Plaza hutsa

2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Agortu berri den urte honetantxe bete dira Txabi Etxebarrieta eta Jose Miguel Beñaran Argala erail zituztela 50 eta 40 urte, hurrenez hurren, patuak hala erabakirik, ziklo politiko bati epilogoa idatziz ETA desegin den urte berean. Garai ona 60 urteko ziklo historikoan begirada pausatzeko, errelatoaren borroka deitu den moralkeriaren eta zinismoaren lokaztitik atera eta ziklo politiko itxi berriaren argi-ilunak sakon aztertzeko. Begirada pausatu eta geure baitaratu, kanpoan erreferentziak bilatzen hasi orduko badugu eta zer ikasi azken hamarraldietako esperientziatik.

Izan ere, Euskal Herria gai izan da gizarte zibil antolatuaren ekimenez premia sozial oinarrizkoei erantzun berritzaileak emateko. Herrigintzaren ikuspegitik ziklo politiko honek kapital izugarria metatu du, pentsamendu eta praxi dentsitate handia, oraindik ere behar besteko arretaz aztertu ez duguna eta bere neurrian baloratzen ez dakiguna. Kontzientzia falta hau are larriagoa da interes partidista epe motzekoek herri ikuspegi beregaina lausotzen digutenez gero. Krisi askotarikoaren XXI. mende globalizatuak Euskal Herriaren oinarri material eta kulturalak disolbatuko ez baditu, ezinbestekoa zaigu epe ertain-luzeko analisi estrategikoa, eta gaude etorkizuneko herrigintzaren gakoetako asko geure baitan daudela.

Zerk ekarri du herrigintza ziklo hau, edo zein izan da ziklo honen erregaia? XX. mende erdialdean Europan gertatu zen modernizazio-jauzi kualitatiboari —historiaren azkartze faseari— eman zitzaion erantzun ideologiko berdinzale-utopikoaren eta euskal nazioaren defentsaren uztarketak —ezker abertzalearen tradizio politikoan Txabik eta Argalak garaiko material ideologikoarekin teorizatu zuten horrek—. Eta non utzi gaitu? Noiz agortu da erregai hau? Bada, hain zuzen, historiaren azkartze fase berri batean, modernizazioaren jauzi kualitatibo berri baten atarian.

Jauzi berri bat ez dakigu nora. Kapitalismo global finantzarioak krisi sistemikoak jotako mundua utzi digu: Metabolismo sozialaren etengabeko hazkundean oinarritzen den modernitate kapitalistak planetaren muga biofisikoekin egin du topo; aberastasunaren metaketa hazkorrak eta demokraziaren pribatizazioak ongizate estatuak ihartu eta mediazio egitura liberalak auzitan jarri ditu; eta nazio-estatuen higadurak krisi kultural bat gehitu du, merkatuaren eta estatuaren gaineko kontrol ezak sortutako identitate galeraren ondorioz. Espainia eta Frantzia, behiala nazio-estatu indartsuak izan zirenak, potentzia ekonomiko mundialak eta modernitatearen ikurrak, krisi larrian aurkitzen diren sistema politikoak dira egun. Kaosa ortzimugan ziurgabetasunez eta arriskuz jositako aro berrian.

Testuinguru historiko hain konplexu honetan, azelerazio historiko baten zurrunbiloan, premiazkoa zaigu herri gisa antolatzea. Gure bizitzen eta lurraldeen gaineko erabakimena da krisi-aro honetako borroka fronte nagusia. Andoni Olariagak esan legez, zer ari dira aldarrikatzen, funtsean, gaur egun, mugimendu sozial eta herritar eraldatzaile emantzipatzaileak? Transbertsala den ideia erradikal eta demokratiko bat: subiranotasuna edo burujabetza. Eta, hain zuzen, euskal burujabetzaren aldeko herri ekimena biziberritzeak soilik eman diezaioke erantzun baikor bat aro honi. Elkarkidetza sendotuko duen prozesuak; eskubide sozialen berme izango den eta gobernantza sistema demokratiko bat egikarituko duen estatu propio baten aldekoak; kontzientzia feminista eta ekologista garatu eta euskaltzaletasuna suspertuko duenak. Prozesu bat Estatus Politiko Berrien bidez burujabetza formala egituratu asmo duena eta egunez egun burujabetza materiala eraikiko duena; izan ere, estatus juridiko-politikoen eskaerak eskutik behar du burujabetza materiala eraikitzea helburu duen herrigintza.

«Egitea izango da egia». Soluziobideak ez dira zerutik jausiko, ezin dugu alderdi abertzaleen arteko adostasunen zain gelditu. Gizarte zibil antolatuaren taupada indartsurik gabe ez dago biderik. Bidea urratuko bada, gizarte auto-antolatuak bere gain sentitu behar du herri proiektu ondo imajinatu bat osatu, defendatu eta ahal den neurriraino egikaritzeko ardura. Euskal belaunaldi berri bati dagokio herrigintza ziklo garaikideari hauspoa ematea.

Hauspoari eragin, iragan ziklo politikoaren inertziak apurtu eta jokaera klientelistak neutralizatu. Serio hartzekoa baita herri gisa ditugun eztabaida urgenteen zerrenda eta kezkagarria oso oinarrizko eztabaida horietako gehienak modu normalizatuan egiteko ditugun zailtasunak. Ausardiaz jokatu eta bide berriak saiatzeko garaia da, euskal lurraldeen biziraupenerako eta herritarren bizitza duinerako behar diren azpiegitura material eta ez-materialak antolatzeko estrategia eta ekintza-ildoen behar urgentea dugu eta.

Krisi-aro honetan herrigintzarako sena birsortzeak ezkerreko independentismoaren lehentasunen agendaren goialdean behar du, zerbait bada, ezkerreko independentismoa herrigintzaren adierazpide ugaritan diharduen komunitate soziopolitikoa baita. Bere kultura politikoaren genoma herrigintzazkoa du neurri handian, nahiz apalaldi batetik datorren. Komunitate honen arnasa behar du euskal herrigintzak eta, aurrez esan bezala, etorkizuneko gakoetako asko geure baitan daude, nondik gatozen begiratu besterik ez dago. Herrigintzak egingo gaitu berriro ere.

«Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean», bada aski esanahi bidea marrazteko. Herrigintzari eskainitako espazioa da Plaza Hutsa, herrigintza pentsatu eta gorpuzteko saiakeran ekarpena egin nahi duena. Ahaldundu, trebatu eta ikuspegi estrategikoak berritzeko espazio kolektiboa, ezkerreko independentismoak herrigintzan egin beharreko ekarpena sustatzeko beste espazio bat. Urtarrilaren 12an Durangoko Landako gunean eta Baionan elkartuko gara Hego eta Ipar, 2019ko erronkak aztertu eta lehentasunezko ekimenak definituko ditugu bertan. Urte berriak herrigintzan harrapa gaitzala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.