Hiru ispilu gosetu

2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Ispiluan ikusi du zure burua. Egun handia izango du gaur, berak dauka irudi ederrena, mezu eraginkorrena, zirujia estetiko sofistikatuena. Bera da irabazlea, ordezkatzen duen proiektu politikoa ere agian, baina batez ere, bera. ¡Vamos!. Hala oihukatu dio ispiluari lidergo politiko nartzisistaren azken subjektu arrakastatsuak, bere buruaren enegarren kontenplazio erotikoan.

Eskuina eta merkatua, elkarren artean horren ongi konpontzen diren bi lagun zahar. Elkar elikatu eta elkar zaintzen dute beste inor gutxik bezala, maitasun gehiegizkoaren muga arriskutsua ere pasatzeraino. Hori da, hain justu, Espainiako azken hauteskundeetan irudikatu dena, merkatuaren izaerak eta egiteko moduak bere egin ditu eskuina goxo hartu izan duen lurzoru soziologikoak, hiru ispilu nartzisistetan banatuz. Ekin zure proiektuari, bilatu arrakasta, izan zeure enpresari.

Azken urteotan Europan zehar agertu eta berresten ari den lider politiko arrakastatsuaren profilak, ezaugarri estetiko, soziologiko eta psikologiko antzeratsuak ditu herrialdez herrialde. Weberren tipo ideala jarraituz, Macron da fenomeno soziopolitiko horren aurpegirik adierazgarriena. Irudi-merkatuaren eskaintza eta eskarien arabera fabrikatutako gorputz, aurpegi eta izaera, finantzekin goxoa, komunikabideekin maitekorra, kalearekin zorrotza eta batez ere, bere buruaren miresle. Ezaugarri bat badute bereziki aipagarria 40 urteren bueltako, gizon aberats, lehiakor eta oldarkor paradigmatiko hauek, euren buruarekiko duten handitasun sentipena da. Mundua eurekin zorretan dagoeneko ustearekin dihardute, nartzisismo garaikidearen sintoma behinena hain justu. Mendebaldeko gizarteen azpikorronteetan mugimenduan dauden bulkada nartzisisten agerpenik borobilenetakoa da presidente paristarra, eta noski, itzal horri jarraika dauzka hegoaldeko imitatzaileak.

Aspaldi esan zigun Karl Polanyik merkatu ekonomiaren egiteko moduak gizarte bizitzako gainontzeko arloak irentsi zituela, kulturan, eguneroko harremanetan edota politika instituzionalean. Paradoxikoki, liberalismo ekonomikoaren defendatzaile sutsuenen gaitz hilgarria izan daiteke merkatuaren kolonizazio prozesu hori, produktu politikoa 30 segundoko iragarki erakargarriaren bidez saltzen dela sinetsirik. Nork iragarki hobea, horrek garaipena. Automiresmen dosi gehiegiak eta merkatu jarrera oldarkorrak euren arteko barne-aliantzak, osaera organikoak eta adostasun taktikoak zartarazi ditu etxe politiko batean baino gehiagotan.

Espainiako eskuinzaleen arteko zatiketak ere badu norbere enpresari arrakastatsuen gaitzetik zerbait. Bakoitzak bere proiektua, bakoitzak bere irudia, bakoitzak bere zilborra. Merkatuan balioa ulertzeko dagoen era hedatu da korronte laranja, urdin eta ultraberdeetara. Balioarentzat, munduak ez du mugarik ez oztoporik, bere hazkuntzaren bidean topatzen duen guztia irentsiko du, birrinduko du. Ez dago balioan jar ezin daitekeen ezer, dena da balio potentzial, giharra puzteko elikagai. Bada, politika hipermodernoaren ajeak antza, autobegirada nartzisistak ere bide berbera jarraitzen du, ezin da ezer traban jarri, etengabe puztu daiteke, mugarik ez duen prozesu hazkorra da, Barne Produktu Gordin psikologikoa. Irudiaren burtsan altu kotizatzen duten hautagai aurrefabrikatuek produkzio akats bat izan dute ordea, konplexurik gabeko automiresmen gehiegiz egin dituzte. Christopher Lasch historialari eta soziologoak, nartzisismo garaikidearen inguruko lanetan aztertu zuenez, mundua euren buruaren zabalpen gisara ulertzen dute subjektuok; ez dago ezer eurengandik autonomoa dena, ingurua euren buruaren proiekziotzat hartzen dute, nahieran moldatu eta kontrolatu dezaketela sinetsiz.

Zentzu psikoanalitikoan, subjektibotasun mota horiek hutsak daude barrutik, ez dute gaitasunik inguratzen dituzten harreman, objektu edo errealitate hurbilekin lotura asegarriak izateko, guztia hasi eta bukatzen da euren zilborrean. Haur jaioberriaren bulkada primitiboak errepikatzen ditu lider politiko nartzisistak, inguratzen duen mundua bere neurrira egina behar duen objektu manipulagarria besterik ez dela pentsatuz. Oso ohikoa da lider nartzisistarentzat edozein esparrutan ezarritako arauak itxuraz soilik betetzea, iruditzen zaio bera horren gainetik dagoela, traba baino ez diote egiten bere gurariak asetzeko bidean. Eskuinaren batasunaren dogma hausteak badu zerikusia hiru izaera handinahirekin, etengabe eraberritzen den ni-aren gose aseezinari jaten ematearekin.

Erisikton greziarraren kondaira klasikoa ekartzeak badu politikagintza garaikidearen ilustrazioa egiteko nahikoa eduki. Antza, Erisikton aberatsak, bere etxeko jantoki erraldoia handitu nahi izan zuen, jainko greziarrei erronka joz. Zigor gisa, egunero eraberritzen zen gose asegaitza bidali zioten, sekula berdinduko ez zuena. Bere jauregiko jaki oparoak irentsi zituen lehenik, ondoren ingurukoen elikagaiak eta lor zitzakeen mokadu guztiak, harik eta, etsipenaren etsipenez bere gorputz atalak jaten bukatu zuen arte, geroz eta txikiago, ahulago eta uzkurrago bilakatuz. Kondaira hori metafora argigarria izan daiteke geure gizartea ezaugarritzen duten merkatu joera nagusien azterketan, eta noski, Espainiako eskuinaren zatiketaren diagnostikoan, lehenaren moldeak, logikak eta egiteko modu suntsitzaileak autoaplikatzeagatik.

Batetik, kapitalismoaren makineria birrintzailepean ardazten eta antolatzen den geure gizarte garaikideak gaitz berbera du, oparotasunaren munduan gosez hiltzea. Hari beretik, eskuin (eta zenbaitetan ezker) nartzisistak ere bere burua kondenatzen du, eremu politikora merkatuaren erak eta arrakasta moldeak ekarri nahi izateagatik. Bestela esanda, Entrepreneurship politikoak hesteak nahastu dizkio eskuin espainiarzale autoritario eta kontserbadoreari. Espainiar banderaren merkatuan norbere enpresari lartxo. Nartzisismoa eta kapitalismoa, elkar akabatuko duten bi adiskide baina elkarrekin bizi behar dutenak ezinbestez.

Autosuntsipenaren kontzientziarik hartu gabe, etor daitezela arima nartzisista gehiago, gose aseezin iraunkorra duten izaera handinahi eskuindar gehiago, hiru baino ispilu gosetu gehiago, sustatzen duten logika eta mundu ulerkera propioak leherraraziko dituelako, harik eta Erisiktonek nola, euren gorputz atalak irensten bukatuko duten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.