Utzikeria politikoaren aurrean, elkartasuna

2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Elkartasun mugimendutik saharar herriarekin bat egiten dugu Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 43. urteurrenean. Gaur bezalako egun batean sahararrek duten gizartearen babesak hartuko duen ikusgarritasuna ospatzen dugu, Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetara bidaiatuko duen elkartasun-karabanak erakusten duen moduan, maitasun eta senidetasunez betea.

Gizarte zibilak giza eskubideekiko babesa argi adierazten duen bitartean, elite politikoek beste interes batzuk gailentzen dituzte nazioarteko legeriaren gainetik. Europako Parlamentuak otsailaren 12an onartu zuen Marokorekin Arrantza Akordioa saharar uretara zabaltzea, aldeko 415 bozkekin, kontrako 189rekin eta 49 abstentziorekin. Europako Batasuneko auzitegien hainbat ebazpenen aurka doan erabakia da hori. Auzitegiak ebatzi du Marokok ez duela ahalmenik Mendebaldeko Saharako uren inguruko erabakirik hartzeko, deskolonizatu gabeko lurralde bat delako sahararra.

Interes ekonomikoei erantzuten dien erabaki bat delako irudia eman ahal badu ere, logika politiko baten barnean kokatzen da, zeinetan saharar herria den kaltetu nagusia. Marokorekin sinatutako Arrantza Akordioak saharar urak barne hartzearekin, Europako Batasunak estatu alauiaren subiranotasuna aitortzen du Mendebaldeko Sahararen gainean, okupatutako lurraldearen baliabide naturalak kudeatzeko ahalmena aitortzen baitio. Nazioarteko zuzenbidearen arabera saharar herriaren ordezkarien esku dagoen zerbait, Fronte Polisarioaren esku, hain zuzen, eta ez potentzia okupatzailearenean.

Europako itsasontziak saharar uretan lan egiteko baimenaren truke, Marokok 52 milioi euro jasoko ditu urtero ordain gisa, beste baliabide naturalen (fosfatoak, ura eta harea) espoliazioaren bitartez lortutako etekinak kontuan hartu gabe. Kantitate hori oso desberdina da Europak 2018an saharar errefuxiatuen kanpamentuetara Europako Batzordeko Laguntza Humanitario eta Babes Zibileko sailaren bitartez bideratutako laguntzekin konparatuta: bederatzi milioi euro.

Akordioa ontzat emanez, Europako Batasunak hegoaldeko mugaren kontrolerako aliatu garrantzitsu bat izatea ziurtatu du marokoar okupazioaren alde egitearen truke. Estatu espainolak pisu nabarmena du babes horretan, bai muga horren parte izanagatik, bai oraindik saharar herriarekiko ardurak izateagatik.

Espainiak, Mendebaldeko Saharako potentzia kolonizatzaileak, legez kanpoko Hirutariko Akordioen bidez Maroko eta Mauritaniari emandako lurralde sahararraren deskolonizazio prozesu amaitu gabea burutu behar du oraindik. Nazioarteko zuzenbideak biztanleriaren onuraz eta, ondorioz, bere baliabide naturalez arduratzera behartzen du, herri sahararrak autodeterminazio eskubidea gauzatu arte.

Aldiz, estatu espainolak okupatzailearekin duen erlazioa zaintzen du, Europako Parlamentuak Arrantza Akordioa zabaltzea erabakitzen duen egunean Felipe VI. erregearen bisita batekin. Horrela, Espainiak eta Europako Batasunak bizkarra ematen diote, beste behin ere, duela 43 urtez giza eskubideen urraketa desberdinak jasaten dituen herriari, denak erabakitzeko eskubidearen ukapenaren ondorio.

Baina zuzendari politikoen utzikeriaren aurrean, otsailaren 27 honetan gizarteak eta elkartasun mugimenduak argi erakusten dute herri sahararra ez dagoela bakarrik autodeterminazioaren eta duela 40 urte kanporatua izan zen lurraldeetara itzultzearen aldeko zilegizko borrokan. Ospa dezagun, hortaz, beste behin ere gizarte zibilak politikariek baino duintasun gehiago erakustea, sahararren eskubideen alde eginez eta, komunikabideen isiltasuna bada ere, Mendebaldeko Sahara ez ahaztuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.