Haizea Barcenilla

Apustuen generoaz

2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Iaz, klaseak ematen ditudan fakultateko kafetegia pare bat hilabetez itxita egon zen. Denbora horretan, ikasleak gosaltzera hurbiltzen diren taberna batean hartu nuen kafea, klasera sartu aurretik. Kirol apustuak egiteko makina bat dago bertan. Azkar jabetu nintzen egunero, astean zehar eta ordu goiztiar horietan, ikasleak, hemezortzi eta hogei eta gutxi urte bitartekoak, makinara hurbiltzen zirela eta apustuak egiten zituztela. Gehienetan bi edo hiruko taldeetan zihoazen, noizean behin banaka. Guzti-guztiak gizonezkoak ziren.

Gaiaren inguruko notiziei erreparatzen hasi nintzen, eta adikzioa asko zabaltzen ari dela irakurri nuen, adin gutxikoen artean ere, eta apustu-etxe ugari irekitzen ari direla, askotan errenta baxuko auzoetan zein institutuen inguruetan. Ludopatia arazo larria bilakatzen ari da, baina horren kontra egiteko proposamenen artean ez dut oraingoz inolako genero hausnarketarik ikusi.

Aipatzen da, bai, «sexua arrisku faktore bat dela», baina berrien azkeneko lerroetan, eta kontuari dagokion neurria eman gabe: ludopatia gainditzeko zentroetara jotzen duten %85etik %95era gizonezkoak dira. Beraz, gizonei eragiten dien gaitz bati buruz ari gara, nahiz eta denon arazo sozial gisa aurkeztu. Eta noski halako adikzio batek bere ingurune osoari eragiten diola, baina modu berean eragiten dio ingurune osoari emakume bat azpiratua izateak, eta hori «emakumeen arazoa» kontsideratzen da.

Hala ere, apustuen kontuan, inoiz baino beharrezkoagoa da sexuaren eta generoaren arteko bereizketa egitea: zakilarekin jaiotzeagatik dute gizonek adikziorako erraztasun handiagoa? Edo gizon gisa sozializatuak izan direlako dute joera hori? Alegia, non datza arazoa, sexuan edo maskulinitatean?

Interneten «ludopatia» eta «generoa» idatziz gero, ohi bezala, emakumeen ludopatia kasuak aztertzen dituzten ikerketa gutxi batzuk agertzen zaizkigu. Guztiek zehazten dute oso profil desberdinak dituztela jokoan dabiltzan gizonek eta emakumezkoek. Jolas desberdinak aukeratzen dituzte, adikziora abiadura desberdinean pasatzen dira eta gizonezkoen artean, joko desberdinen adikzioa konbinatzen da maiz. Baina ikerketek naturaltzat jotzen dute sexuen arteko bereizketa hori, generoak eraikuntza sozial gisa erantzun desberdinetan zein eragin duen galdetu gabe.

Faktore horren falta bereziki deigarria da gaitzak gehien erasaten dien gizonen kasuan. Deigarria, baina ez sorpresa: uste ohi da emakumeak garela generoa ikasi eta performatzen dugun bakarrak, gizonak «normalak» eta «neutroak» diren bitartean. Ordea, gizonek ere genero agindu oso indartsuen bitartez eraikitzen dute euren identitatea. Maskulinitatearen forma hartzen dute aginduok, eta nago horiek aztertuta ludopatiaren ezaugarri batzuk hobeto ulertuko genituzkeela.

Adibidez, informeek diote gizonezko askok arazo psikologikoei ihes egiteko baliatzen dutela apustua. Adikzioa garatu zuen talde batean egindako ikerketak erakutsi zuen zaletasuna bizitzako gertakizun estresagarrien ostean larritu zela; horien artean senide edo lagun baten heriotza, ezkontza eta dibortzioa aipatu zituzten. Hau da, emakumezkoen adikzioa patologiari lotuta joan ohi da, eta gizonezkoen kasuan, berriz, bizitzak ekartzen dituen egoera emozional konplexuei aurre egiteko zailtasunekin lotzen da.

Gizonek zailtasun handiagoa ei dute emozioak kudeatzeko, baina berriz ere, zerikusia al du horrek ugalketa organoekin? Ez al datozkigu burura «mutilek ez dute negarrik egiten» edo «neska dirudizu, guztiagatik kexaka» moduko esaldiak eta euren inguruan eraikitzen dena? Gizonezkoei ez bazaizkie ematen arazo emozionalei aurre egiteko tresnak, hauen aurrean bestelako konponbideak edo ihesbideak bilatuko dituzte.

Bestetik, prentsako artikulu batean oso termino aproposa erabiltzen zuten: putoamismoa. Puto amoaren eredu ezagunena futbolean arrakasta izan eta diruz, luxuz eta emakume ederrez inguratutako gizonezko heterosexualaren irudia da. Baina ba al dago irudi hori baino maskulinitatearen irudikapen toxikoagorik? Berekoia, harroa, ahultasuna sekula erakusten ez duena, agresiboa, ausarta eta arriskatua. Beti lehiatu eta irabazten duena. Ez da harritzekoa apustuen publizitatea egiteko halako pertsonaiak hautatzea, halako gizonek, benetako gizonek, ez baitute sekula galtzen; eta ez galtzea da apustuen erronka. Proiektatzen dutena, beraz, ez da soilik ospe eta diru kontu bat: gizon eredu zehatz bat da irudi horretan igortzen dena, eta arrakastaren sinbolo bihurtzen da.

Beharrezkoa da betaurreko moreen begirada gizonezkoei ere zuzentzen hastea, eta maskulinitate toxikoekin bestelako ondorio sozialak aztertzea. Asko duzue gizonek irabazteko, eta are, zuen ardura ere bada bide horri ekitea. Bada horretan lanean dabilenik, baina argi dago ez dela nahikoa. Ondo dago apustu-etxeen irekiera eta publizitatea kontrolatzea, baina nago maskulinitatearen genero ezaugarriak sakonean aztertu eta lantzen ez ditugun bitartean, lokaletan, tabernetako makinetan edo Interneten dela, gazteen apustuek gora egiten jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.