Belatz aroa

2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
«Hire lehenbiziko berrautaketa kanpainia, gazte?», bota dio soldadu estatubatuar batek besteari hegazkin militar batetik jauzi egitera doazen unean. Soldadu gaztea ikaratuta ageri da, zurrun, bere fusilari tinko atxikita. Besteak, zaharrenak, eskarmentua du itxuraz beste hauteskunde kanpainia baten erdian beste herrialde bat inbaditzera joan ziren hartatik.

Eszena hori The New Yorker aldizkariko zinta batean aurkitu dut, Tim Hamiltonek marraztua. Momentuz ez da gerra berririk hasi Ekialde Hurbilean, baina Donald Trumpek hauteskunde kanpainiaren erdian jarri du Iran, piroteknia guztia erabiliz. John Bolton kontserbadore gerrazaleak utzitako itzala luzea baita oraindik Washingtonen: Brian Hook Iranekiko politika diseinatzeko ardura duen diplomatikoa, Robert O'Brien Boltonen oinordekoa edo Mike Pompeo estatu idazkaria bera David Wurmser izeneko pertsonaia ilun baten jarraitzaile dira. Wurmser 2003ko Irakeko inbasioaren «itzalpeko arkitektoak» AEBetako presidentearen belarria bereganatu duela diote barruko iturriek. Pentagonoan eta Etxe Zuri inguruan jirabiraka hegan dabiltzan arrano eta belatz neocon horiek guztiek berriz ere lortu dute presidenteak «atzerriko mehatxuak» karta hautatzea. Esaten da kosta zaiela, Trump ez delako gerrazalea izatez. Baina ezin ukatu karta tentagarria dela, oposizioak zu kargugabetzeko epaiketa politikoa abian jartzen duenerako, adibidez. Horraino dena logika baten barruan sartzen dela irudi luke.

Kontua da Trumpen unibertsoan logika ez dela beti logikoa. Gatozen, bestela, hasierara. Gauza jakina da Trumpek Obamaren ondarea arlo guztietatik ezabatzea duela helburu eta obsesio bere agintaldian. Hartaz, logikoa Iranekin izenpetu akordio nuklearra desegin nahi hori —Obamaren akordioa Trumpen akordioarekin ordezkatu eta krisia konponduko da, iradoki du burutsu Boris Johnson britaniarrak—. Zigor ekonomikoak zigor ekonomikoen gainean, enbargo komertziala, Europa irandarrengandik aldentzeko mehatxuak eta muga-zergak... eskura dituen tresna guztiak erabili ditu Trumpek «Obamaren» itun nuklearra deusezteko. Gainera, ez da ahaztu behar AEBen aliatu Saudi Arabia eta Iranen arteko tentsioaren gorakada azken urtean, eraso militarrak barne, petrolio ekoizpenaren kontura. Saudiarren presioari Israelgo gobernu sionista ultraeskuindarrarena gaineratu orain.

Testuinguru horretan, halako batean, Irakeko bazter batean Nawres Hamid izeneko 33 urteko itzultzaile irakiar-estatubatuarra erail zuen Kataib Hezbola milizia xiitak. Gauza jakina da Irango Guardia Iraultzaileak eta Qassem Soleimani jeneralak talde armatu horrekin izan duten lotura estua Estatu Islamikoaren aurkako gerran. Trump oporretan harrapatu zuen albisteak, Floridako Mar-a-Lago golf zelaian, eta Pentagonoko jeneralek udako jauregira jaitsi behar izan zuten arrapaladan. Bertan aukerak aztertu zituzten: Soleimani hiltzekoa mahai gainean jarri zioten presidenteari, baina Trumpek Kataib Hezbolaren aurkako eraso militarra hautatu zuen aukeran. Irango Errepublika Islamiarraren bigarren gizon boteretsuena erailtzea gehiegi iruditu zitzaiola diote kronikek. Erabakia hartu eta ordu gutxira Irak eta Siria arteko mugaren bi aldetan 25 miliziano xiita hil zituzten estatubatuarren aire-erasoek —tartean Kataib Hezbolaren buruzagia bera—. Sarraski hori salatzeko protestak piztu ziren orduan Bagdad hiriburuan, hildakoen hiletak egin ostean. Jendetza Bagdadeko «nazioarteko Zona Berdean» sartu eta Estatu Batuetako enbaxadara joan zen zuzenean.

Biharamunean ikusi zituen irudiak Fox News katearen goizeko albistegian Trumpek. 2019ko azken egunean. Manifestari xiitek enbaxadako segurtasun hesia zeharkatu, eta enbaxadorea ebakuatu behar izan zuen poliziak. Eta irudi horiek erakutsi bitartean egin zuen konparazioa Fox Newseko aurkezleak. Ozen, lotsagabe. «Bengazi», esan zuen, eta «Hillary Clinton». 2012an Libiako Bengazin AEBen enbaxadorea hil zutenekoa oroitarazi zuen, baita orduan Clintonek izandako erantzun «epela» ere. Beroaldian, Trumpen obsesioek egin zuten gainerakoa: jeneralei deitu eta agindua eman zuen. «Hil dezagun Soleimani!». Erabakia justifikatzeko gezurrak etorri dira gero, Soleimanik AEBen lau enbaxada erasotzeko plana zuela errepikatu du Trumpek, inolako frogarik eman gabe. Logikak logika guztia galdu zuen orduantxe.

Irango buruzagiak ezustean harrapatu zituen Soleimaniren hilketak—saudiarrak ere beldurtu zirela diote bertako iturriek—. Milioika irandar irten ziren kalera Soleimani eta gobernua babestera. Gerra hotsak gero eta ozenagoak ziren. Baina Hassan Rohani presidenteak gerra irekia geldiarazteko ahaleginak egin zituen. Irakeko base estatubatuarren aurkako misil-erasoa neurtua eta apala izan zen. Gero Ukrainako hegaldi komertziala «giza akats baten ondorioz» eraitsi eta 176 bidaiariak hil zituzten. Rohanik berak barkamena eskatu eta oso azkar gertatu zen guztia: protestak Teherango kaleetan, Trumpen txioak persieraz manifestariak animatuz eta AEBetako zein Israelgo belatzen deiak Errepublika Islamikoarekin amaitzeko. «Zuen ausardiak adore ematen digu», esan zien iraniarrei haien hizkuntzan. Rohani eta Zarif atzerri ministroaren neurritasunak eta Soleimaniren heriotzak aldaketak ekarriko dituela errepikatzen dute Fox News kateko (berriz ere) iritzi-emale trumpzaleek. Eta mehatxu horrek esnarazi ditu Irango belatzak. Ali Khamenei aiatolak iragan ostiraleko otoitza baliatu zuen mezua argi uzteko: Rohani eta enparauen epelkeriaren aurrean ez dago autokritika edo barkamenik. Aldiz, AEBen aurkako «borroka» goraipatu, europarren «iruzurrak» salatu eta «engaiamendua murriztearekin» mehatxu egin dio nazioarteko komunitateari buruzagi gorenak.

Amaitu dira moderatuen garaiak. Belatz aroa hasi da Teheranen eta Washingtonen. Hegazkin militarretik salto egitera doazen bi paraxutista estatubatuarrek azkenean zein herrialderen gainean lur hartuko duten galdetzen diot neure buruari. Iranen? Iraken? Venezuelan agian, Elliott Abrams AEBetako bidali bereziak iradoki duen bezala? Trumpen aurkako epaiketa politikoa gogorra izanen da, hauteskunde kanpainia luzea dator... eta logika gainbaloratua dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.