Ainhoa Etxaide

Feminismoaz, feminismotik

2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Pentsio sistemak etorkizuna edukitzeko emakumeok ume gehiagoz erditu behar garelakoa (Casado, PP) gezurra da. Aberastasuna banatu behar da, sistema publiko sendoaren alde egin behar da, eta lanari dagokion balioa ematen dion lan mundua ziurtatu behar da. Lan erreproduktiboak aitortu eta berrantolatu behar dira, kontziliazio politikak gainditu (emakumeoi begirako neurriak) korresponsabilitatean oinarritutako politikak egiteko (ereduaz aldatzeko neurriak). Soldata arrakalaren atzean dauden arrazoietara joko duten politika berriak egin behar dira, pentsioetara berdintasuna iristeko eta emakumeok eremu publikoan egin dezakegun ekarpenarioztopoak kentzeko.

Feminismotik neurri hauek proposatzen ditugu. Mobilizazioaren bidez eta mugimendua egunez egun sendotuz bultzatzen ditugu. Greba feminista tresna bat da gure irakurketak, aldarrikapenak eta proposamenak bazter guztietara eramateko, testuinguru aparta emakumeok hitza hartzeko.

Espazio publikoan borrokatzea eta espazio publikoa borrokatzea erabaki dugu kapitalaren aginduei aurre egiteko. Eta urratsez urrats ari gara lekua egiten, bazterretik eztabaida politikoaren erdigunera iristen, bazterretakoak eztabaidaren erdira eramaten, agenda instituzionaletan eragiteko gaitasuna irabazten. Herriaren begietara aldaketak lor ditzakeen mugimendu bilakatzen.

Ulertu dela dirudi. Casadok emakumeak etxerako bidean jartzen eta eremu pribatura kateatzen gaituen politikak eskatzen dituenean gaurko emakumeak eta mugimendu feministaren aukerak ditu buruan, ez etorkizuneko pentsiodunak.

Lehenago ala geroago krisi berri bat sufrituko dugula iragartzeak ez du inolako meriturik. Sistemaren berezko ezaugarria da. Noiz, nolakoa eta zenbatekoa izango den aurreikustea litzateke ekarpena. Ez naiz aditua, baina Alemanian hirugarren lau hilabetekoa da ekonomia ez dela hazi, Txinaren eta AEBen arteko gatazka ekonomikoaondorioak izaten ari da merkatu orokorrean, brexit-aren auzia zertan geratuko den jakiterik ez dago, baina argi dago EB krisian dagoela, eta ez dago herrietan eta aldaketa sozialetan oinarritutako alternatibarentzat lekurik oraingoz... Egoera ekonomikoaren bilakaera kaskarra da konponezina den krisi sistemikoaren erdian.

Alternatiben eraikuntzan feminismoak joka dezakeen papera erabakigarria izan daitekeenez, arrazoiak ditu eskuinak gu erasotzeko, paperak gal ditzagun. Patriarkatuaren existentzia ukatzen, genero politikak erditik kentzea aldarrikatzen eta familian oinarritutako politikak eskatzen dabiltza. Guztiz logikoa da feminismoa sutan jartzea, gure borrokaren premia eta balioa aldarrikatzea, kalera ateratzea. Baina egin dezagun geure buruari ezarritako gidoiari eutsiz, egiten ari garen bidetik atera nahi gaituztenen jokoan erori gabe. Feminismoaren balioa sistemari egiten zaion kritikan eta proposatzen diogun alternatibetan dago zalantzarik gabe.

Ostiralean greba feminista egingo dugu, eta emankorra izango da Euskal Herriko Mugimendu Feminista indartzeko. Borroka feministara emakume gehiago batzeko balio izan du, feministok antolatzeko eta saretzeko erabiltzen ari gara, grebak eskatzen duen elkarlanaren bidez aliantza feministak sendotu ditugu. Grebara deitzeko erabakiak ekarri duen praktika feministarekin erantzuten ari gara gure borroka desitxuratu, edukiz hustu edo bereganatu nahi dutenei.

Pasa den urteko grebak eman zituen bere emaitzak. Esanguratsuena feminismoa bizitza politiko eta sozialaren erdian kokatu genuela. Aldarrikapen feministek jendartean bere bidea egiteko dituzten harresietako asko apurtu genituen. Feminismoaz hitz egitea eta feminismoari hitz egitea derrigorrezkoa egin dugu. Tamalez, arduradun instituzionalek ez dute borondaterik berdintasun politiken mugak zintzoki eta erantzukizunak bereganatuz onartzeko eta gainditzeko. Ez dugu politika feministen alde egiteko ekimenik (ezta kemenik) ikusten oraindik. Hor dago aurten erronka.

Kapitalismoaren kontra egiteko bideak bilatzeko, sistemaren arduradunekin aurrez aurre aritzeko eta gure proposamenak politika erreal bihurtzeko ari gara indartzen mugimendu feminista. Proposatzen eta aldarrikatzen ditugun aldaketak emakume guztiengana iristeko Estatu politikak egin behar direnez, borroka hori orain eta hemen, Euskal Herrian, estatu inboluzioaren erdian, zertan gauzatuko den eta nola egingo dugun adosteko gai izango den mugimendua izateko ari gara lanean.

Guk, gure bizitzek, gure beharrek, gure desioek eta ilusioek ez dute inolako lekurik kapitalismoan. Feminismoan horretarako guztirako leku bat aurkitzea ez da nahikoa. Emakumeoi dagokigun aitortza, eskubideak eta aukerak ziurtatuko digun sistema eraikitzeko borrokatzen gara. Feminismotik hitz egiteko eta esaten duguna aintzat hartzera behartzeko borrokatzea dagokigu orain. Emakumeei buruz hitz egiten duten instituzioei emakumeei hitza emango dieten instituzioak aldarrikatzeko greba. Feminismoaren izenean, baina feminismoari bizkar ematen egiten diren lege antzuak borrokatzeko eta grebaren aldarrikapenak aintzat hartzen dituzten aldaketak borrokatzera aterako gara kalera.

Zer esan badugulako. Historikoki ahotsik gabe utzi dituzten emakume guztiek merezi dutelako. Borrokatzeko aukera dugun emakumeok zor diegulako. Eta nola ez, azkenaldian gure kontra jasaten ari garen astakerien eta txorakerien aurrean isilik egoteko asmorik ez dugulako! Kalean elkar ikusiko dugu ostiralean.

Besarkada more eta estu bat Martxoaren 8 honetan ere ziega ilun horietatik borrokatuko zareten euskal preso politiko feminista guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.