Iraultzaz

2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Iraultza txikiek balio handia. Jarduera instituzionalez gain, ez da herri-ekimen faltarik Euskal Herrian.Tokiko moneta (euskoa), argindar kooperatiba, elikagaien zuzeneko salmenta, ekoizpen ekologikoa eta elikagaion kontsumo kooperatibak, euskararen aldeko ekimenak, langile borroka sakabanatu anitz... Izatez premia-premiazkoak dira ekimenok, eta horietariko bakoitzak bere helburuak eta baliabideak argi ditu, baina oro har ahulegiak edo mugatuegiak dira iraultza erabakigarri bat burutu ahal izateko. Giza multzo kritikoa behar dute oraindik.

Krisialdiak. Azken hamarkadako «krisia» delakoaren ondorioak oso latzak dira herritar xumearentzat. Estatuen gainetik korporazio erraldoiek agintzen dute orain, eta desberdintasun soziala areagotu egin da. Jende txirotuaren multzo nabarra sortu da, klase «proletario» berria, (izen honen etimologiara joz, euren seme-alabak—proles— Estatuari saltzeko premian aurkitzen ziren gizagaixoak). Klase honetako pertsonak, kontsumo ahalmenik ere ez dutenez, sistemarentzat gizaki baliogabeak dira, ezpada haien abstentzioaz eta eskuinera boto etsiaz onura ateratzeko. Gainera orain, ekonomista batzuek iragarri dutenez, beste krisialdi bat dugu atean, oraindik okerragoa, Confebasken sirena-kantak gorabehera. Izan ere, estatuek, zeharo zorpetuta egonik, ezingo dituzte bankuak erreskatatu diru publikoarekin, lehen bezala. Gainera, sektore finantzarioa bankari berari gailendu zaionez, azken honek merkatu finantzario globala elikatzeko erabiltzen ditu fondoak.

«Kaos edo katastrofe egoera».Eboluzioa ez omen da beti lineala ez mailaz mailakoa. Zenbait une kritikotan oreka-etena deritzona gerta daiteke (hobera nahiz makurragora joz) eta «isolatu periferikoak» sortu; hots, hasieran batere garrantzirik gabeko aldagai ziruditenak, ustekabean, desoreka guztiak biltzen dituzten gune erakarle bihur daitezke eta ordura arte nagusi zen sistema azpikoz gora jarri. Honixe deritzo «kaos edo katastrofe-egoera» (lehenbizi Edredge eta Gould paleontologo estatubatuarrek plazaratutako teoria). Gauza bera materia mikroskopikoan gertatzen denean, «ziurgabetasun printzipioa» deitzen zaio. Baina materian eta biologian ez eze, gizadiaren historian ere halaxe gertatu izan da. Nork pentsa zezakeen ipar Europako oihanetan bizi ziren barbaroek Erromatar Inperioa suntsituko zutenik? Edota Kaukasoz iparreko estepetan bizi ziren artzain talde nomadek, lehorteek mugiarazita, Europako zibilizazio oparoa eraitsi eta gaur egungoa ekarriko zutenik?

Galderak. Zein izan daiteke sistema kapitalista, autoritario eta patriarkal hau irauliko duen «isolatu periferikoa»? Iraultza txikiak bere inguruan bildu eta, epe labur edo luzera, iraultza erabakigarria gauzatu dezakeen gune erakarlea? Jende txirotuaren eztanda soziala? Herri pobretuen migrazio masiboak klima-aldaketarekin batera? Emakumearen ahalduntzea?: Europa indigenako Andere zibilizazioaren partez, hala biz. Halere, katastrofe-egoera hori aukera bat da, baina ez da nahikoa. Jende multzo kritikoa behar da eta, horretarako, hurrengo bi baldintza hauek behintzat.

Independentzia mentala. Sistema kapitalistaren topikoekiko deslotura edo pentsaera kritikoa. Lehenik, «hazkundeari» buruzko topikoa dago: zenbat eta hazkunde-tasa altuagoa, sinetsarazi digute, hainbat aberastasun handiagoa eta, beraz, populazioaren ongizate-maila hobea. Hori ez da hala, Geneviève Azam eta ekonomista talde geroz eta zabalagoak azaltzen duenez. Hazkundeak, FMI eta bere jarraitzaileek ulertzen duten moduan, ez du sortzen enplegurik (edo, sortzekotan, oso prekarioa) eta desberdintasunak areagotu egiten ditu. Ikustea besterik ez dago Txinan, Indian eta hazkunde nabarmena izan duten beste zenbait herrialdetan gertatzen dena. Bestalde, planetako baliabideak agortzen ditu eta klima-aldaketari bide ematen. Begi bistan dago sistema-eredua bera dagoela agortuta. Beraz, askoren ustez «deshazkundea» da irtenbide bakarra, horren defentsak botorik ematen ez badu ere.

Beste topiko bat «krisi» ditxosoarena da. Ez da berezko gauza bat, ez, baizik kapitalismoak maisukiantolatu duena. Estafa edo gain-esplotazioa deitu beharko genioke. Kontuz hedabide hegemonikoen mezuekin ere. Maiz errealitatea desitxuratu, ezkutatu edo letra txikian ematen digute. Adibidez, Mediterraneoko kostetara egunero iristen diren gorpuen eta jende etsiaren tragedia. Eta letra txikirik ere ez horren kausez: kolonialismoa, multinazionalak, Europako xenofobia hazkorra...

Azkenez, etsipenaren mezua, «ez dago alternatibarik» dioena. Egungo jendartean mezurik zabalena. Horra hor, adibide, Andaluziako hauteskundeetan etxean gelditu ziren ezker aldekoak. Izan ere, etsipen jarrerak, utopia oro itotzeaz gain, eskuin muturrari zabaltzen dio atea. Beraz, independentzia mentala. Independentzia politiko eta sozialerako ere beste independentzia hori gizartean hedatu beharra dagoela esango nuke.

Burujabetza kulturala. Azkenez, zergatik engaiatu halako iraultza asmoetan? Lehenbizi, duintasunagatik: gero eta gatibuago gauzkan armiarma-sarea urratzearren.Eta, baita, gure herri nortasunaren izenean, jatorrizko mundu-ikuskeraren izate soziala gogoan hartuta. Norbanakoa eta indibidualismoa barik, etxea, auzoa eta komunitatea oinarritzat hartu dituen euskal senari jarraiki.

Orain Lur planeta da gure Etxea, Ama Lur deitzen dioguna. Eta lurraldea (Euskal Herria, auzoa) dugu defentsa eta intsumisio eremu naturala, gertatzen denari eta datorrenari aurre egiteko, Europako eta gainerako jende eta herri zapalduekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.