Francoren deshobiratzea, garai baten amaiera ote?

2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Parlamentuak erabaki zuen duela urte bi jadanik, Franco Cuelgamuroseko (jatorrizko toponimia erabili behar dugu eta ez Frankismoak asmaturikoa) haraneko monumentu publikotik deshobiratua behar zuela.

Baina Partidu Popularreko presidenteak, Rajoy jaunak, ez zion jaramonik egin, frankismoaren oinordekoen partiduko kide zelako, agian. Oraingo Espainiako presidentea, aldiz, Sanchez, saiatu da, baina urte bat baino gehiago dirau gorpuzkiak Estatuak ordaintzen duen monumentu publikotik atera eta aldatu ezinik. Gertakizun hauek egiaztatzen dute zenbateraino dagoen erroturik frankismoaren kultura politikoa. Europako monumentu faxista nagusiena, nazional-katolizismoarenak, Cuelgamorosen dirau. Baina zergatik? Europan demokraziak faxismoari gerra irabazi ziolako eta, beraz, monumentu, kartzela eta ikur faxistak edo nazional-sozialistak birmoldatu direlako. Baina Espainian antifaxismoak ez zuen garaipenik lortu 1970eko hamarkadako igarobidean, agenda politikoa erabat berriztatu arren. Euskal Herrian Eusko Legebiltzarra, Foru Parlamentua eta Batzar Nagusiak antolatu ziren (1979-1980).

Euskal Herrian, agian, 1970eko hamarkadan antifaxismoa nabarmenagoa izan zen gizarte zibilean, baina frankismoa ez da landare arrotza Euskal Herrian, Francoren eraso militarraren aldeko zibilek, monarkiazale eskumatarrek eta karlistek, 1936ko hauteskundeetan, oinarri indartsua erakutsi zuten. Iparraldeko Eskualduna kazetaren zuzendari S. Arotzarenak Mola eta Francoren aldeko euskaldunak goratzen zituen eta Agirreren euskaldun demokratak arbuiatu. Baina Frantzian indar antifaxistak irabazle zirelarik, Eskualduna kazeta desagerrarazi zuten (1944). Giza eskubideak abiapuntu hartzen zuen sistema, demokratikoa zen. Eta baionar bat, R. Cassin, izango zen, besteak beste, 1948ko Nazio Batuen giza eskubideen aldarrikapen unibertsalaren eragile zuzen zuzena. Agirreren gidaritzapeko Eusko Jaurlaritzak atzerrian, Francoren garaian, ikuspuntu demokratikoan oinarrituriko kontakizuna burutu zuen. Irakurri besterik ez dago 1980an J.M. Leizaolak irakurri zuen hitzaldia Eusko Legebiltzarreko lehen bilkura nagusian. Oinarri eta balio demokratikoetan oinarriturikoa, errepublikaren legitimitate demokratikoarekin lotura eginez.

Sanchezek orain gutxi New Yorkeko Nazio Batuen foroa erabili zuen aldarrikatzeko Francoren deshobiratzea monumentu publikotikgertatu ondoren, demokraziak irabazi zuela. Eta hori horrela da, zalantza barik. Baina horrek ez du halabeharrez ekartzen frankismoak eragindako giza eskubideen aurkako biktimen eskubideen onespena. Gizartean fenomenoak ez dira gertatzen mekanikoki. Kontraesan nabarmena dugu adibidez, gizarte demokratikoan Frankismoa goratzeko monumentu publikoak izatea, Cuelgamurosekoa bezalakoa, eta Francoren omenezko Fundazio pribatuak ere bai.

Frankismoak 1955ean Nazio Batuen kide izatea lortu zuen. Baina Europako merkatu ekonomikoan sartzea ez. Lehen igarobide saiakera diktadura faxistatik demokraziarantz 1962an abiatu zen, gerrako bi aldeetan etsai zirenak Munichen bildu zirenean Europaren aldeko mugimendu demokraten babespean.1975ean Franco diktadorea hil ondoren Francorik gabeko Frankismoa abiatu zen. Fragak igarobide geldoa nahi zuen, 25 urtekoa edo. Baina herritar askoren eraginez, azkartu zen prozesua eta azkenik partidu bakarreko idazkari nagusi A. Suarezek gidatu zuen igarobidea diktaduratik aniztasunezko demokraziarantz. Amnistia legeak ahaztura inposatu nahi izan zuen, eta 1978ko konstituzio politiko berriak eten juridikorako oinarria jarri zuen frankismoarekiko, baina Estatu frankistaren hainbat inertziak bere horretan irauten zuten.

Beste herrialde askotan, Hego Amerikan, Afrikan, Egiak lantzeko batzordeak sortu ziren, diktadurapeko ekintzak eta ustelkeriak ebaluatzeko. Euskal Herrian eta Espainian, parlamentuek ez dute sortu horrelakorik. Baina, 1977an ezinezkoa zena zergatik ez 2019an?

Sanchezek Kolonbiako «egia sustatzeko batzordearen» eraketa bertatik bertara ezagutu du. Baina Espainian horrelakorik antolatzea arbuiatu egin du, eta diktadurak linboan jarraitzen du. Horregatik, haren aldarrikapena, Nazio Batuetan erakutsi duena, ez da erabat sinesgarria, deshobiratzea ez baita nahikoa. Ez du asmorik, batzorde instituzional demokratiko baten bidez, diktadurapeko giza eskubideen aurkako gertakizunak argitan ebazteko. Agian horregatik ez du nahi koalizio gobernurik.

Euskal Herrian ere Eusko Legebiltzarrak eta batzar nagusiek ez dute horrelako batzorderik sortu, oraingoz. Ekimenak bai, baina geroko geroan gaude. Oroimen publikoaren gaia lantzeko urriaren 17-18an bilduko gara Gernikan Galeuscako historialari akademikoak.

Egiaztatu behar dira baieztapenak eta ezeztapenak, eta erakutsi bizitza publikoan. Ondo egiaztatuz gero, muturtze politikoak baretu egiten dira, giza balioak indartu eta biktimen duintasuna aintzat hartuz gero, espazio komunak asmatzen dira. Oroimena ez baita gauza fosildua, iragan batekoa, memoria aktibatu egiten da une oro, biziberritu. Garcia Marquezen esanari jarraituz, bizitza azken batean ez baita bizi duguna, ondokoari kontatzeko, gogoratzen duguna baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.