Ekologia da, inozoa

2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Maxciel Pereira indigena motorrean zihoan Brasil, Kolonbia eta Perurekin muga egiten duen Tabatingako herriko kale nagusitik tirokatu zutenean. Bi tiro jota hil zen Amazoniako herri horretan. Indigenen Fundazio Nazionaleko (FUNAI) sindikatuak salatu duenaren arabera, Vale do Javari erreserban modu ilegalean sartzen diren ehiztari, egurketari eta urre meatzarien kontra borroka egiteagatik erail dute. Erreserba horretan, isolatuta bizi diren tribu kopuru handiena biltzen da. Austriaren tamaina duen lur eremu horretan, gainerako gizakiekin harremanik izan nahi ez dutenzortzi tribu desberdinetako 6.000 pertsona bizi dira.

Nora Lopez Leonek 45 urte zituen, eta aktibista ekologista eta biologoa zen. Mexikoko Chiapas estatuan guacamaya gorriaren ugalketa proiektuakoordinatzen zuen. Palenquen topatu dute bere gorpua, labankadaz josia. Handik gertu, Chiapasekin muga egiten duen Guatemalan, Diana Isabel Hernandez ingurumenaren aldeko ekintzailea tiroz hil dute. Ingurumen koordinatzailea zen Guatemalako Guadalupeko Andra Maria parrokian, eta 35 urte zituen.

Aurtengo hiru izen-abizen aipatzen ditut batezbesteko beldurgarri bat adierazteko: iaz, astero, ingurumenaren eta lurraren babesaren aldeko hiru pertsona erail zituzten. Global Witnessen Estatuaren etsaiak? informearen arabera, meatzaritza, agroindustria, zur-industria, ura eta proiektu hidroelektrikoekin zerikusia duten gatazkekin lotutako hilketak dira. Zehazki 164 ingurumenaren aldeko ekintzaile akabatu zituzten munduan 2018an, erdia baino gehiago Amerika Latinoan. Filipinek lehen postu makabroa daukate, agroindustriarekin lotura duten 30 erailketa gertatu baitira. Guatemalan hilketak boskoiztu egin dira, eta per capita izandako hilketa kopuru handiena biltzen duen herria bilakatu da. Ertamerikako lurralde horretan, batez ere, bertako komunitateek beraien lurretan garatzen diren hainbat proiektu hidroelektrikori ezetz esateko eskubidea aldarrikatu dutenean gertatu dira hilketak. Mundu mailan uraren babesaren alde lan egiten dutenen artean hilketa kopurua asko igo da: 2017an lau pertsona hil zituzten; urte bat geroago, 17.

Aurtengo txostenak orain arteko joera konfirmatzen du, hots, Amerika Latinoa munduko lurralde arriskutsuena da ekologistentzat. 2018an 80 ekologista hil zituzten bertan, eta lehen aldiz Kolonbiako hilketa tasak Brasilekoa gainditzen du. Bolsonarok gobernatzen duen herrialdean 20 pertsona erail zituzten. Kolonbian, lurra babesten duten 24 pertsona hil dituzte. Gero eta gizaki gehiagok planeta babesteko aldarriarekin bat egiten dugu, baina, tamalez, lurra eta ingurumena babesteagatik hildakoak ere gero eta gehiago dira. Azken urteetako datuak oso esanguratsuak dira: 2015ean, 185 ekintzaile ekologista hil zituzten munduko 16 herrialdetan. 2016an, gutxienez ingurumenaren eta populazio indigenen eskubideen babesarekin konprometitutako 200 pertsona akabatu zituzten planetaren 24 herrialdetako hainbat puntu gatazkatsutan. 2017an, lurraren defendatzaileen kontrako bortizkeriak eragindako biktimak 197 izan ziren. Hildakoen %40 indigenak dira; horien artean Isidro Baldenegro, Chihuahuako Tarahumaru komunitateko kidea. Ekintzaile ekologistentzat aitorpen handiena duen Goldman saria irabazi zuen 2005ean, zuhaitz mozketen eta indigenen lurraldearen defentsan aritzeagatik. Urtebete lehenago, 2016ko martxoan Berta Caceres hil zuten, Lenca herri indigenako lider ekologista etaGoldman sariduna ere. Nortzuk dira hiltzaileak? Global Witness erakundearen ustez, enpresen segurtasun pribatuetako kideak, estatuko indar militarrak eta sikarioak, batzuetan koalizioan lan egiten dutelarik.

Nazioarteko gobernuz kanpoko erakunde horrek egindako txostenean, lehen aldiz salatzen dira ingurumenaren aldeko ekintzaileak kriminalizatzeko gobernuek darabiltzaten legeak.Erresuma Batuan frackingaren kontrako hiru ekintzaile 15 eta 16 hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu dituzte frackingaren kontra protesta egiteagatik. Baina azpimarratu behar da indigenak direla kriminalizazio kanpainen biktima nagusiak. Red Fawn Fallis indigena estatubatuarrak 57 hilabeteko kartzela zigorra jaso du. Herri indigenek eta ekologistek hilabete luzez Dakota Access Pipeline oliobidearen kontra Standing Rocken antolatutako kanpamentuetan parte hartzen zuenean atxilotu zuten. Donald Trumpek berraktibatutako Dakota Access oliobidea AEBetako jatorrizko herriak sumindu dituen proiektua da. Poliziek kanpamentua suntsitu zuten, eta Red Fawn Fallis aktibistari, lurraren kontra helduta zuten bitartean, su- arma bat disparatu izana leporatzen diote. Berak akusazioa ezeztatu du, eta errebolberra bere mutil lagunak eman ziola adierazi du, bere protesta taldean infiltratutako FBIko agente batek, hain zuzen. Proiektuaren atzean dauden enpresek, Enbridge eta Energy Transfer Partnersek, besteak beste, mertzenario enpresak kontratatu zituzten, eta TigerSwan bezalako taldeak infiltratu ziren, ekintzaile ugari fitxatuz eta zelatatuz.

Klima aldaketaren aferan interes korporatiboek jokatzen duten papera oso garrantzitsua da. Aipatutako Dakota Acces proiektuan BBVAk 120 milioi dolar inbertitu ditu, eta Credit Suisse banku europarra ere milaka milioi dolar inbertitzen ari da. Ekintzaile ekologistek salatzen duten moduan, Europako banku horiek kolonizazioari eta herri indigenen zapalkuntzari jarraipena ematen diote, ama lurraren kontrako genozidioa bultzatuz. BBVAren aurkako Plataformak ohartazi du BBVA kalte handiko makroproiektuen finantzatzailea dela, adibidez Kurdistango Ilisu urtegiarena, 313 kilometro koadro eta 65.000 bat kurduren herriak urperatu dituena. Greta Thunbergek, klimaren aldeko ekintzaile gazteak adierazi duen moduan, planetaren berotzea sintoma bat da; gaitza, berriz, mundua amildegi horretara bultzatu duen sistema ekonomikoa da.

Bitartean, baina, aldaketa klimatikoaren kontrako greba greba burgesa edo postmodernoa dela esaten jarraituko dute batzuek Euskal Herrian. Bitartean, kapitala, betiko moduan, txalotzen ibiliko da, gure eztabaidek Greta Thunbergen pijismoa eta lobby interesen inguruan dihardutelako. Ekologia da, inozoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.