Salbuespenetik bizikidetzara

Aitzpea Leizaola, eta Teresa Toda Iglesia - Foro Sozial Iraunkorreko kideak

2019ko urtarrilak 12
Orain presoak gizarte zibilaren ekimenak deituta, larunbatean Baiona eta Bilboko kaleetan zehar salbuespenezko espetxe politikari amaiera emateko aldarrikapena enegarrenez zabalduko da. Ekimenari babesa eman dioten eragile sozial, sindikal, politiko, zein norbanako anitzekin bat egingo du Foro Sozial Iraunkorrak ere.

Unea egokia da, beraz, espetxeetako egoerari buruz Foro Soziala Iraunkorraren zenbait gogoeta partekatzeko. Hiru dira gure aurtengo lan ildo nagusiak: indarkeria mota guztietako biktima guztiei zor zaien aitortza, elkarbizitza demokratikoa sostengatuko duen memoria inklusiboa, eta, gaurkoan biltzen gaituen gaia: beharrezkoa eta premiazkoa den espetxe politikaren aldaketa.

Iazko manifestaziotik hona ezusteko gertaera gauzatu zen Madrilen, ekainaren hasieran: Espainiako Gobernu aldaketa. Kargua hartu eta egun gutxitara, Pedro Sanchez presidenteak euskal presoekiko aplikatzen den salbuespenezko espetxe politika aldatzeko borondate irmoa azaldu zuen. Bere Gobernu zein alderdikide batzuek, bai eta EAEko eta Nafarroako Gobernu ordezkariek asmoa baieztatu zuten. Adierazpenak euskal gizartean eta, bereziki, preso eta haien senide eta gertukoen artean itxaropena bizkortu zuen. Sanchezen iragarpenaren ostean, baina, gauzak ez dira espero zitekeen bezala gauzatu.

Pausoak eman dira, bai, eta hori positiboa da, baina motelak eta txikiak izan dira. Aldaketa iragarri arren, espetxeetako egoerak, orokorrean, duela ia hiru hamarkada zegoen leku berean jarraitzen du. Hau da, espetxe politikak euskal presoekiko salbuespeneko politika izaten jarraitzen du. Oraindik ere ez dira normalizazioak eskatzen duen araudi arruntaren aplikazio malguago zein gizatiarragorako urratsak egin. Hilabete hauetan senide zein presoei itxaropen izpia zimeltzen joan zaie.

Sanchez Moncloara iritsi baino hilabete lehenago, aipatu asmoari bidea erraztuko liokeen gertakizun garrantzitsu bat eman zen ere: ETAren desagerpena. Horrez gain, presoek euren mintzakideen bidez espetxe legislazio arruntak irekitzen dituen bideak zeharkatzeko haien borondatea azaldu eta baieztatu dute, bai publikoki bai Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritzarekin izandako bileretan.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Parlamentuetan, EAEko Batzar Nagusietan, eta urrundutako presoak dituzten udaletxe guztietan gaixo dauden presoen alde eta preso guztiak gerturatzearen alde adostasuna garatzen joan da alderdi politikoen artean, hainbat adierazpen instituzionalek erakutsi dutenez. Euskal sindikatu guztiek babestu dituzte ebazpenok. Azpimarratzekoa da espetxe politikaren aldaketaren inguruan dagoen adostasuna Euskal Herrian azken 40 urteotan lortutako kontsentsurik zabalena eta transbertsalena dela. Bestelako gai politikoetan nabarmenak diren desadostasunekin kontraste egiten du. Kontuan hartzeko datua iruditzen zaigu.

Ekimen eta iniziatiba ezberdinen bidez, gizarte zibila agerian utziz joan da bere baitako gehiengo zabalaren aldarria: bada garaia espetxeetako salbuespen egoerari amaiera emateko. Ekitaldi guzti hauek elkarbizitza berri bati ekiteko dagoen nahia adierazten dute.

Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, elementu hauek agerian uzten dute gaur egun preso eta senideei eragiten dien egoera luze honi konponbide integrala emateko beharrezkoak diren baldintza politiko eta sozialak egon badaudela. Eta ez bakarrik aldaketaren beharraren inguruan akordio zabala dagoelako, eta egungo espetxe araudiak berau ahalbidetzen duelako, baizik eta —eta are garrantzizkoagoa dena— gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzeko behar-beharrezko osagai bat delako.

Bide horretan, Foro Sozial Iraunkorrak uste du, gradualki izanik ere, araudi arruntaren aplikazioak eta bizikidetza demokratikorako lagunduko duten birgizarteratze prozesuen garapenak preso guztiak Zaballara gerturatzea eta bigarren gradura igarotzea eskatzen duela, birgizarteratze prozesua eta hirugarren gradura pasatzea ahalbidetuz. Eta horretarako, espetxe legedi arruntekin nahikoa da.

Hau da bidea. Bada, baina, ibilbidea arrakastara, eta ez porrotera, eramango duen elementu bat: akordioa. Ezinbestekoa da bide hau instituzioen, gizarte zibilaren eta presoen artean adostea. ETAren armagabetzearen arrakasta ahalbideratu zuen triangulazio metodoa da gure ustez presoen aferaren irtenbidea ahalbideratuko duena.

Konbentzituta gaude presoen aferari konponbide integrala ematea bizikidetza demokratikorako ekarpen garrantzizkoa dela. Bizikidetza berri eta demokratikorako, non pertsona guztien eskubideak errespetatuak izango diren, hiru erpinetan egin behar da lana: biolentzia mota guztietako biktima guztiei zor zaien onarpen eta aitortza; inklusiboa izango den memoria, eta presoen gaiari erantzuna ematea gaurko espetxe politikaren aldaketa sakonaren bidez.

Egoerak aski ilun dirudien arren, badaude nahikoa hari bizikidetza hori ehuntzen hasteko. Akordio eta adostasun zabalak lortu dira. Oztopoak gaindituz, elkarri entzunez eta enpatia lantzen, beste arloetan ere errotu daitezke. Eragile sozial zein politikoen arteko elkarrizketak ahalbidetzea eta sustatzea da Foro Sozialaren funtsa. Eta horretan jarraituko dugu, gizartean murgilduta.