Kanpainaren gaineko kanpaina

2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Aspaldi da ikastolan aldapeko sagarraren adarraren puntan izeneko abesti hura ikasi genuela. Abesti hark zioenez, han, puntaren puntan, txori bat zegoen kantari, baina inork ez genuen oso argi zer kantatuko ote zuen txoritxo hark. Ba, abestian gertatzen denaren kontrara, Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren etengabeko errepikapen honetan, abestiak oso argi, argiegi daudela dirudi, eta, azkenerako, txoritxoa nor den jakitea besterik ez zaigu faltako.

2019a kanpaina urtea izan da Espainian. Ez da egunik igaro alderdiek hauteskundeak buruan izan gabe: apirilekoak lehenengo, maiatzekoak ondoren, azarokoak gero. Eta hauteskundeen hiperrinflazio horrek etengabe kanpainan egotera eraman ditu denak, epe luzeko planifikaziorik gabe, eguneroko mezu labur eta efektisten mende. Hala ere, egon badaude udazkeneko giro honetan udaberrian izan ez genituen hainbat elementu, kanpaina hau baldintza dezaketenak, eta, auskalo, alderdi politiko hainbat ez negoziatzera bultzatu zituen kalkuluak ez betetzea ere eragin dezaketenak.

Alde batetik, nola ez, Kataluniako afera dugu. Azken urtean Espainiako politikako elementu ia monotematikoa denak, presentzia berritua hartu du Auzitegi Gorenak bere sententzia publikatu eta gero. Oso nabaria izan da Espainiako alderdi nagusiek euren diskurtsoa gogortu izana, eta eskuinaren marko ideologiko-mediatikoa indartu du horrek. Alderdi sozialistak berak, gobernuan zegoen bitartean elkarrizketarako aldarriak egiten zituenak, orain telefonorik ere ez dio hartu nahi Generalitateko presidente Quim Torrari. Albert Riverak lider independentistak kartzelan sartzeko irabazi nahi duela esan du. Eta batzuek zein besteek biolentziaren inguruko markoa eraikitzen igaro dituzte azken bi asteak. Gogoratu besterik ez dago Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak egindako adierazpen salagarriak, Kataluniako egoera Euskal Herrikoa izan zena baino okerragoa dela esanez. Erantzukizunik gabeko adierazpenak dira horiek, baina kanpainaren nondik norakoa erakusten dutenak. Alderdi sozialistak bere diskurtsoa gogortu du, Ciudadanosek ustez galduko dituen boto emaileak eskuratzeko asmoz. Federalismoa bera ere galtzeko zorian egon da bidean. Alderdi orojaleen garaian, boto emaileek nola ulertuko dituzte jira-buelta horiek? Kataluniako alderdiek ere, bestalde, nabarituko dute gai horren presentzia emaitzetan, eta CUPen agerpenak mesede nori egin diezaiokeen (edo, hobeto esanda, kalte nori egin diezaiokeen) izango da hauteskunde gaueko elementu garrantzitsuenetako bat.

Baina alderdi sozialistak bere ezker hegala ere zaindu nahi izan du kanpaina honetan. Eta horretarako bila zezakeen mamurik beldurgarriena ere sartu du kanpainan: Francisco Franco. Francoren hezurrak Erorien Haranetik atera eta Mingorrubion hilobiratu dituzte, zuzeneko jarraipen zabal eta guzti; horixe izan da hauteskunde kanpainaren aurreko ekitaldi nabarmenena. Betebehar demokratiko bat zen? Bai. Egin beharreko pausoa zen? Noski. Baina beharrezkoa zen komunikabideek horrelako jarraipen zabala egitea? Ez; noski ezetz. Ez zegoen beharrik, eta, beraz, familia hilkutxa bizkarrean eramaten ikusi izan ez bagenu, Viva Franco oihukatzen ikusi izan ez bagenu... eragina, agian, ez zatekeen izango berdina. Eta, noski, ezta mobilizatzeko gaitasuna ere. Ezin sinets daiteke mugimendu hori nahigabe egin dutenik; kasualitaterik ez, kausalitate asko egon da presente.

Eta, beraz, kanpaina honetan, inoiz baino gehiago, rol garrantzitsua jokatuko du hauteskunde estrategiak. Spin doctors-en garaia delako (edo hala dirudielako). Gobernuak tentu handiz zaindu ditu arestian aipatu ditugun fenomenoak eta horien agerpenak. Eta, hala ere, mugimendu horien aurrekoak dira CISen inkestako datuak. Kausalitateak.

Jokaleku horretan nola mugituko dira alderdi abertzaleak? Ez dira hauteskunde errazenak mezuak kokatzeko, eta, beraz, ez da izango kanpainarik erosoena. Hauteskundeen errepikapenak, gainera, ez du lagunduko horretan. Eta beste elementu bat ere batu beharzaio errealitate horri: kanpainaren polarizazioak zaildu egiten du tradizionalki hauteskunde hauetan egin izan duten «Euskadiko interesen defentsa». Estatus berriaren eztabaidak ere (edo eztabaidarik ezak) erakutsi du marko horren defentsaren inguruko mobilizazioak bide handia duela, oraindik, egiteko. Hala ere, bai EAJk bai EH Bilduk aurreko emaitzen arrastoa jarrai dezakete, eta, hauteskunde kanpainak, agian, ezustekoren bat ekar dezake Bizkaian edo Nafarroan, Arabaren arrastoa galdu gabe, noski.

Sorpresa gutxi ekarriko du, beraz, kanpainaren gaineko kanpainak. Uda luzeak sortu duen nekeak tarte gutxi utzi du berrikuntzarako. Ñabardurak ezartzeko tarte gutxi utzi du Kataluniaren eta Francoren arteko polarizazioak, eta guztiz ezinezko bihurtu du aurreko artikulu batean aipatzen genuen estatu eredu alternatiboa. Ez dago borondaterik epe luzera begiratzeko. Aurten ehun urte beteko dituen BehobiaDonostia lasterketak egun berean egingo duen bezala, korrika pasatuko dira proposamenak, galderak eta erantzunak. Arrupek esango lukeen moduan, kanpaina honetan ezin dira topatu gaurko galderentzako biharko erantzunak. Ondo kudeatu beharko ditugu espektatibak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.