Armagintza eta euskal erantzukizuna

2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Kontzientziaren mugetatik haratago izenburupean argitaratu zuen Günther Anders filosofoak Hiroshiman bonba atomikoa jaurtitzeko agindua eman zuen Claude Eatherly soldadu ohiarekin izandako eskutitz-trukaketa. Eatherly psikiatrikoan zegoen, errudun-kontzientziak jota, nahiz eta AEBetan askorentzat heroi bat izan. Andersentzat, munstrokeria horren erantzuleetako bat izan arren, biktima ere bazen. Nahiz eta administrazioak buru-gaixotzat hartu eta itxi, bere ingurunea baino osasungarriago zegoen, erruaz kontziente zelako eta ahaztu nahi ez zuelako. Aldiz, egindako basakeria gainditu eta normaltasunez bizi ziren soldadu ohiak osasuntsu omen zeuden jendarte horretan. Bonba jaurti zuen Enola Gay bonbaketariko tripulazio-kidea zen Joe Stiborikek arinki azaldu zuen: «Bonba bat baino ez zen izan, handiagoa zena, ordea».

Aipatutako liburuak hausnartzeko elementu interesgarriak ditu, hemen bertan egunerokotasun osokoak. Euskal Herritik bonba atomikorik jaurti ez bada ere, herri batzuen hondamendia dosifikatzen da. Urte hasieran Gasteizen egindako Gerrarako Eusko Label Armak jardunaldietan salatu denez, hemen armagintza oso presente dago, nahiz eta Radio Euskadiko elkarrizketa batean Urkullu ehiza-armetara mugatzen saiatu. Batzuentzat harrotasun-iturri den tradizio handiko euskal armagintzak bere horretan dirau, ekoizpen solik militarra ala zibila ere daukaten enpresak 100 baino gehiago izanda (ikusi web-ean Gasteizkoak kolektiboaren «Estas guerras son muy nuestras»). SAPA, Aernnova, ITP edo Sener bezalako enpresek bere lanean darraite, banku askoren (BBVA, Caixabank, Caja Rural, Kutxabank...) finantzaketa eskuratzen eta instituzio publikoen (nagusiki Eusko Jaurlaritza, baina ez bakarrik) diru-laguntzak eta sariak ere jasotzen. Bitartean, milaka kilometrora, pasa den urtera arte Bilboko portuan ontziratutako bonbak Yemenen etengabean erortzen dira, euskal piezez hornitutako Eurofighterrek Yemen eta beste herri batzuk bonbardatzen dituzte, edota hemengo enpresekin kolaborazioak dituen sektore aeronautiko sionistak palestinarren garbiketa ahalbidetzen du. Era berean, euskal unibertsitate publiko zein pribatuetan garatzen den ikerketak eta sinatzen diren hitzarmenek heriotza-industria honetan topatzen dute beren aplikazioa. Beste herrietako biktimen odolak ez du euskal lurra zipriztintzen fisikoki, baina hemengo enpresa, instituzio eta langile asko heriotzaz, mutilazioaz eta dramaz zikinduta daude.

Izan ere, heriotza-industria kate luze bat da, non eragile askoren inplikazioa behar den, suntsiketa-produktuak negozio-bidea aukeratzen duten enpresarietatik haratago. Eskrupulurik gabeko negozio bat baino ez da haientzat; estaltzen saiatu behar dena, baina negozio huts bat, non etika lehiakortasunerako oztopoa baino ez den. Humanismo balioen izenean negozio hori alboratzeko eskatzea harrapakaria belarjale bihurtzeko eskatzea bezain alferrekoa da.

Historiak erakutsi digu kapitalismoak ez duela funtzionatzen merkatu libre batean eta kapitalistek Estatuaren instituzioen estaldura daukatela beren jardueretarako. Euskal armagintzak jasotzen duen diru publikoak, baita ikerketa zentro publikoekiko kolaborazioek ere agerian uzten dute instituzioen erantzukizuna. Nagusia den klase burgesaren interesak defendatzeaz gain gainontzeko herritarren interesak defendatzea baldin badagokie, ez legoke gaizki beste herrietako pertsonen interesen alde egiteko eskatzea, hemen ekoiztutako gailuek hildakoak ez eragiteko eskubide apala bada ere... Nahiz eta zergarik ez ordaindu hemen, bizitzarako eskubidea daukate bere herrietan.

Beste aldetik, ezin dugu ahaztu langileak ere kate horren ezinbesteko parte direla, armen diseinuan, ekoizpenaren fase ezberdinetan, logistikan edo armen garraioan. Katebegi horiek gabe, heriotza-kiribil honek ez luke jarraituko herriak eta pertsonak triskatzen. Andersek azaltzen zuen gehiegitan ez ditugula lotzen gure ekimenak eta ondorioak, eta ohartarazten zuen bakoitzaren lana diluitzen eta ondorioen arduraren karga desagerrarazten saiatzeaz. Hainbat ihesbide daude langilearen kontzientzia deskargatzen saiatzeko: ekintzaren ondorioa zoriaren esku utziz (fusilamendu pelotoietan jaurtigairik gabeko fusilen moduan, agian nik ekoitzitako bonbek ez dute inor afektatu... ez dut inoiz jakingo), norberak egin ezean beste batek egingo lukeela, lan bat egitera mugatzen ari dela, aginduak betetzen ari dela («transmisio-uhal hutsa» izanda erantzukizun osoa beste bati transferituz) edo elikatu beharreko seme-alaben defentsak beste seme-alaben heriotza edota mutilazioak justifikatzea («nireak» inoiz ezagutuko ez ditudan «beste horien» gainetik).

Baina parte-hartzaile zuzenez gain, jendarte baten parte bezala guztiok daukagu erantzukizuna. Ezaguna da III Reich-en kolektibitate batzuen sarraskien aurrean Alemaniako populazioak izandako konplizitatea, edota Argentinan 30.000 lagun desagerrarazi zituztenean klase ertaineko zati handiak izandako ez-sinetsi-nahi jokabidea, suma zitekeena ez zela hainbesterako izango auto-sinetsaraziz. Hurbilago, azken hamarkadetako milaka tortura kasuen aurrean ukatze edota gutxitze jarrera oso zabalduta egon da askoren artean hemen ere. Galdetu behar diogu geure buruari ea ez garen antzeko zerbait egiten ari eusko label armagintzarekin. Ardura daukagu, lehenik eta behin, hemen zer ekoizten den eta zertarako erabiltzen den jakiteko eta ezagutarazteko, ez-ikuste posizio erosoak alboratuz. Mugimendu antimilitaristak jakinarazi digu aspaldidanik datu zehatzekin. Horretaz haratago, beharrezkoa da instituzioak presionatzea industria-mota honek inolako bultzada publikorik ez jasotzeko eta erabilera militarrak ez dituzten enpresetara eraldatzeko eskatzeko. Ez dezatela saldu eta ez dezagula erosi ankerkeria hau ekonomiaren edota lanpostuen izenean. Euskal instituzioetatik bertatik zabaldutako eta hain era akritikoan barneratzen dugun jendarte solidario izatearen ideia hori astindu behar dugu ere, auto-konplazentzia lasaigarria deseginez. Elkartasun-marketina baino ez diren instituzioen diru-laguntza eta kooperazio-proiektu askok ezin dute zuritu euskal armen ekoizpen eta esportazioaren errealitate gordina. Beste herrien triskantzaren konplize zuzenak edo ez-zuzenak garen bitartean, hemengo gobernu eta instituzioek heriotza-merkatua babesten duten bitartean, ez gara askorik ezberdintzen AEBetako jendartetik non Hiroshima bonbardatu zutenek ulertze eta gorespena zeukaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.