Artea gerra arma da

Jon Argintxona Badiola - Gernika Memoriaren Lekuko taldea

2019ko maiatzak 14
2017. urtean, Gernika-Lumoko memoria, kultura eta giza eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen, Gernikako bonbardaketaren urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko. Programa orokor bat egin eta zabaltzea lortu zen, beti talde bakoitzaren autonomia eta nortasuna errespetatuz, edukiei zein hedapenari buruz.

Hurrengo urterako zenbait talderen arteko komunikazio mailako harremana mantendu bazen ere, oinarrizko talde bat bildu ginen, helburu bik elkartuta: Gernika-Lumok memoriaren leku bezala euskaldunontzat eta nazioartean duen izaera eta garrantzia azpimarratu, nabarmendu eta landu; eta, aurrekoarekin lotuta, Guernica margolana Gernikara ekartzeko ekimena bultzatu, eta, maila guztietan, horren inguruko eztabaida publikoa piztu. Horrela sortu zen Arrano Kultur Taldeak, Ipes elkarteak, Sare Gernika-Lumok, Lobak, Gernika Batzordeak eta Gernika Garretan-ek herri-antzerkia osatzen duten Guernica Gernikara. Gernika Memoriaren Lekuko elkarlanerako espazioa. Eta horrela sortu dugu aurtengo apirilaren 1ean www.guernicagernikara.eus web orrialdea, gure hausnarketa eta elkarlanaren emaitza, eta aldi berean, Gernikak Euskal Herriko historiarentzako eta leku-izen sinboliko gisa daukan garrantzia dela-eta, hausnarketa eta elkarlan orokor eta zabalago baterako tresna moduan.

Apirilaren 1ean aurkeztu genuen. Eta aukeratutako data ez da kasualitatea, gure ekimena neutrala ez den moduan.

Badira 80 urte, 1939ko apirilaren 1ean, Franco Generalisimoaren Kuartel Nagusiak 1936ko gerraren amaiera adierazten zuen azken partea argitaratu zuela. Partearen idatzia laburra eta hotza da, baina bere laburtasun horretan iraultza arrotz gorriaren kontrako, Anti-Españaren kontrako, Gurutzada handiaren testuinguru osoari azkeneko zilegitasunaren gaina ezartzen zaio. Testuak dio: «Parte Oficial de guerra correspondiente al 1º de Abril de 1939, III Año Triunfal. En el día de hoy, cautivo y desarmado el Ejército rojo, han alcanzado las tropas Nacionales sus últimos objetivos militares. LA GUERRA HA TERMINADO. Burgos, 1º de Abril de 1939. Año de la Victoria».

Jakin badakigu, ordea, amaiera gabeko gerra izan zela hura. Diktadurak zapalduta, garaipenaren eta bakearen urteen mugarri luzeek, izua, heriotza, erbestea, kartzela, kontzentrazio esparruak, lan behartuak, lapurretak, konfiskazioak, desjabetzak, gezurra eta ahanztura ezarri zuten. Larrutik ordaindu zuten borboitar monarkiaren antzeztokiak babestuta aspalditik jasotako botere eraikinari aurre egin nahi izan zutenek, Espainiako Gerra Zibila, ez zelako «gerra zibil» arrunt bat izan (horrelakorik esaterik badago).

Batetik, guda hura iraultza eta kontrairaultza, antifaxismo eta faxismoaren nazioarteko gudaren atal bat izan zelako. Nazioarteko guda hori, formalki, Euskal Herrian 1936. urtean hasi eta 1944 arte iraun zuen, II. Mundu Gerraren barnean, azken nazi soldadu multzoak Zuberoa utzi zutenean. Ikuspegi zabal batekin, denboran eta espazioan testuinguru orokor horrek azaltzen baititu, ezerk baino hobeto, II. Errepublikaren kontrako matxinadaren ezaugarriak eta iturburuak.

Bestetik, borboitar erregimenaren zapalkuntzaren zutabeak ziren armadaren, Elizaren eta jabeen pribilegioak bermatzen zituzten erakunde eta egiturak, modu biolentoan erantzun zieten haien nagusitasuna arriskuan jartzen zuten elementu berriei. Sakon-sakonean, oso arriskutsutzat hartzen zituzten egoera, talde, balio, eskari berriak gorrotoz beteta ezabatzeko mobilizatu ziren.

Agerikoa zen matxinatuen asmoa, arerio soziokultural eta politiko-ideologiko eta politikoen garbiketa zen lehen momentutik. Matxinada gerra bihurtu, eta garaipenaren ondoren, frankismoak erregimenaren nagusitasuna behin betiko bermatzeko ezarri zuen garbiketa sozial, politiko eta ideologiko masiboak dimentsio orokorra eduki zuten. Eta hortik eratorrita, benetako eraldaketa politikorik egon ez zelako, diktadorearen azken urteetan eraikitako erreforma eta trantsizioa, 1978ko erregimena, oinarri eta sustraietan ezarri ziren, desberdintasun sozial sakonak bermatzeko eta nazioen zapalkuntzaren arauak eta erakundeak inposatzeko. Zelan ahaztu prozesu hori, gaur eguneko Euskal Herriko, Kataluniako eta Espaniako gertakizun politikoak ikusten ditugunean?

Zelan ahaztu Guernica Espainiara eroatea trantsizio horren legitimazio osagarri garrantzitsua izan zela, eta espainiar agintariek horrela ulertu zuten eta ulertzen dutela? Carmen Calvok, orduan Zapateroren Kultura Ministroak, gure herrian, 2007an, Picassoren margolanari buruz antolatutako erakusketaren katalagoan zioen bezala: «1981ean iritsi zen Pabo Picassoren Guernica Espainiara. Margolan bikain hau bihurtu zen askatasunak berreskuratzearen eta Espainiako trantsizioaren ikur».

Guretzat, Guernica hori baino askoz gehiago da. Guretzat, Gernika-Lumo gure herriaren esanahi sinbolikoaren ezaugarriak askoz haratago doaz. Gure historiaren, gure memoriaren guneetako bat, elkartasunaren bidez mundura zabaldu nahi duguna, mundua gurera ere ekarriz. Ez dugu dudarik Guernica gure artean askatasun tresna eraginkorra litzatekeela.

Web-orrialde honekin munduan zehar beste batzuekin topatzea, hausnartzea eta elkarlanean aritzea nahi dugu, baina ez hori bakarrik: Gernika bakearen eta kulturaren herria izan behar bada, gizakiontzat eta herrientzat justiziaren, egiaren eta askatasunaren edukiekin eraiki behar delako da. Guernica Gernikara aldarrikapenaren zergatia eta berezko esanahia azaldu eta zabaldu, eta, ondorioz, zapalkuntzaren, militarismoaren, faxismoaren munstroei aurre egiteko tresna bat sortu nahi izan dugu.

Arteari buruz 1945eko elkarrizketa batean Picassok esandakoa gogoratu nahi genuke, amaitzeko, Guernica Gernikara gure aldarrikapenarekin, gure ideiekin bat datorrelako, borroka politiko progresista eta ekintzailearen beharra inoiz baino beharrezkoa delako: «Zer da artista izatea? Tontolapiko bat begiak dituena soilik margolaria bada, belarriak musikaria bada, edo bihotza betetzen dion lira bat poeta bada? Edo alderantziz, izaki politiko bat da, gertaera lazgarrien edo pozgarrien kontziente dena, eta era guztietara horri erantzuten diona? Nola izan liteke posible besteenganako interesik ez izatea? Ez, margolanak ez dira egiten etxeak apaintzeko. Gerrarako tresna dira, etsaiari aurre egiteko eta defendatzeko».

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IZENPETU DUTE: Ibon Meñika Orue-Etxebarria, Hibai Muinozguren, Maitane Azurmendi, Aitor Amutio, Itxaso Amunategi, Sabin Ibazeta, Camino Saiz, Maitane Uriarte, Xabier Onandia eta Aitor Iruskieta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna