Unai Pascual.

1.000.000 espezie desagertzear, eta guk horren aurrean zer?

2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Orain dela gutxi, munduko hainbat komunikabidek lerroburu antzeko bat erabili dute: Ezer egin ezean, hurrengo hamarkadetan mundu osoan milioi bat espezie desagertzeko arrisku bizian dago. Informazioa Bioaniztasunaren eta Ekosistemen Zerbitzuen inguruko Nazioarteko Plataformak (IPBES) egindako txosten batetik jasoa da. Txosten horren egileetako bat izanik, egunotan hainbat nazioarteko eta bertako komunikabidetan elkarrizketak egin ditut horren inguruan. Bioaniztasunarena krisi ekologikoa dela ikaragarri mediatizatu da, horrek komunikabideen interesa areagotu duelarik. Honela, hainbat elkarrizketa egin dizkidate Europako, Asiako, Hego Ameriketako, nahiz Estatuko eta Euskal Herriko komunikabideek. Elkarrizketa horietatik sortu diren ideia nagusi batzuei lotuko natzaie tarte honetan, uste baitut erreflexio kolektiborako baliagarriak izan daitezkeela gizartearen eta naturaren inguruko harremanen oraina eta etorkizun hurbila marrazteko. Hona hemen eztabaida orokorrago bat elikatzeko galdera eta hari erantzuteko nire ikuspuntua.

Bioaniztasunaren gainbehera krisi sozioekonomikoaren isla al da? Ekologiaren ikuspuntutik, bioaniztasunaren kontzeptua zientifikoa da. Espezie eta ekosistemen dibertsitatearekin lotutakoa, hain zuzen ere. Modu orokorrean esanda, bizitzaren dibertsitatea adierazten duen ideia modernoa da bioaniztasunarena. Ekologia zientziaren arabera, bioaniztasunak ekosistemen funtzionamendua erregulatzen du, eta jakina da guk ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak (jakiak, ura, oxigenoa, etab.) beharrezkoak ditugula gizakiaren biziraupenerako eta baita garapenerako ere, hitz horren edozein esanahi hartuta ere. Hori dela eta, bioaniztasuna ekonomia ekologikoaren ardatz nagusitzat har daiteke. Are gehiago, ekonomia gizarteak berak (era indibidualean zein kolektiboan) ondasunak nola eta zertarako kudeatzen dituen ezagutza sistema den heinean, ekologia, naturaren barnean bizidunen artean ematen diren erlazioak aztertzeko baliatzen dugun ezagutza sistema da. Biak elkarrekin hartuta, ekonomia ekologiaren helburua sozio-ekosistemak aztertzea da; hau da, ekonomiaren adar horrek bizidunen arteko (gu tarteko) energia eta materialen fluxuen erlazioak zeintzuk diren eta horiek epe laburrean zein luzean gizartearen ongizatearen gainean zer eragin izango duten aztertzea du helburu.Hori argituta, errepara diezaiegun txosteneko datu batzuei, ekonomia ekologikoaren ikuspuntutik bioaniztasunaren krisia gurean dagoela esateko.

Zientziak urte asko daramatza munduan zehar ezagutzen ditugun espezieen (eta ezagutu ez, baina estimatu ditzakegun espezieen) desagertzeko arriskuazinbentarioak egiten. Dugun ezagutza hoberenaren arabera, gurekin batera zortzi milioi espezie bizi dira gure planetan; horietatik gehienak intsektuak (5, 5 milioi), landareak eta animaliak direlarik (2,5 milioi). Egindako estimazioen arabera, gutxi gorabehera intsektuen %10a eta beste espezieen %25a dago desagertzeko arriskuan. Kalkulagailuaren beharrik gabe, horrek esan nahi du milioi erdi intsektu eta beste milioi erdi landare eta animalia daudela desagertzeko arriskuan. Hortik, orotara komunikabideen lerroburuek dioten milioi bat espezie. Beste era batera esanda, hamarkada gutxiren buruan existitzen diren zortzi espezietatik bat galtzeko zorian izango da. Atzeraezina den gaia da hau. Espezie bat galtzen denean, galera hori betirako da. Batzuen iritziz, planetaren historian, bioaniztasunaren seigarren suntsipen prozesuan barneratuta gaude. Hitz potoloak dira horiek.

Egia da kognitiboki zaila egiten zaigula bioaniztasunaren arazo larri horrek guregan zein eragin konkretu duen jakitea. Hori dela eta, zientzialariek buru-belarri jarraitzen dute bioaniztasuna eta ekosistemen zerbitzuen arteko erlazioa aztertzen. Esan beharrekoa da galdera hau naturaren balio instrumental eta utilitarista batean dagoela txertatua, eta zientziaren interes handiena hor kokatuta dagoela. Hortik dator ekonomia berdearen leloa. Dena dela, bioaniztasunaren balio instrumentaletik haratago, egoera hau krisi etiko baten isla ere bada. Beste espezien existentziaren gaineko erantzukizuna dugu esku artean eta askotan pentsatzen dut etikoki gutxi inporta zaigula. Ekonomia berdearen pragmatismoak alde iluna dauka: balio etikoak zokoratzea, hain zuzen ere. Horregatik, ekonomia berdeaz hitz egin beharrean ekonomia ekologikoaz hitz egin beharra. Semantikaren garrantzia ezin alde batera utzi. Beraz, artikulu honen bidez planteatutako galderari erantzuna eman diezaiokegu: gizartearen ongizaterako beharrezkoak diren ekosistemen zerbitzuak bermatzen dituen kapital naturala izanik, eta ikuspuntu etikoa kontuan izanik, argi dago bioaniztasunaren gainbehera globalean krisi sozioekonomikoaren isla nabaria dela. Bioaniztasunaren eta klimaren krisiak, biak ala biak, askoz handiagoa den zerbaiten bi adierazle nabarmen dira. Urpean dagoen eta ikusi nahi ez dugun ekonomia sistemaren icebergaren punta besterik ez da. Titanik-en antzera, icebergaren kontra jotzeko bidean egon ez ezik, erregai (fosil) gero eta gehiago darabilkigu, itsasontziaren abiadura handituz, eta gidariek, hazkuntza ekonomikoaren festan mozkorturik, norabidea aldatzeko beharraz jabetu gabe jarraitzen dute.

Egungo ekonomia ereduaren eraldaketa beharrezkoa dugu, etikarengatik eta benetako gehiengo zabal batentzako garapena bermatu ahal izateko. Pertsonenganako eta naturarenganako begirunea izango duen sistema ekonomikoa eraikitzeko premia gero eta handiagoa dugu. Gehienetan interes boteretsuen gainean jartzen dugu fokua. Hori beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Munduan zehar klase ertainak hazkuntza ekonomikoaren tartaren zati handiagoa nahi du, eta horretarako maiz agertzen zaigu prest, inongo konplexurik gabe, boteredunen diskurtsoa onartzeko, baztertua eta babesgabe dagoen ororen kontrako lan zikina eginez. Zientzialariok askotan diogu krisi ekologikoak pobreei eragingo diela gehien. Hori horrela izanda, uste dut klase ertainaren miopiak gero eta dioptria gehiago dituela, uste baitu sistema ekonomikoak babestuko dituela behar duenean. Usteak ustel. Enpatiatik, etikatik eta pragmatismo politikotik abiatu behar dugu eraldaketaren fasea, bestela ez baita eraldaketarik izango. Milioi bat espezie horiek gure zain daude. Ez diezaiegun hutsik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.