Inpunitateari stop!

Xabier Barber eta beste
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Duela ia bi urte, 78ko sanferminetako gertaeren berrogeigarren urtemuga ospatzeaz hitz egiten hasi ginenean, ez genuen pentsatu zirriborratzen ari ginen kanpainak horrelako parte-hartzea izanen zuenik. Ondoren, ideia orokorretatik diseinu zehatzera pasatzerakoan, «sanferminetako eskalera» baten antzera izan zitekeela bururatu zitzaigun, 2018. urtea, hilabetez hilabete, zeharkatuta: urtarrila, otsaila, martxoa... eta, horrela, uztail eta sanferminak arte.

Urtarriletik gaur den eguna arte hogeita hamar jarduera baino gehiago burutu ditugu: dokumentalak, mahai-inguruak, filmak, erakusketak, antzerkia, hitzaldiak, horma-irudiak, argitalpenak, kontzertuak, flamenkoa, bertsolaritza... Azken finean, memoriaren gaiari eta zigorgabetasunaren salaketari hainbat ikuspuntutatik ekin nahi izan diegu. Talde eta publiko mota guztiengana iritsi eta haien engainamendua lortzea zen xedea. Jarduera horietan bederatzi mila lagunek baino gehiagok parte hartu eta gure agiria ehunetik goitik kolektibok sostengatu izanak erakusten du hartutako erabakiak harrera ona izan duela.

Kanpainaren helburu nagusietako bat izan da ezarritako ahanzturarik erreskatatzea 1978ko sanferminetan Iruñeko herritarren kontra burututako erasoari buruzko egia. Harriturik gelditu gara erailketa hura estaltzeko erabili duten errauts-geruzaren azpian txingar asko geratzen zela ikustean. Eta haren gainean hats pixka bat emanda, hausbero horretatik sugarra sortu da, isildutako memoriari argitasuna eta berotasuna eman dizkiona. Orduan nozitutako basakeria polizialaren oroitzapenak bizirik jarraitzen zuen jasan zutenengan, eta ondorengo belaunaldiei transmititua zieten.

Azpimarratu behar dugu erakundeengandik hartutako sostengua. Aurreko hamarkadetako arbuioa, baztertzea, isunak eta kolpeak, sostengu eta konpromiso bihurtu dira orain. Iruñeko Udalaz, Foru Parlamentuaz eta Nafarroako Gobernuaz ari gara. Bereziki garrantzizkoa izan da lehendabizikoak Egiaren Batzordea eratzeari emandako sostengua, 1978ko sanferminetako gertaeren inguruko irizpena egin zezan. Egun buruturik dago. Orobat, parlamentuak Barne Ministerioari haiei buruzko dokumentazio guztia desklasifikatzeko eskakizuna onetsi izana eta Nafarroako Gobernuak gure ekimenei behin eta berriro emandako sostengua. Azkenik, hainbat talde politikok Espainiako Kongresuan zein Europako Parlamentuan aurkeztu ditugun ekimenei sostengua eman diete.

Baina dena ez da pozgarria izan. Sumindu egiten gaitu ikusteak estatuko zenbait erakundek (gobernua, epaileak, kongresua), basakeria haren erantzule zuzenak edo gaizkide izan zirenek, erailketa haren gaineko zigorgabetasuna babesten jarraitzen dutela. Barne Ministerioaren txostenak badirela ukatzeak, Kongresuko Aldizkari Ofizialean bertan ebidentzia dagoenean, Foru Parlamentuak dokumentuak desklasifikatzeko eskaera errefusatzeak, edo orduan ireki ziren sumario judizialak eskura daitezen eragozteak, begi bistan uzten dute urte haietan galdatutako haustura demokratiko higieniko hura konpondu gabeko arazoa dela gaur egun ere.

Berriro frogatu dugu hirurogeita hamarreko hamarkadan hilzorian zegoen erregimen haren eta gaurkoaren artean lotura garrantzizkoak indarrean daudela. Ez gara hori agerian uzten duen kasu bakarra. Badira kasu gehiago: Altsasuko gazteen kasuaren inguruan izan den amarru mediatiko, polizial eta judiziala, Kataluniako prozesuaren aurka eragindako neurosi errepresiboa, euskal preso eta haien ahaideen kontrako mendeku politika, frankismoaren erailketak epaitzeko urratsik txikiena ere emateko ukapen bizia... Egia, justizia eta ordaina lortzeko eskakizunak elkartzen gaitu egun benetako demokrazia eta justizia galdatzen duten ororekin.

Gauzak horrela, berrogeigarren urtemuga kanpaina soil batetik harago joatea nahi dugu, kanpaina berez garrantzikoa bada ere. Inflexio puntua izatea nahi dugu. Isildutako memoria erreskatatu eta zabaltzea nahi dugu, estalitako egia ahazmenetik atera, baina, aldi berean, salaketa hutsetik harago joan gogo dugu. Ez dugu egia nahi apalategi edo liburutegietan giltzaperatzeko. Hori guztia jasota gelditzea nahi dugu, jakina, baina ez dugu atzerantz bakarrik begiratzen, nagusiki aurrera, etorkizunera baizik. Gure lana bideratuko dugu egia horrek justiziari ateak irekitzeko, eta justizia horrek ordainari bidea eman diezaion. Hori da gure helburua.

Jakin badakigu sanfermin haietan gertatutakoa. Berriro ere berretsi du Egiaren Batzordeak Udalari eta Nafarroako, Estatuko eta Europako talde politikoei aurkeztutako irizpenean. Hura aldez aurretik pentsaturiko jarduna izan zen, ez ustekabekoa. Estatuaren aparatuek planifikatu eta gauzatutakoa. Martin Villaren Barne Ministerioak boikotatutako instrukzio judiziala urria, aurreko guztiaren nahietara egokitua eta harekin konplizea izan zen. Erailketa hari dagokionez, zigorgabetasuna izan da nagusi. Eta horrela gaur arte.

Joan den ekainaren 29an inauguratutako eskultura, Dora Salazarrek egina eta kaleko diru-bilketaren bidez ordaindua, indarkeria polizial hura nozitu zuten ehunka lagunen izenez estali da. Erasoa eta mutilazioa jasan zituen Iruñea hura islatzeaz gain, belaunikatu ez, baizik eta zutik eta tente mantendu den jendearen duintasuna ere irudikatzen du. Eta besten bihotzean bortxatua izan zen hiriaren memoria izanen da, Fermin Balentziak Germani eskainitako kantuan dioen bezala, zauriturik baina adoretsu jarraitzen baitu.

Heldu den uztailaren 8an nahi dugu programaturiko ekitaldiek, eta, batez ere Udaletxe plazan, 13:00etan, eginen den elkarretaratzeak biderka dezatela orain arte ezagutu dugun parte-hartzea. Eta, uztailaren 6an txupinazoak bestaren eztanda iragartzen duen bezala, nahi dugu toki horretan bertan, uztailaren 8 hartan erasoriko Iruñearen bihotzean, sekulan galdu ez den duintasun txupinak eztanda egitea. Udazkenetik aurrera duintasuna ekimen sozial, judizial eta instituzional berriek elikatuko dute, bai Nafarroan bai estatu eta nazioarte mailan. Albait lasterren «dianek askaturiko karriketan barna berriro jo dezaten».

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Helena Bengoetxea, Xabier Diaz, Ramon Contreras, Sabino Cuadra, Miren Egaña, Odei Garcia de Azilu, Mikel Juriko, Amaia Kowasch, Ruben Marcilla, Fermin Rodriguez, Antonio Salinas, Josu Txueka, Piru Zabalza eta Presen Zubillaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.