Moncloa noraezean

Josu Iraeta - Idazlea

2019ko urtarrilak 9
Azken hilabete hauetan, elkarrizketak ekimen politikorako bitarteko moduan dituen bikaintasun eta dohainen berri entzun eta irakurri dugu fronte eta alde posible guztietatik. Badirudi Kongresuan gehiengo osoa ez edukitzeak agintarien espiritu demokratikoa handietsi egiten duela, demokrazia desitxuratzen duen arrabolaren inposizio iraingarria saihesteaz gain.

Era berean, Aznarren garaian izandako esperientziatik abiatuta, historiak erakusten duen bezala, pisuzko arrazoiak daude esateko gehiengo osoek agindu-buruzagitza ezartzeko plataforma bihurtzeko arriskua eragiten dutela. Hori egia da, zalantzarik gabe, baina egia da, era berean, elkarrizketa metodo gisa erabiltze hutsak, adostasuna bera helburutzat jartzeak, ez duela gizartea askeago egiten, gaur egun Katalunian «sentitzen» duten bezala.

Adostasun politiko horrek, Pedro Sanchezen gobernuaren sinesmen demokratiko eskasa erakusteaz gain, ehunka mila kataluniar esparru politikotik desagerrarazi nahi ditu, XXI. mendeko heretiko bihurtuz.

Inkisizioaren garaian —bost mende igaro dira geroztik— aurkari politikoak harrapatu egiten zituzten, «ezarritako aginteak onartzen ez zituen iritziak defendatzeagatik». Gero heresia leporatzen zieten eta, Inkisizioaren eskuetan utzi ondoren, beldurrarazi eta torturatu egiten zituzten, beren borondatearen aurkako gauzak esan zitzaten. Hori aski ez, gero zigortu egiten zituzten eta horrek, praktikan, existitzeari uztea esan nahi zuen.

Torturari buruzko esaldi hori Inkisidorearen eskuliburuan dator osoki. Bere garaian asko zabaldu zen lan hori eta gaur egun ere indarrean dago.

Egoera ez da berria, orain arte ezagutu ditugun legez kanporatze segidako eta arbitrarioei buruzko erreferentzia historikoak aurki ditzakegu. Inkisidoreak 1528ko martxoaren 30ean ezarritako zedula erreal batean oinarritzen dira. Zedula horren arabera, zigortuen seme-alabek eta bilobek ezin zituzten bete funtzio publikoak ezta profesionalak ere. Horrela zerbitzatzen zuten inkisidoreek «nagusia».

Dagoeneko, eta gaitzesten dutenen eta gaitzesten ez dutenen «lasaitasunerako», komeni da honako esaldi ezaguna gogoratzea, ustez San Agustinek erabilitakoa: «Justiziarik gabe, gobernuak bidelapurreta hutsa dira». Esaldi hori, nire ustez, erabat baliagarria da Estatu espainolean. Eta ez da adierazpen zentzugabea, arrazoi asko baitaude ondorio horretara heltzeko.

Arrazoi horietako bat honakoa da: gobernu bati ahalbidetzea edozein pertsona, indar politiko edota jarduera sozial gizarte demokratikoaren etsai izendatzea, eta eraso bidegabe batez eta legez kanpoko hori bidezko kausa bihurtzea. Gainera, jende guztia behartzen dute horrekin bat egitera, terrorismoari lotuta egotea egozterik nahi ez badute. Horrela bihurtzen dute demokrazia mito, objektiboki ezin baita gerrarik edo aurka egin. Ustezko balore batzuen defentsan egiten dute, baina balore horiei uko egiteko eskatzen dute, aldi berean.

Guztiok dakigu mitoak alegiazko kontakizunak direla, baina badakigu, —era berean— praktikoak eta objektiboak direla. Izan ere, betiko historiak dira, denboragabeak, eguneroko gertaera asko ulertzeko aukera ematen dutenak. Beharbada horren eraginez ezagutzen dugu, —gehiengo zabalak— Greziako mitologia. Baina mitologia ez da iragana bakarrik, eta mito modernoak aztertu egin behar lirateke.

Ikusi beharko litzateke ea zergatik ez duen inork iazko Urriaren 1ean gertatukoari buruzko egia jakin nahi, kontuan hartuta esaldi honekin laburbil daitekeela egoera: «Dena aldatu da». Zentzu metaforikoan, esan daiteke data horretan xalotasunaren amaieraren mitoa sortu zela.

Gertatutakoa laburtuko bagenu demokrazia formal-aren iturri emankorretik bakarrik edanda, data horretatik aurrera, Edeneko lorategiaren bertsio berri eta berrikusi baten aurrean koka gintezkeen, edo Paradisuaren amaieran —jatorrizko bekatua barne— inork ez baitio bere buruari galdetu nahi Mariano Rajoyren gobernua zergatik ahalegindu zen hainbat hilabetez Kataluniako «tentsioa bultzatzen».

Baina urriaren 1etik aurrera —aurreko hilabeteetan bezala— xalotasunaren mitoarekin batera, gobernuaren jokabide bortitzaren benetako arrazoia ere agerian gelditu da: itun zaharkitu, burutu gabe, ahul, esku sartzaile, bidegabe eta eskas baten —Estatutua— joera gainditzeko aukera deuseztatzea.

Horretarako zer hoberik berriro ere jazarpen adostua ezartzea baino. Adostasun hori beldurraz eta espetxeaz elikatzen da. Jazarpen faktore horiekin helburu politiko bat lortu nahi dute: Kataluniak bere osotasunean, bere eskubideak gauzatuz, bere borondatea aske adieraztea, ezinezkoa izatea.

Ildo berari jarraiki, komeni da aztertzea, era berean, nondik ateratzen duten biktimetako «batzuk» mito bihurtzeko ahalmena eta berariazko balorea. Agian prozesu hau, Ifigeniatik, Kristoren garaira arteko historiaren jarraipena da. Hau da, biktimak heroi eta sakrifizio bihurtzen dituen prozesua.

Ezinezkoa da, Pedro Sanchez jauna, muturreko politika liberalak itsuki defendatzea, Burtsaren egoitzara joatea urrezko zekorraren gurtzea zabaltzeko eta kritikarik gabe egokitzea, estatu konstituzionala beren onurarako eta kontrolerako bakarrik diseinatu duten egituretara. Horrela ez duzu zaborra desagerraraziko. Izatekotan, zabor artean bukatuko duzu, edo zabor artean ez bada, zaborretatik nahiko hurbil.

Maquiavelok zioen erregimen demokratiko konstituzionalak oligarkiak direla, funtsean. Argiago esanda, oligarkia plutokratikoak. Eta hori herriaren berdintasun politikoa bermatua egon zitekeela alde batera utzita.

Izan ere, gaur egun gobernatzea ez da beharrezkoa, agindu ahal izateko, nahikoa da eskura telebistako mando guztiak edukitzea, diru eskuragarri asko, enpresa giltzarri batzuen kontrola eta intelektual batzuk soldataren zain.

Horri ustelkeria deitzen zaio, Sanchez jauna. Ustelkeriek erakundeen zimenduak kolokan jarri dituzte Frantzian eta Italian, eta duela zenbat hamarkadatatik etengabeko eskandalua da zuk gobernatzen duzun estatuan.

Egia da ez dagoela zure alderdi edo gobernuarekin bakarrik lotuta, dirua emakumeen eta gizonen aurretik, arlo pribatua sozialaren aurretik, espekulazioa ekoizpenaren aurretik eta jazarpena elkarrizketaren aurretik. Hori da jorratzeko duzun bidea?

Jakin ezazu, Sanchez jauna, ez zu, ez zure gobernua ez zaudetela txertatuta duela gutxiko esperientzien aurka. «Jakintzaz osaturiko» inguru eta foroetan esaten denaren kontra, delitu ekonomikoak eta estatu terrorismoa politika horrekin lotuta baitaude, eta ez baitira zehar-kalteak edo ondorio bakanak.

Sanchez jauna, zure agintari ibilbidea laburra izango dela dirudi, eta zure ahultasunak eragingo du hala izatea. Ahulezia erakusten duzu eta, zure erabakien norabidea aldatu ezean, ez duzu esperientzia hartzeko denborarik izango.

Nork esan dizu Katalunian «bakea eta normaltasun politikoa» lor daitekeela, bertako abertzaleak politikaren eremu guztietan zuzenean eta modu iraunkorrean parte hartu gabe? Nola bere egitasmoa aukera berdintasunean defendatu gabe?

Horrela lortu nahi duzu Moncloako maizter izaten jarraitzea?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna