Nafarroa arragoa

Jon Barberena Ibarra - Irakaslea

2019ko otsailak 7
Argiaren pausaleku, haizearen ibiltoki zabal, hesirik gabea». Hitz horiekin eta bertze zenbaitekin ondu zuen Xabier Letek Nafarroa Arragoa kantua. Azkenaldian, baina, eguzkiak eta haizeak ez gaituzte kezkatzen sobera. Halere, zerurantz begiratu gabe, eguraldi iragarleak bezala aurreikuspenak egiten gabiltza. Erriberako ziertzoak eta Baztango zizerkorak baino gehiago, maiatzean etor daitezkeen zenbaki erauntsiek ikaratzen baikaituzte.

Alimaleko garrantzia izan zuten Nafarroa Garaian 2015eko maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek. EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-ren hautetsien batuketak UPN foru gobernutik kanpo uztea ekarri zuen, eta PSN eta PPN bigarren maila batean utzi zituen. Erregionalisten agintearen inarrosaldia bizi izan genuenok kontent hartu genuen aldaketa eta, behingoz, ilusioa nabarmendu zen berrogei urtez ikaztutako begitarte ilunetan.

Hala ere, laukoak gidaritza hartu zuenetik, euskararen kontra inoiz baino ozenago mintzatu dira oposizioan dauden alderdiak. Mingarria zait gurasoengandik jaso nuen hizkuntzaren kontra nola solastatzen diren aditzea. Euskara Nafarroan gainbaloratua dagoela diote, eta horren adibidea dugu UPNko parlamentaria izan zen Iñaki Iriartek idatzitakoa: «Euskara ikasi dutenek ezin dute hezkuntzan, lanbide publikoan edo diru publikoaren banaketan lehentasunik izan». Lehentasuna ez, berdintasuna da eskatzen duguna. Nafarroa Garaiko erregionalistek urteetan izandako botere eta ikuspuntu hegemonikoa kolokan nabaritzen dutenean, inposatu, lehentasun eta pribilegio bezalako hitzak erabiltzen dituzte inongo lotsarik gabe. Baina nork inposatzen du zer? 1986. urtean, Ley del Vascuence indarrean paratu eta hiru eremu sortu zituzten Nafarroa Garaian: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna. Beraz, banaketaren ondorioz, herritarroi bizi garen tokiaren arabera onartzen zaigu euskaraz bizitzeko eskubidea. Urte luzez, ia-ia aldaketarik gabe mantendu da euskaldunon eskubideak urratzen dituen legea. Halere, 2015. urtean, Nafarroa Garaia osoan D eredua eskaintzea ahalbidetu zen eskari kopuruaren arabera. Ondorioz, Lodosa, Tafalla, Caparroso, Allo, Antzin, Erriberri, Azkoien, Sesma eta Barasoaingo eskoletan euskal lerroak ireki dira. 2017. urtean ere zonifikazioan aldaketa batzuk egin ziren. Horrela, 44 herri pasa ziren eremu ez-euskaldunetik mistora eta Atetz eremu mistotik euskaldunera.

Ikusten denez, aldaketak gauzatu dira lauko gobernuarekin, baina oraindik bide luzea gelditzen zaigu egiteko. Horren adibide dugu Euskararen Legea aztertzeko parlamentuak sortutako batzordeak berriki errandakoa: «1986ko Euskararen Legea ez da egokia. Berritu beharra dago, baina korapiloak daude».

Lege berria adostea, berregitea eta onartzea zen euren lana, baina laukoak ezin izan du zonifikazioa hautsiz ofizialtasuna zabaldu. Aukera ederra galdu da, baina kontuan hartu behar dugu laukoaren barnean hainbat jarrera daudela euskararen inguruan. Ezkerra, adibidez, ez da azken lau urteetan beti euskararen mesedetan aritu. Harrigarria bada ere, irakaskuntzan zerrenda bakarra osatzearen kontra agertu zen, eta irakasleak hizkuntzaren arabera segregatzeko legea onartu zuen PSN, PPN eta UPNrekin batera.

Kalapitak eta korapiloak dauden arren, bistan da, 2015etik gobernu berria ordura artio zegoen euskararen kontrako jarrera instituzionalari buelta ematen saiatu dela. Horrela, euskara ikasteko eta euskarazko hedabideentzako diru laguntzak handitu dituzte, euskara Administrazioan erregulatzeko dekretu berria egin dute, D eredu publikoa Nafarroa osora zabaldu dute eta ETB3 ikusteko aukera Iruñerrira, Lizarrara, Tuterara eta Zangozara zabaldu dute (bertze zenbait tokitara, zoritxarrez, ez), bertzeak bertze.

Egia da, aldaketa sakonagoen beharrean gaudela, baina onartu behar dugu oinarrian aldaketak eman direla. Horretarako, nahikoa da iraganera begiratzea: D ereduaren kontrako kanpaina, ingelesaren neurrigabeko hauspotzea, euskaltegiak diru-laguntzarik gabe uztea, euskaraz mintzo ziren komunikabideei bizirauteko behar zituzten sosak ukatzea, Euskalerria Irratiari hogeita bortz urtez lizentzia ukatzea, ETB3 gure etxeko ttipiei ikusteko eskubidea kentzea, euskara batuaren eta euskalkien arteko kalapita interesatu bezain ergela sortzea, Euskal Herriko mapa agertzen zen ikasliburuen erabilera klaseetan debekatzea... Hori guztia eta gehiago erregionalisten agintaldiari zor diogu.

Ez gaitezen lehengo desertura itzuli, faborez. Korapiloak askatu, eta elkar ulertzera kondenatuak gaude. Hasitako bidea ontzeko aukera paregabea daukagu maiatzeko hauteskundeen ondoren. Zonifikazioarekin akituko duen Euskararen Lege berria behar dugu euskara ofiziala izan dadin Nafarroa Garaia osoan. Ez zait iduritzen Euskararen Legea berritzeko beharraz arituko denik etor daitekeen gobernu berria, laukoak agintea galduz gero. Lau hankak ezinbertzekoak ditugu mahaia sendo eusteko. Baten batek huts eginez gero, akabo gara. Halere, beldur naiz baten bat maingutzen hasia ez ote den. Ez gaitzala etsipenak irentsi! «Nafarroa, arragoa... Amets bat baino gehiago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna