Migrazio krisia? Zer ezkutatzen diguten, eta zergatik

2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Iritzi publikoa kontrolatze aldera, klase menderatzaileek betidanik erabili izan dute desinformazioaren tresna: hau da, informazio desitxuratua eta bigarren mailakoa zabaltzea, eta, behar izanez gero, baita gezurra esatea eta sekula gertatu gabekoak asmatzea ere. Diskurtso mediatiko menderatzailearen funtzio hori «krisi» garaietan azaleratzen da batik bat, tentsio handiko aldietan eta gizartean eragin handia duten egoeretan.

Immigrazioaren gaian, ikusita Afrikatik milaka lagun datozela etengabe eta egoera tamalgarrian, oso informazio azalekoa eman digute —onenera jota—, izugarrizko zaparradan eman ere; esate baterako, erakutsi dizkigute txalupak jitoan, itsasontziak portuetan blokeaturik, GKEen lana eta ehunka afrikarren aurpegiak, guztiak «lur agindura» iristeko irrikaz. Halaber, komunikabide handiei ez zaie ahazten guri jakinaraztea beste dozenaka milaka lagun daudela zain Maroko iparraldeko mendietan, «Zibilizazioari» noiz oldartuko prest. Horrela funtzionatzen du kontuak: lehenik, beldurra sartzen dizute, eta, gero, haien politikak irentsarazi.

Baina zer ezkutatzen digute? Eta zergatik? Erraza da: ez dute nahi guk giza exodo honen sakoneko arrazoien berri izaterik, arrazoiok zuzenean lotuta baitaude Iparraldeak Hegoaldeari ezarria dion menderakuntza harremanarekin, lanaren munduko banaketarekin. Kontua da Europak kontrolatzen duela Afrikaren patua betidanik; kontrolatzen duela zer-nolako ekonomia garatu behar duen, eta zer gizarte eredu ezarri. Eta, jakina, guztia tinko lotzeko, Europak kontrolatzen du Afrikako botere politikoa. Zuzenean kontrolatzen zuen kolonizazio armatuaren garaian, eta oraindik ere halaxe egiten du, herriaren borondatearen aurka ezarritako gobernuak manipulatuz; izan ere, 60ko, 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetan, Europak, esku hartze militarren eta estatu kolpeen bitartez, asmo guztiak suntsitu zizkien Afrikako gobernu progresistei, zeinak Afrikako nazio askapenerako borrokaren ondorioz sortu baitziren eta herrialdeon independentzia politiko, ekonomiko eta kulturala erdiestea baitzuten helburu.

Zuetako inork ezagutzen al du Thomas Sankara (Burkina Faso), eta Mehdi Ben Barka (Maroko), eta Patrice Lumumba (Kongo)? Afrikako liderrak ziren, guztiak Frantzia, Belgika, AEB eta Israelgo zerbitzu sekretuek zuzenean erailak. Nork kontatuko dizu zuri atzerriko esku hartzeen ondorio ziren estatu kolpeetan hil zituztela 1963tik 2011ra eraildako 22 presidente afrikarretatik gehienak?

Afrikaz hitz egiten dugunean, beti etortzen zaizkigu burura gosetea, barne gerrak, paterak eta gaztez betetako itsasontziak, baina sekula ez kontinentearen aberastasun izugarriak. Sekula ez gara mintzatzen merkataritza askeko akordio deiturikoez; Europako Batasunak diseinatu eta ezarri zituen, eta haien helburua zen Afrikako baliabide natural eta humanoak erauzi eta esplotatzea, hartara herrialdeok muga zergarik gabeko merkatu soil bihurtu eta bertako ekonomia erabat babesgabe uzteko. Izan ere, bertako ekonomiak asko sufritu du, eta oraindik ere sufritzen du gerra ekonomiko isil honetan, non eragotzia baitauka garapen iraunkor oro; hala, ezin die era independentean erantzutea barne kontsumoaren egiazko beharrei. Horregatik joan behar izan dute milioika afrikarrek beren lurretik.

Adibiderik nahi? Har dezagun Afrikako herrialderik gertukoena: Marokok, 60ko hamarkadan, ez zuen garia kanpotik ekarri beharrik. Orain, aldiz, oinarrizko elikagai horren hornidura nazioarteko merkatuaren mende dago, hein handi batean. Garai batean garia lantzen zuten lursailetan laranjak eta barazkiak lantzen dira gaur egun, europarrek kontsumi ditzaten. Era horretako laborantzak oso zabalduta daude Agadir eskualdean; garai batean, eskualde horrek erruz zeukan lurpeko ura, eta komunitateek erabiltzen zuten nekazaritza tradizionalerako. Alabaina, monolaborantzaren eta neurrigabeko esplotazio basatiaren ondorioz, gaur egun 250 metro zulatu behar da lurpetik ateratzeko; lehen, aski zuten 50 metro zulatuta. Egun, Marokok bost kilo tomate esportatu behar ditu kilo bat gari erosteko.

Afrikako lurrak Europako mahaiak betetzeko lantzen dira, eta Mendebaldeko industriak merke-merke «erosten» ditu hango mineralak; halaber, Afrikako ekonomiak oinarrizko elikagaien premia aseko badu, nazioarteko merkatuen mendeko izan beharra dauka, enpresa multinazionalen —are, multikolonialen— neurrira egindako merkataritza itunen ondorioz. Eta horri guztiari ingurumenaren higadura eransten badiogu, bada, imajina dezakegu zeinen basatiak diren politika horiek, itun horiek, faltsuki merkataritza askeko deituak; izan ere, EBk —itunkide dituen herrialdeak ez bezala— oraindik ere babestu egiten du bere ekonomia, hainbat modutan.

Europak zergatik defendatzen du salgaien zirkulazio askea eta aldi berean mugak ixten? Kontraesan horrek islatzen du EBren hipokrisia sistema kapitalistaren erdigune gisa. Batetik, bere politiken ondorioak ezkutatzen ditu, eta, bestetik, pobrezia eta etsipena sortzen —etortzea galarazten baitie errefuxiatu eta migratzaileei—, atzerritarren lege hilgarriak ezartzen, hesi zorrotzak jartzen, mugak kanpora ateratzen, mafiak eta gerrako jaunak finantzatzen, CIEak irekitzen eta atxikitze zentroen politikari eusten, zentrook Afrikan ezarrita, urruti, eskuak ez zikintzeko. Ez litzateke harritzekoa berandu gabe genozidioaren antzeko formak erabiltzea.

Egungo Europak bereari eutsiko dio. Badaki-eta oraindik ere milaka gazte iritsiko direla eta beste milioika gaztek dutela joateko asmoa, Afrikak ez baitu beste modurik «presioa» egiteko, esateko mundu honek aldatu beharra duela, oreka hau hautsi behar dela.

Eta, tragedia hori guztia ikusirik, Bilboko zenbait agintariri ez zaie beste ezer bururatu alarmak piztea baino, eta estatistikak ateratzea, mafiak bilatzea, eta, batez ere, kostua kalkulatzea: zenbat esne tanta kontsumituko dituzten, zenbat galleta... «Dei efektua» kontuan izan behar baita; bestela, mundu guztia hemen geratuko da azkenean. Giza miseria!

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.