Kooperatiba eredu herritarra vs elitekoa

2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Arizmendiarrieta zena mundu guztiak ezagutzen du, eta beato-gai ere bihurtu dute jada; ostera, Andoni Esparza, Funcor kooperatiba sortu zuena Euskal Herriko nazio-proiektu gisa, oso gutxik baino ez du ezagutzen. Elorriokoek eta markinarrek bai, baina gainerako jende gutxik Euskal Herri zabalean; eta beato-gai izatetik zeharo at utzi dute, jakina.

Duela hilabete, ekainaren 4an bai, bailara horretako ehundik gora lagun bildu ziren, Andoni eta bere kooperatiba-eredua gogoratu eta omentzeko; neu ere tarteko, gogoz eta pozik. Julia Itoiz iruindarrak, euskara fin-fin ikasten dabilenak, bere liburua aurkeztu zigun (La otra experiencia), zeinetan Andoni Esparzak fundatu zuen eredu herritarra azaltzen den zehatz-mehatz, Arizmendiarrieta jaunaren ekonomia-ereduaren aurrez aurre.

Izan ere, Arrasateko MCC kooperatiba sortu zuen Arizmendiarrieta jaunak argi eta garbi zehaztu zuen bere eredua: «Langile onak, maila bikainekoak sortzea». Eta kito. Zeri begira edo zertarako, ez zuen aipatu: «Kalitatea izango da errentagarritasunaren bermea».

Andoniren proiektuak, ostera, herri osoa zeukan xede, bertako bailarako populutik hasita. Zera esaten zuen: «Euskal Herria pobrea izango da, baina euskal herritarrak dira altxor».

Pentsaera horrekin, Andoniren kooperatiba-eredu herritarrak enpresa-politika bakana eraiki zuen (estatu osoarekiko bakana), Funcor fundizio-enpresa horretan islatua.

Andoni Esparzaren ekimena herritarren ezagutzan eta heziketan oinarritu zen, euskal hizkuntza eta kulturari protagonismo zentrala eskainiz, Iñigo Agirre, Elorrioko semeak eta Mikel Onaindia durangarrak azaldu zigutenez. Andoni Esparza jaunak, euskal sozialista talde bateko partaidetzatik zetorrenez, langileriarekiko ikuspegi zorrotza zeukan gogoan. Hartaz, herri langileriaren kultura eta heziketa jotzen zuen ezinbesteko. Bizitzako esparru guztietan, salbuespenik gabe.

Horrela, adibidez, Euskaldunen Eskola ireki zuen Elorrion 1958an, frankismoaren garai gogorretan, ezin ahaztu. Eta Funcor Ikastetxea 1967an, 25 ikasle-edo Batxilergo mailan hezteko. Hori izan zen, gero, Eibarko Lanbide Eskolaren hazia. Era berean, 1966an, orduko 3.500 pezetako bekak atera zituen, herriko ikasleek hiru urtez ikasten jardun zezaten.

Horrez gainera, 1964-65 hartan Elorrioko Eskola Experimentala muntatu zuten, Andoni Sistiaga eta Jorge Oteiza bera ere partaide zirela. Pintura eta eskulturaz gain, lehen euskal zinearen urratsak eman zituen (gogora Amalur antologikoa). Eta izen handiko artista mordoxka iragan zen eskola hartatik: Ibarrola, Fuldain, Iñaki Landa, Bergara, Hualde, Arriola...

Bada, Eskola Experimental hartako ikasleak Bilbon azterketa egitera zihoazenean, zera esan omen zuten Bilbokoek: «Ya vienen los soviéticos». Eta beti nota onak eman behar sobietar haiei.

Beraz, urte gutxitan eta eremu mugatua gauzatu arren, egiazko Eskola Popularra izan zen hura, gai eta eduki anitzez osaturiko hezkuntza-eredua, globala bezain herritarra era berean. Aniztasun horren isla gehiago: Txirrindularitza Eskola. Rikardo Arregik azaldu zigunez, garai haietan txirrindularitza zaletasun handia zegoenez, ziklista elkarteak sortu zituzten, Sociedad Ciclista Mungia eta GAT. Uriona izan zan hainbat lehiaketaren garaile.

Rikardo Arregik «61-62ko denboraldi» bikaina aipatu zuen. Gogora, Urionaz gain, Jesus Loroño Larrabetzukoa, Barrutia, Carlos Etxebarria... eta hortik geroago Marino Lejarreta berriztarra-eta. Funcor Taldea sortu zuten, beraz, eta euskal ziklistek arreta izan zuten munduko ziklista zaleen aldetik, ospe hura are gehiago nabarmendu zelarik ondorengo KAS eta Euskaltel taldeen kanpainekin, Tourrean, Giroan eta gainerako karreretan.

Azkenez, bilera honetako azken parte-hartzaile Jabier Lertxundi enpresariak bere liburu «polemikoa» aurkeztu zuen: Funcor eta Mondragon, bi kooperatiba eredu kontrajarriak. Lertxundi jaunak bi eredu horiek alderatzen ditu: bata, Funcor, autogestio horizontalean eta proiektu abertzalean oinarritua, Andoni Esparzarena. Bestea, aldiz, Arrasateko MCCk islatzen duena, Arizmendiarrietarena: teknokrazian eta erreformismo teknokratan oinarrituta, diru handikiena... eta Espainiako politikari handikiena, Eliza Katolikoaren bedeinkapenarekin.

J. Lertxundik, mihian bizarrik gabekoa izanik, gogorarazten du Lauzirika monsinorearen babesa. Lauzirika artzapezpikuarena, bere buruaz esan zuena lekuko: «Ni Francoren Erregimenaren gudari naizen honek...». Eta erregimen frankista hartako beste zenbait teknokrata inpresentableren babesa, tartean Carrero Blanco bera. Gogoratu behar da, dena dela, garai zailak zirela haiek. Gogoan dut talde txikienak antolatu ahal izateko ere Espainiako Falangeren izenean behar zuela.

Egoera orokor horren esparruan, argi dago Andoni Esparzaren ekimenak Sistemaren aldekoen amorrua sortu zuela. Eta amorru horrek pikutara bota zuela esperimentu bakan hura, eta lehenik eta behin, Andoni bera. Laboral Kutxa sartuz geroztik leherrarazi zuten ekimen bakan hura: euskal lurraldetasuna eta naziotasuna xedetzat zuena.

Lehenbizi buloak, jakina, ondo dakigu Ilun Semeen estrategia. Andoni diruarekin gelditzen zela. Eta gero eta difamazio gehiago, sistema zaleen eskutik, nahiaz Espainiako Erreinuan eroso bizi gura zutenen aldetik. Badakigu zein taktika ankerra erabili ohi duten: bertsio bakarra, zentsura, inkisizioa, hedabide mertzenarioak...

Kontua da Andoni betirako erauzi zutela bere lurzorutik, bere proiektu maitetik.

Ez, hala ere, Elorrioko bilerara etorri zirenen oroimenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.