Haserrea edo konformismoa. Zertan geratzen gara?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxe Mari Muñoa
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Aro eta gizarte guztietan esaten da «egoera berezia» edo «bakana» dela une horretan bizi duguna. Horregatik dira gorrotagarriak konparazioak. Oraindik bidegabekeria-egoera zailei aurre egin behar badiegu ere, Euskal Herrian, egonkortasun instituzional nabarmena edukitzeaz gainera, inoiz bizi izan ez dugun bezalako garapen ekonomikoa dugu. Errealitate ukaezina da hori. Baina haserrea, konfrontazioa eta boterearen eta kalearen arteko distantzia gero eta handiagoak direla dirudi. Egia da egoera hori? Ala edozein gizarte demokratiko garatutan egon ohi diren kontraesanen estrapolazio bat besterik ez da? Gizarte sumindu batean bizi ote gara? Eta, hala bada, justifikatuta dago sumindura hori? Benetako arrazoiei erantzuten die ala, estrategia alderdikoi soilak dira, pentsamolde berekoak ez direnak ahultzeko?

Egoera hori, azaletik bada ere, aztertzeko asmoz, esaten ari garena ulertzen eta interpretatzen lagun diezaguketen zenbait egitate eta inguruabar adierazi nahi ditugu. Gaixotasun baten sendaketan bezalaxe, gizarte-diagnostiko doi eta zehatz batek arazoen irtenbide zuzenagora hurbilduko gaitu.

1.- Zalantzan jarri ezin daitekeen zerbait da pluralismoa gero eta zabalduagoa dagoela jendearen pentsamoldeetan eta bizitza soziala, politikoa, erlijiosoa, eta abar, antolatzeko moduetan. Inoiz baino gehiago ditugu ahotan adostasuna, elkarrizketa, hitzarmena, akordioa... baina, oraindik, hainbat herri, auzo eta erakunde politikotan, nabarmenak dira arbuioa eta gorrotoa, erraietatik ateratzen diren konfrontazioak, idatzi eta jarduketa beligeranteak, eguneroko bizimoduan elkarbizitza normalizatua eragozten dutenak, bereziki, hainbeste urtetan zehar pairatutako odol, beldur eta sufrimendu herentziagatik. Egia da konponezinak gainditzen eta iraganeko zauriak sendatzen ari garela, baina oraindik bide luzea geratzen zaigu pertsonen arteko harreman normalizatu eta arrazoizkoago batzuetara iristeko.

2.- Aurreko horrekin batera, ohartuta gaude etorkizuneko perspektiba eta denbora luzez gure bizitzari zentzua eman dioten hainbat balio moral galtzen ari garela. Adibidez, pertsonaren duintasuna, jarduteko arau gisa justizia eta berdintasuna onartzea, egiari eta emandako hitzari leial izatea, ongi egindako lanaren kontzientzia, behartsuenekiko elkartasuna.

3.- Materialismoak, balio espiritualei gailentzen zaielarik, gero eta indibidualismo handiagora garamatza, non diruaren balio absolutuak eta epe laburreko kontsumismoak orainaz gozatzera bultzatzen gaituzten, «carpe diem» (goza ezazu unea) axioma eztabaidaezina lege dugula, beste inolako perspektibarik gabe. Oso zabalduta dagoen beste ideia bat hau da: «badut nahikoa, baina zu baino hobeto bizi nahi dut». «Bizi-kalitatea» deitzen diogun horrek askoz integralagoa eta jasoagoa izan behar luke edukiz.

4.- Argi utzi behar da, nolanahi ere, postura horiekin batera, gizartearen parte-hartze esanguratsua ere gertatzen dela hainbat mugimendutan (batzuetan, intereseko taldeek edo alderdi politikoek urrunetik zuzentzen badituzte ere). Aipatzekoak dira hainbat talde eta elkarte (klubak, kanpainak, GKEak, abesbatzak, pintxo-poteak...) Hala ere, egia aitortu nahi bada, konpromiso horietako askok ez dute sendotasunik eta jarraitasunik izaten. Jarduera sozial, kultural eta politiko askok ez dute beren denbora librearen parte bat besteen ongizatera eskaini nahi duten pertsonarik aurkitzen. Horrelakoak entzun ohi dira: «Lasai hobeto bizitzen da bat, utz nazatela bakean».

5.- Gure gizartearen deskribapen mugatu hau egitean, azpimarratu beharra dago, bestalde, Gizarte Komunikabideek duten garrantzia eta pisua, gizarte-sareak barne, jendearen pentsamoldeetan eta fenomeno sozialak baloratzeko orduan. Ildo horretan, ohikoa da informazioa bidegabeki erabiltzea. Albiste iraingarriek publikoaren arreta bereganatu nahi izaten dute; isildu egiten dira norberaren taldeari kalte egin liezaioketenak; erlatibismoan instalatu eta konfiantza-eza orokortzen da, egia eta gezurra nahasten direla. Adierazpen-askatasuna aldarrikatzen da etengabe, baina ihesbide bat baizik ez da hori, ez baita gertatuaren egia bermatzen. Era berean, pertsona arinak eta sustraigabeak bihurtzen gaituen —hala bizitza pertsonalean nola sozialean— albiste-ugaritasuna salatu nahi dugu. Inoiz ez dugu horrenbeste informazio, eztabaida eta iritzi-aniztasun izan, baina hausnarketa eta sakoneko arrazoiketa falta dira. Berehala igarotzen da dena. Albisteak zahartu eta bizkor ahazten dira. «Informazio gaseosoa» da, iritzi publikoan eta politikoan inpaktu handia duena.

Aipatutako puntu horiek eta beste batzuek bizi dugun momentua ulertzen laguntzen digute. Kontzientzia kritikoa dugu, ekonomia lehiakorra eta inoiz baino hobeto prestatutako gaztedia. Asko jaso dugu gure arbasoetatik, gaindi ditzagun jasandako une zailak, altxa gaitezen eta eraiki dezagun gizarte duina eta oparoa. Horrixe esaten diogu herria egitea, herrigintza. Guztiok kabituko garen herria. Horregatik guztiagatik, haserretzeko motiboak beti egongo badira ere, askoz gehiago dira itxaropenerako eta elkarren alboan lanean saiatzeko arrazoiak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.