Sayonara, euskara!

Igor Zaballa - Euskara irakaslea

2019ko martxoak 23
Ezagun da munduan Japoniak era bikainean jakin duela uztartzen modernitatea eta milaka urteko tradizioak. Sortaldeko herri honetan antzina ohartu ziren beren kultura-ondarearen oparotasunaz, eta, horregatik, 1950ean deliberatu zuten neurri bereziak hartuko zituztela kultura-transmisioaren katea sekula eten ez zedin. Hala, ordutik kultura-ondarearen trebezia zehatz baten transmisioa bermatzen dutenak Nazio Altxor Bizidunak izendatzen ditu gobernuak. Honezkero, jakintsu horien eginkizun nagusia haien ezagutza (trebetasunak eta teknikak) zenbait apopiloren esku jartzea da, gizaldiz gizaldiko transmisioa ziurtatzeko. Trukean estatuak soldata aproposa eta baliabideak oro ematen dizkie, haien lana taxuz egiten jarrai dezaten.

Lehendabiziko Nazio Altxor Biziduna Toyozo Arakawa eltzegilea izan zen. Bigarrena Matsumoto Gennosuke taiko-irakaslea, eta, horrela, diziplinaz diziplina, zerrenda luze askoa eratu zuen Japoniako Kultura Ministerioak: Sh?ji Hamada, Kawase Hasui, Tatsuzo Shimaoka, Serizawa Keisuke, Nakamura Jakuemon, Sakata T?j?r?... Urteak joan urteak etorri, beste herrialde batzuek ere erabaki zuten japoniarrek urratutako bideari jarraitzea: 1964an, Korea Kultura Ondasun Ukiezinak izendatzen hasi zen; 1973an, Filipinak Herriko Artistak; 1985ean, Tailandia Herriko Artisten Proiektua; eta, azkenik, Errumania Giza Altxor Bizidunak eta Frantzia Arte Maisu-Maistrak.

Egun, inork ez du auzitan jartzen aditu horien zeregina, ez Japonian, ez gainerako herrialde horietan. Areago, gizarte horiek biziki estimatzen dituzte eta itzelezko prestigioa aitortu.

Europan ere ez gaude altxorrik ezean. Kasurako, han eta hemen Euskal Herria hizpide denean, euskaldunok kontinente zahar honen azken indigenak garela esaten dute, eta denek nabarmentzen dituzte gure herriaren bereizgarri zenbaezinak. Nolanahi ere, ororen gainetik, euskara da, ezbairik gabe, arreta gehien ematen duena, gure kulturaren adierazlerik bitxiena dena, aditu anitzen erranetan. Hizkuntzalaritzari buruzko kongresuetan zein kaleko hitz-aspertuetan harrotasunez azaltzen dugu euskarak milaka urte dituela eta senidetu gabeko hizkuntza dela. Alabaina, Txillardegik berak zioenez, euskararen «miraria» ez da menderik mende bizirik irautea, baizik eta, Euskal Herria hain herri txikia izaki, Espainia eta Frantzia inperio ohien artean desagertu ez izana.

Baina, nortzuek ahalbidetu dute euskarak haitzuloetatik XXI. mendera arte irautea? Eta nortzuek dute egun transmisioaren katea ez eteteko ardura? Mirariaren atzean milaka euskaltzale ezezagun badaude ere, bada nabarmendu beharreko gizatalde bat, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula euskaltegiek euskal komunitatea osatzeko egin duten lana, 800.000 hiztunetatik 300.000 euskaldun berriak baitira.

Bai, jaun-andreok! Zabal dezagun lau haizetara! Euskaltegietako irakasleak dira gure Nazio Altxor Bizidunak. Japoniako Toyozo, Matsumoto, Sh?ji, Kawase, Tatsuzo, Serizawa, Nakamura eta Sakata, Euskal Herrian Jaione, Iñaki, Montse, Jagoba, Asun, Idoia, Esteban eta Esti dira, batzuk aipatzearren. Profesional horiek ez daude prest euskarari sayonara esateko, baina ba al dute merezi duten errekonozimendua? Ba al dute haien erantzukizunari dagozkion lan-egoera eta baliabideak?

Gure politikariek eta agintariek euskara mintzagai dutenean hitzaldi, mitin eta elkarrizketetan, denek esaten dute euskara euren agenda estrategikoan dutela, gizartea kohesionatzen duela, gure kulturaren ardatza dela, eta abar. Baina, ados al dira diskurtso horiek eta errealitatea?

Eusko Jaurlaritzak 2016an eskatutako Euskaltegi pribatuen finantzaziorako aukeren azterketa eta orientabideak txostenak argi azaltzen du, datu zehatzak emanda, euskara-irakasle askoren soldata prekaritatetik hurbil dagoela. Inork uste al du egoera horrek euskara-irakasleen lana prestigiatzen duela? Zer ondorio dakartza horrek? Zein da kaltetuena? Euskara bera, duda barik.

XXI. mendeko gizarte honetan, tamalez, estuki loturik daude ogibide baten lan-baldintzak eta prestigioa, eta, halaber, ez dugu ahazterik asko direla euskaltegietatik urtero pasatzen diren ikasleak: HABEk emandako datuen arabera, 2016-2017 ikasturtean 34.659 ikasle aritu ziren EAEn euskara ikasten, 1.321 irakasleren laguntzarekin.

Euskaltegietarako diru-partidak ezin egon daitezke unean uneko aurrekontuaren pentzuan, ezin izan daitezke urte bakan batzuetarako sosak. Euskararen normalizazioa estrategikoa bezain arrakastatsua izango bada, behin betiko finantzaketa egonkorra eta neurrikoa behar du izan. Beraz, noiz helduko ote dio Eusko Jaurlaritzak auziari? Eta noiz ekingo dio behingoz helduen euskalduntzearen normalizazio-prozesuari? Ezinbestekoa da irakasleen aldeko apustu irmoa egitea, euskararen egungo eta geroko erronkei arrakastaz erantzuteko.

Euskarak harakiririk egin ez dezan, premiazkoa dugu XXI. mendeko helduen euskalduntze-sistema eguneratu bat, baliabide egokiez hornitua, azken buruan, euskararen profesionalak prestigiatzea, euskara bera prestigiatzea baita. Euskara-irakasleak dira Euskal Herriko Nazio Altxor Bizidunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna