Konstituzioa eta itxaropen zapuztuak

Paco Letamendia 'Ortzi' - Abokatua

2018ko abenduak 15
Nik 1977-1978 aldiko Kongresuan ordezkatu nuen euskal herriaren sektorean, eszeptizismo handia zabaldua zegoen Konstituzioari buruz 1978ko maiatzean hastekoa zuten eztabaidaren emaitzen inguruan, nahiz eta bazen artean ere itxaropen hondarren bat (ñimiñoa izanagatik). Interesgarria iruditu zait orduko aldarte hura ispilatzea hemen, hitzez hitz aldatuz eztabaida haien hasieran —1978ko maiatzean— egin nuen mintzaldiaren zatietako batzuk; uste dut orduko edukia oraindik indarrean dagoela funtsean, eta agerian jartzen duela orduko itxaropenak ezinago modu krudelean zapuztu zirela.

«Estatuko herrien arteko harremanen oinarri konstituzionalak jartzekoak diren honetan, niri egokitu zait estatuko herrietako baten izenean hitz egingo duten ahotsetako bat izatea, euskal herriarena, eta, haren barruan, traumarik eta eskarniorik gehien eragin zaion sektore batena: sektore horrek ezin izan ditu ahantzi gerra osteko izugarrikeriak, berriturik ikusi baititu haren ondoriozko heriotzak, torturak, erbesteratzeak eta kartzelatzeak, duela 10-5-2 urte; are, zenbait kasutan, duela zenbait hilabete, bai eta duela aste gutxi ere».

«Sektore hori iraganaren lazturan eta orainaren atsekabean bizi da; horrexegatik da, baina, etorkizunaren itxaropena. Izan ere, herriaren parte horrek askapen nazionala gura du, eta ikasia du sozialismoa desiratzen, bai baitaki bata ezinezkoa dela bestea lortu ezean. Ez ezazue uste izan Estatuko Konstituzio ororen kontra dagoenik a priori. Ez dago, ez, bai baitaki konstituzioek berekin ekarri izan dutela aurrerabidea gailentzea erreakzioari; hain zuzen ere, ez da konstituziorik izan legitimazio iturri gisa indarra baino erabili ez duten estatuetan, estatu faxistetan, Francoren Estatuan».

«Eta ez dago kontra, hain zuzen, herriaren sektore hori ez dagoelako hertsiki itxia bere zoriaren baitan; aitzitik, interesatua dago Estatuko gainerako herrien zoriaz ere. Horregatik gura du Konstituzioan jaso beharreko printzipioek —askatasun demokratikoen lagin zabal bat eta autodeterminazio eskubidearen aintzatespena— ez diezaiotela eragin soilik berari, baizik eta baita gainerako herriei ere».

«Gaur hasten den eztabaida honetan, ahotsa izan nahi dut, ez soilik botoa eman didaten horiena, baizik eta baita Estatuko parlamentuan ordezkaritzarik ez duten gainerako indar iraultzaile guztiena ere; parlamentuaz besteko ezker horrena, zeinak herriaren askatasun demokratikoetan sakondu nahi baitu eta herrien autodeterminaziorako eskubidea errespetatzen baitu».

«Badakit nire ahotsak aldeko oihartzuna izango duela Katalunia, Galizia eta Kanariak nazio haurrideetako sektore batzuetan, eta iradokizunak egin diezazkidaten nahi dut. Bidaide izan nahi ditut, halaber, Espainiako sektore marjinatuak, preso sozialena; etnia komunitate jazarriak, ijito eta kinki-enak; gizarteak lehenik bereizi dituen eta gero eskarnio egin dien eta esplotatu dituen emakume horiek, prostitutak; ingurumenaren aldeko ekologisten komunitatea».

«Autodeterminazioaz hitz egin dut arestian. Eta, egiaz, oinarrizko eskubide demokratiko bat da, eta, hori gabe, guretzat, Konstituzioak ez du inolako zentzurik herrien arteko harreman esparru gisa. Eskubide hori aitortuz gero, demokrata batek bi aukera balia ditzake: Estatu berean irautea, edo independentzia. Baina demokrata batek ezin dio uko egin, inolaz ere, aukeratzeko eskubidea bera existitzeari; izan ere, herri bati bere buruaz erabakitzea eragotziz gero, konstituzio harremanak ez dira oinarrituko askatasunean eta herrien elkarrekiko errespetuan, baizik eta inposizioan.

«Hizketan ari naizen bitartean, zuetako asko pentsatzen arituko zarete nik independentzia hautatuko nukeela. Zuzen zabiltzate. Nik euskal nazioaren independentzia aldezten dut. Eta hitzean bertan tematuta nago: independentzia. Euskadi (gaur, Euskal Herria) ez da eskualde bat guretzat, ezta nazionalitate bat ere; nazio bat da, bi erditan zatituriko nazio bat: Espainiako Estatuan dagoena bata, Hegoaldea, eta Frantziako Iparraldean dagoena bestea, Iparraldea».

«Baina ez zaitezte okertu. Hori defendatzen dugu, hain zuzen, sozialistak garelako; klaseen gizarte baten kontra borrokatzen garelako, eta bestelako gizarte baten alde borrokatzen, esplotatzailerik eta esplotaturik gabeko estatu baten alde. Eta, guretzat, kapitalismoa baino ez da mendekotasun faktorea, herri batzuek beste batzuen mendeko izan behar izatearen arrazoia, eta herri beraren barruan gehiengo batek gutxiengo baten mende egon behar izatearen arrazoia. Izan ere, independentziaren aldeko borroka ez da herri batek beste baten kontra egindako borroka, baizik eta herri guztiek kapitalismoaren kontra egindakoa, arerio komun duten horren kontra».

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna