Agurtzane Solaberrieta Mesa.

SOS Usurbil

2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Klima aldaketa, larrialdi klimatikoa, trantsizio energetikoa, berotegi efektuko isuriak, planetaren berotzea, kutsadura... gisako kontzeptuak edota horren ondoriozko irudiak nonahi ikusten ari gara egunotan, munduko agintariak Madrilen egiten ari diren klima aldaketari aurre egiteko goi bilera dela-eta. Haatik, inor gutxi mintzatu da Zubietako errauste-plantaz. Gipuzkoan CO2 gehien isuriko duen enpresaz, hain zuzen ere.

Azaroaren 28an piztu zuten labea, noiz eta Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu zuen egun berean. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma. Oso kezkatuta gaude, egunero errauste-plantaren tximinietatik ke-zutabe erraldoiak ateratzen baitira. Ikastolatik, parez pare ikusten dira. Irudi batek mila hitzek baino indar handiagoa omen du. Ba nik uste irudi horrek ondo baino hobeto islatzen duela gure seme-alabei utziko diegun etorkizuna zein den: etorkizun beltza, kutsatua. Gure porrotaren irudia.

8 urteko alabak askotan egin dit galdera hau: «Nola da posible, ama, hain txarra den hori egin nahi izatea inork?». Gurasoen eskutik, errauste-plantaren aurkako hamaika ekimen eta protestatan parte hartu izan du, eta bere hitzei amorrua, tristura, haserrea darie. Nola azalduko diot bakarren batzuek haien osasuna arriskuan jartzea lehenetsi dutela, helduon erosotasuna eta gutxi batzuen negozioa bermatzeko? Umea izanagatik ere, ziztada zuzenak igortzen dizkigu: «Ama, gelditu egin behar duzue!». Ez da heldua edota aditua izan behar ketzar horrek ezer onik ez dakarrela uste izateko.

Nire alaben, eta, noski, nire herrikideen osasunak kezkatzen nau. Eta horregatik natorkizue laguntza eske: SOS.

Arazo etiko, demokratiko, ekologiko eta ekonomiko latz baten aurrean gaude. Inork ez du aldamenean nahi, eta, hala ere, derrigorrean egin beharrekotzat saldu zaigu. Dilema etiko horrek dimentsio latza hartzen du errauste-plantak eragiten dituen osasun eta ingurumen-kalteak aintzat hartuz gero. Ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio, fidagarri eta modernoetan, errauste-plantaren osasun-kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. Osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik.

Aitortuko dizuet, edonola ere, ez dela kezka bakarra. Beste bi alderdik ere arduratzen naute: batetik, proiektuaren kostu ekonomiko handiak eta horrek udaloi eragingo diguna; bestetik, Europak etorkizunerako markatzen dituen direktibei entzungor eginez, Gipuzkoako hainbat herritan abiatutako hondakin-tratamendurako bide jasangarriari muzin egiteak.

Kontrakoa sinetsarazi nahi izan diguten arren, Usurbilek eta Gipuzkoako beste herri batzuk erakutsidugu posible dela hondakinak kudeatzea osasuna eta ingurumena aintzat hartuz. Gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat egin genuen duela hamar urte, eta gaur egun herrian sortzen den hondakinen ia %90 gaika biltzen dugu. Apenas sortzen dugun errefusik. Gure herritik errauste-plantara apenas joango den ezer, hortaz. Haatik, inposatu diguten zerbitzu horrengatik ordaindu beharko duguna izugarri garestia izango da, izan ere, GHK-ren tarifa-sistemak errefusa, zamatu ordez, saritu egiten du. Birziklatzea, beraz, garesti ateratzen zaigu herritarroi.Gero, ekonomia berdeaz ariko dira, hitz eta pitz!

Baina, diodan bezala, asko dira zero zabor bidea hartu duten Gipuzkoako herriak, zorionez. Hainbat herritako birziklatze-tasak Gipuzkoa osora estrapolatuz gero, kitto, bukatuta legoke eztabaida. Garbi dago, beraz, zein den bidea. Horregatik, zentzu betea du herrian entzuten den esaldi honek:«Burua duenak ez du ondoan nahi, eta bihotza duenak ez du inon nahi».

Azken batean, hondakinak kudeatzeko dugun moduak eta, zer esanik ez, dilema etiko, demokratiko eta ekologiko baten aurrean hartzen dugun jokabideak, garbi islatzen dute zer garen, nolakoa den gure izaera kolektiboa. Munduko joera nagusiek kontrakoa adierazi arren, nik sinisten dut giza balioetan. Izan ere, nekez eraiki dezakegu herri bat baliorik gabe. Herri baten zimendu nagusiak dira. Elkartasunik, demokraziarik edota justizia sozialik gabe, gureak egin du!

Horregatik, gipuzkoarrei deia egin nahi dizuet abenduaren 13an Usurbilgo Udalak deitutako manifestazioan parte hartzera. Alboan behar zaituztegu. SOS Usurbil, erraustegia gelditu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.