Albistea entzun

Legez kanpo

Iñaki Uria - 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkaria

2019ko otsailak 20

Egunkaria itxi zutela 16 urte bete diren gaurko honetan, gogora ekarri nahi ditut egunotan txirikordatu zaizkigun bi gai: agintari katalanen aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean eta Gara-ren aurkako ixte mehatxu ekonomiko-administratiboa Espainiako Gizarte Segurantzaren bidez.

Egunkaria-ren itxieraren itzal luzeak aurrez aurre erakutsi zigun Espainiako estatuaren izaera eta haren erakundeen bortxazko funtzionamendua. Haragi bizian pairatu genuen tortura, umiliazioa, kartzela, eta, azkenik, aulkiaren zigorra. Kartzelaldi prebentiboa ere jasan genuen batzuk. Junqueras Auzitegi Goreneko aulkian ikusten dudan bakoitzean, gogoratuko ez naiz bada horrek dakarren tentsioaz? Sufrituko ez dut bada Guardia Zibilaren furgoiak edo autobusak ikustean hor barruan Cuixart edo Sanchezek izango duten tratua ezagutuaz? Forcadell, Turull, Forn... zuek ikusi aulkian eta ezin burutik kendu Joan Mari, Txema, Martxelo eta Xabier; edota gero, Bego, Ainhoa, Fernando, Joxemari eta Mikel. Errezeta bera dauka Espainiako Estatuak euskaldunontzat eta katalanentzat: legea eta haren inperioa. Espainiako Konstituzioa.

Lehen esaten ziguten indarkeriarik gabe dena zela posible. Orain, berriz, legez kanpokoa da Parlament batek erreferendum legea onartzea. Kataluniako Instituzioen aurkako eraso judizialen aurrean, herritarrak manifestatzea legez kanpokoa da. U-1ean erreferendumean bozkatu ahal izatea legez kanpokoa da. Independentzia aldarrikatzea...

Izan ere, katalan eta euskaldunoi erakutsi nahi digute independentzia ez dela posible. Ez dela legezkoa. Konstituzioaren 8. edo 155. artikuluak ezarri nahi dituzte. Espainiaren batasun zaleek ez daukate gerririk nazio ezberdinen bizikidetzarako. Jipoitzen gaituzte euren lege pean jarrai dezagun, ohartu gabe inoiz baino hauskorrago bihurtzen ari dela Espainiaren batasuna bere gogortasunean.

Egoera honetan, gero eta katalan eta euskal herritar gehiago gara uste dugunak irtenbidea herri egitura propioak eta estatu egitura propioak gauzatuz bilatu behar dugula. Eta egitura horien artean funtsezkoenetakoak, komunikazio egiturak.

Ez da kasualitatea Egunkaria itxi zuten urte berean abiatzea Gara egunkaria ixteko ekimen politiko-administratiboa. Estatu bulkada bera izan zen euskal bi kazetak itxi nahi izan zituena. Estatu bulkada berbera zen euskaldunok sortutako komunikazio esparru urri hori lur erre bihurtu nahi zuena.

Egin-ek Gizarte Segurantzarekin adostua zuen zorra Gara-ri zamatu zioten orduan, eta orain, helegite eta epaitegi bide luze eta gogor baten ondoren, exekutatzea erabaki dute. Zorionez, Egin-en itxieran bezala eta Egunkaria-ren itxieran bezala, herritarrek erantzun positiboa eman diote mehatxuari eta harpidetzak eginez eutsiko diote proiektuari. Alderdi, sindikatu eta erakunde ezberdinek ere elkartasun keinu positiboak egin dituzte oraingoan. Lortuko da hiru milioi euro horiei aurre egitea.

Lortuko da proiektuari herri ekimenez eustea. Bai. Baina. Neure baitan nago ez dela nahikoa. Iruditzen zait gure instituzio ezberdinei gehiago eskatu behar diegula. Hasteko, Gara zama horretaz libratzea. Ezinbestekoa iruditzen zait tamainako bidegabekeriari tamainako neurri batez erantzutea. Ez da nahikoa Gara-ri arrazoia ematearekin. Erreparazioa ere behar du.

Ondoren, komunikazio esparrua osatzen joateko baliabideak jartzea planteatu behar diegu instituzioei. Daukaguna ez baita nahikoa. Komunikabideak behar ditugu komunikazio esparru propioa osatzen joateko. Euskaldunon komunikabideek osatutako kontakizuna eta ez Madrilgo kateetatik datorkigun errelato kolonizatzaile bakarra.

Herri egiturak behar ditugu komunikazio esparru bati eusteko, eta komunikazio esparru indartsua behar dugu herri egitura ezberdinei eutsi eta estatu egiturak sortzeko bidean.

Dauzkagun egitura komunikatiboak ez dira aski eta ez dira aske.

Duela 16 urte Egunkaria itxi zuten lege esparru berean gaude oraindik. Gure aspirazio demokratikoak, ordea, lege esparru horrez kanpokoak dira, besteak beste esparru horretan demokraziarik ez dagoelako euskal komunikabide eta herritarrentzat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...