Ospakizunak

2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ospakizun garaiak bizi ditugu. Efemeride loriatsuen bostehungarren, hirurehungarrenurteurrenak Espainiako historia ofizialean. Nafarroako erresuma Gaztelakoak konkistatuta (Espainiaren batasuna eta sorrera), Mundu Berria deskubrituta, lehenengo mundu bira eginda, Espainiako Indar Armatuei aintza eta loria eman zizkioten euskal marinel eta militar garrantzitsuen jaiotza, etab. Testuinguru horretan parte hartu dute espainiar armadako buruek erakunde ofizial zein pribatuek antolatutako hitzaldi eta ekitaldi publikoetan. Horren erakusgarri dira San Martzial Guduaren V. Mendeurrenaren Fundazioa delakoaren sorrera eta Donostian egingo den jardunaldia: Hitzaldiak Martxoa-Urria, 1719-2019 hamar hitzaldiko Programa. Bertan, egungo Albako Dukeak zuzenean parte hartuko du.

Donostian programatutako hitzaldien xedea da ezagutzera ematea, behin 1714an borroka amaituta, Habsburgo Etxearen eta Borboi Etxearen aldezleen arteko Ondorengotza Gerran izandako eztabaida familiarren oihartzunak. 1714ko hartan, gerrako harrapakin gisa parte hartu zuen Gipuzkoak; garai hartan gertatu zen Donostiako eta Hondarribiko gotorleku militarren aurkako setioa, Espainiako iparraldeko mugaren defentsan. 67. zenbakiko Tercio Viejo de Sicilia erregimentuak parte hartu zuen han.

Nazioarteko politika arrazoiak tarteko, 1719an Gipuzkoa inbaditu zuen Berwick mariskal frantsesak. Abuztuaren 1ean eman zuen amore Donostiak. Berwickek foruak errespetatzea eskaini zuen, Gaztelarekiko aduanak itsasertzera berriki lekualdatzeagatik euskal herritarrek zuten atsekabe orokorra baliaturik. Horretarako, negoziatzen hasi zen hiru euskal erakundeekin. 1719ko abuztuaren 7an Frantziako erregeari egingo zion men Gipuzkoak; hilaren 18an Donostiak, eta 29an Arabak. Bizkaiak, jada hilaren 11n, diputatu bat bidaltzeko gonbita jaso zuen. Gipuzkoa harremanetan jarri zen Berwickekin Gipuzkoa Espainiari itzultzekotan Ingalaterrak eta Frantziak Gipuzkoako foruak errespetatuko zituztela bermatzeko, eta horrenbestez, lehenengoz sartu zen Gipuzkoa nazioarteko diplomaziaren jokoan.

Aldi berean, Gipuzkoako probintziaren estatus juridiko berezia aztertuko dute. Aztergai izango dituzte1719an estatus hori defendatzeko xedean hartutako erabakiak eta XVIII. mendearen lehen erdialdeko Donostia ezaugarritzen zuten gizarte, ekonomia, kultura eta politika arloetakoak, baita Historiaren beste hiru mendeei dagozkien izaera orokorreko beste arlo batzuk ere.

Programatutako azken hitzaldia espainiar indar armatuek atzerriko bake misioetan egiten dituzten lanak nabarmentzeko da; armada amerikar, ingeles eta frantsesek ez bezala, horiek bere herrialdeen interes ekonomikoen defentsan jarduten baitute, espainiarrek GKE baten modura jarduten dute, eta Espainiaren herri altxorrari gastuak eragiten dizkiote.

Izugarria da azken bostehun urte hauetako balantzea Espainiarentzat. Eguzkia inoiz ere sartzen ez zen Estatua izatetik, hain baitzen handia, gaur egun Ceuta eta Melillako hiriak eta Gibraltarreko arantza baizik ez ditu. Egoera tamalgarri horretara iristeko, Hitzaldien programan azalduko diren gudu handiez gain, komuneroen gerra, bost matxinada, Zamakolada bat, hiru karlistaldi eta hiru matxinada karlista, lazeria eta emigrazio aldiak, 36ko gerra zibila eta gerra ostea jasan behar izan ditu herri xeheak, kontuan hartu gabe gizarte eta politika mailako liskarrek urte hauetan guztietan eragindako matxinada eta indarkeria egoerak.

XXI. mendean izaera kritikoz aztertu behar da historia, eta ez iraganeko pentsamoldearekin. Espainiako Historia ofizialaren eta Historia errealaren arteko aldea da arazo. Nozitzen ditugun ospakizunak Historiaren ikuspegi partzial, lerratu eta zurrunaren ondorio dira, eta ez du behar bezala balioesten borroka loriatsuek eragindako giza kostua; ez zuzenean gudularien artean izandakoa, ez herritar zibilen artean eragindakoa, eta borroken amaieraren emaitza ere ez.

Ofizialki ez da aitortzen Aro Modernoan (XV. mende amaieratik XVIII. mende amaierara arte) eta Aro Garaikidearen zati handi batean zehar Europa suntsitu zuten gerrek Errege Etxeen arteko dinastia-ondare aldeek eta Estatuen arteko Tratatuek —familia artekoak ziren asko eta asko— ez betetzeak eragindako desadostasunen ondorio izan zirela, bakearen helburua europar monarkien artean —espainiarra barne hartuta— lurraldeak banatzea zela, betiere mendekoak ahantzirik, nahiz eta mendeko horiek ziren guduetan borrokatzen zirenak eta gabeziaren eta krisialdi ekonomikoen ondorioak jasaten zituztenak. Izan ere, Erregearen aberastasuna Estatuarena zen, eta horrexegatik hain zuzen ere Estatu-Errege guztiek nahi zuten beren ondare partikularra emendatu beharreko guduen bitartez lurraldeak anexionaturik.

Europa osoan Aro Modernoko absolutismo monarkikoa islatzen du Luis XIV.aren neu naiz Estatua esaldiak. 1789ko Iraultza Frantsesak eman zion amaiera, orduan emango zion hasiera ilustrazioaren izpiritua garatuko zuen despotismo ilustratuaren «guztia herriarentzat, baina herririk gabe» esaldiak irudikatzen duen Aro Garaikideak.

Urte asko joango ziren estatuaren ondasun publikoa eta errege etxearen ondasun partikularra bereizteko, erresuma erregearen negozio partikularra ez izateko, eta oraindik herrialde guztietan modu homogeneoan gainditu ez den gai bat dela esan behar da. Ilustrazioan sakondu behar izan zen, ogasun publiko modernoa eta banku zentralak garatu eta sortu behar izan ziren, erregeen helburu ekonomiko ase ezinak mugatzeko eta soluzio demokratikoetan aurrera egiteko.

Erantzukizunik gabeak hiltzen dira gerretan, eta etsaien legezkotasunik ezean oinarritutako aldearen legezkotasunik eza da agerian utzi beharrekoa. Gerra ostean beti izaten dira herritarrentzat ezin okerragoak diren ondorio politiko, ekonomiko eta sozialak. Amai bitez gerrak eta gora demokrazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.