Honek dena aldatu beharko luke

Joxe Iriarte 'Bikila' - Alternatiba

2018ko abenduak 29
Urte dezente igaro dira Ramon Fernandez Duranen Kapitalismo globalaren porrota eta Antropozenoa irakurri nituela, lagungarriak borrokalari eta pentsalari nekaezin baten azken ekarpenak bizi dugun mundu petral honen nondik norakoak hobeto ulertzeko. Metodologia zorrotz eta zehatz erabiliz, erakusten digu kapitalismo globalak talka egin duela biosferarekin, zuzen-zuzenean goazela amildegira, kapitalismoa ez badugu beste sistema batez ordezkatzen.

Datuak hor daude: berotegi efektua jadanik ukaezina da. Hala ere, CO2 isurketa hazten ari da etengabe. Azken ehun urtean aurreko gizaldi guztian baino energia gehiago xahutu da; biomasaren %40 ustiatu da; bioaniztasunaren %30 galdu da; ur emarien kutsadura larria da... Horren guztiaren atzean zer dago? Besteak beste, metropolien zabalkundea, nekazaritza intentsiboaren hazkundea edota industriaren garapen jasanezina.

Bukatu berri dut Naomi Kleinen This Changes Everything liburua (Honek dena aldatzen du). Fernandez Duranen ildo beretik, argi eta garbi adierazten du aldaketa klimatikoari aurre egiteko denbora agortzen ari zaigula, urrats sakon eta erradikalak egin ezean. Kleinek ez du erabiltzen iraultza bezalako terminorik, ezta ere zer-nolako gizartea beharko genukeen (esaterako sozialista); baina oso garbi adierazten du kapitalismorekin bukatu egin behar dugula, berau baita planetaren etsairik handiena. Ia urtebete kostatu zait 600 orriko lan bikaina irakurtzea. Liburuak planetaren egoera tamalgarriaren makina bat datu ematen ditu; alternatibak non bilatu saiatzen da, eta, batez ere, munduan zehar gauzatzen ari diren erresistentzia mota desberdinak azaltzen ditu, horien artean, jatorrizko nazioen biziraupenerako ura, haizea eta lurra babesteko borroka moldeak. Irakurketak sortzen zidan neke eta ezinegonak atsedena bilatzera behartzen ninduen. Liburu gutxi izan zaizkit hain nekagarriak (Marxen Kapitala tartean). Ez irakurtzeko zaila delako, alderantziz: esango nuke prosa eder eta irakurterrazean idatzia dagoela. Kontua da, ia kapitulu guztietan, nire buruan entzuten nuela duela 100 urte Rosa Luxenburgok egindako aldarria: «Sozialismoa edo basakeria!»

Bai, aldaketa klimatikoak dena aldatu beharko luke gure jardueran. Askok katastrofistatzat edo muturreko iritzitzat joko dute; nik ez. Izan ere, estreinako alarma deiak egin zirenetik 30 urte galdu dira alfer-alferrik. Eta, zoritxarrez, mundua gobernatzen dutenen aldetik ez da ikusten norabidea aldatzeko zantzurik. Stockholm eta Cancungo Klimaren goi-bileretan gertatutakoa tamalgarria izan bazen (zer esanik ez Pariskoa), istripu nuklearren inguruan marka guztiak gainditu dituzte.

Eta Katowiceko (Polonia) COP24ko bilerak aldaketa klimatikoari nola egin aurre zuen helburua, baina, berriz ere, antzua izan da. Denbora galtze larria, denbora agortzen ari zaigun honetan. Parisen duela hiru urte hitzartutako konpromisoak (tenperaturaren igoera 2 gradura mugatu behar dugula) betebeharreko arauak eta tresnak zehaztu zituen, baina ez nola gauzatu. Eta ez da zehaztu, halaber, aldaketa klimatikoa gehien jasaten ari diren herri txiroekiko laguntza.

Beraz, estatuak, kapitalaren morroiak, ez dira gai errekinen kontrol gabeko xahutzeari aurre egiteko; ezta ere, trantsizio moduko bide bati ekiteko. Frantzian ikusten ari gara hartzen ari diren neurri eskasak herritarren gainetik hartu nahi dituztela...

Gurean, berriz, instituzioetatik ohiko jarrera da nagusi: gauza bat esan eta bestea egin. Eusko Jaurlaritzak izugarrizko propaganda egiten du eredu sustengarri baten alde; baina, aldi berean, AHTa, errauskailua, fracking-ari bide emateko prospekzio lanak eta abar bultzatzen ditu. Automobilaren industriaren inguruan, gainera, norabidea aldatzeko funtsezko planteamendurik ez dago, automobil elektrikoak pagotxa berria dirudiela. Eta gizartea, Eguberrietako kontsumo mozkorraldian murgilduta.

Ezkerra oro har kezkatuta dabil, baina ez nago ziur konturatu den «aldaketa klimatikoaren» inguruko bataila dela bataila guztien ama. Eta galduz gero, jai dugula.

Naomi Kleinen iritziz, munduan egon dira aldaketa nabarmenak gizakiaren onerako, esate baterako, esklabotzaren desagerpena, erakunde demokratikoak; baina inoiz ez omen da gauzatu aldaketa nabarmenik ekonomia arloan, eta horrek endekatzen omen du egungo egoera tamalgarria. Ez du aipatzen, behintzat, Errusiar Iraultzan aldaketa hori gauzatu zela nahiz eta denboraz hutsala bihurtu, kapitalismoaren produktibitatea imitatu zuelako naturaren mugak kontuan hartu gabe. Agian horregatik ez du aintzakotzat hartzen adibide hori. Kontua da, gaur egun, emantzipazio osorako kolore anitzeko borroketan sartuta gabiltzala, denak beharrezkoak edo, beste modura esanda, bata bestea baino garrantzitsua sufritzen dutenen ikuspuntutik bederen. Alabaina, mosaiko horren zimendua antikapitalismoa da, ez klase borrokak besteak baino garrantzi handiago duelako, aitzitik, kapitalismoa delako zapalkuntza guztietan presente dagoen osagai toxikoa. Kapitalismoa, merkatu ekonomia edo dena delakoa, lurra xahutzen eta kutsatzen duen ekonomia, hitz batez esanda.

Antropozenoak bizi gaitu. Ezkor egoteko arrazoi asko daude, baina ezin dugu etsi. Walter Benjaminek zioen ezkortasuna antolatu egin behar dela. Aspaldi konbentzitu nintzen ezkortasun aktiboa dela (haserretu gaitezen!) baikortasuna garatzeko modurik inteligenteena. Zer eginik ez dagoela dioenaren aurrean, dena egiteke dugula diot nik. Edo ezina eginak egina.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna