoeran egonda, kulturan zabal jokatu beharra zegoela derrigorrez, horren ondorioz era guztietako salaketak jasan behar izan bazituen ere. ETAren diruak zuritzen zituela batetik, PNVren kultur proiektua gauzatzen zuela bestetik. Bere zintzotasun eta duintasunean sinesten duenaren gisan, gezur horiek isilik irentsi eta lanean segitzea izaten zen bere erantzuna» (Xabier Mendiguren Elizegi). «Lehenik, bizi izan eta praktikara eramateko balio etikoak gogoraraziko nituzke: lana, irabaz-asmoz baino sorketa eta zerbitzu-grinaz bizitzea; lankide eta lantaldeekiko ulerpen, egonarri eta balioespen leial praktikoak, gizarteko lehian, zalduntasun-duintasuna. [...] Balio jakin batzuk zaindu ditu Joseba Jakaren politikak: Euskal Herriaren batasun kulturala, herrialde bakoitzaren nortasun-bideak, tokian tokiko inoren baliozko ekimenei zor zaien itzala, bezeroarekiko errespetua eta garbitasuna, eta, azkenik, horrekin guztiarekin batera, kanpotik etengabe indarrean datozkigun menpekotasun kulturaletatik ere ihes egiteko erabakia» (Joseba Intxausti).

«Euskarazko produkzioan enpresa kontzeptua sartzen aitzindari izan da Jaka. Eta gainera, urteetan egindako lanari esker, hori egin daitekeen zerbait dela ondo frogatuta utzi du. […] Garbi ikusten zuen euskarak eta teknologiak lotuta behar dutela; alde horretatik hainbat pauso egiten ari zen gizona zen» (Mari Karmen Garmendia). «Suerte handirik ez dugu izan euskaldunok. Sabino Arana 38 urterekin hil zen. Lizardi eta Aitzol lehenago. Harluxet eta Joxemi Zumalabe ere gazterik. Eta Joseba ere sasoiko joan zaigu. Aizkorri bezalaxe, naturaren mirari bat izan zen. Haren indarra, haren kemena eta haren karisma, egokitzeko zuen ahalmena izugarriak ziren. Kultura eta enpresa lotu zituen. Kultur zerbitzuari eskaini zizkion dirua eta bizia. Lankide eraginkorrez inguratzen asmatu zuen. Mikroak eta kamerak ez zituen maite, baina lan izugarri bat utzi du. Baina bere obra baino garrantzitsuagoa izan da pertsona bera. [...] Aiora, Oihane eta Marijori barkatzeko eskatu behar diegu eta eskerrak eman, haiekin igaro behar zituen ordu asko Josebak guri eman zizkigulako» (Joan Mari Torrealdai).

«Ia ez diagu gehiago bilerarik elkarrekin egingo. Ia ez gaituk elkarrekin Aizkorrira joango eta bidean ez didak galdetuko, udaberria bada, Aierdi aldean zizarik badagoen edo udazkena bada, Murgizelai aldean basakanik baden, patxarana egiteko. Ez haiz gehiago etorriko kinto bazkarietara, baina gaur bezala haizea egiten duen bakoitzean, 'Joseba oraindik bizi duk' pentsatuko diat nirekiko» (Joxan Ormazabal).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.