Bizitza xumeago, egiazkoago baten alde

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Badira zenbait aste ospakizun eta jai berezietan murgilduta gabiltzala. Zenbat aldiz entzun ote dugu egunotan: «Ez aipatu, mesedez, bazkaririk edo afaririk! Bada garaia hainbesterainoko jan-edanak alde batera uzteko!».

Bada kolektibo bat, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 15, gutxi gorabehera, bazterketa moderatu edo larriko arriskuan dagoena, eta merezi du kolektibo horri buruzko gogoetaren bat egitea. Gainerako %85ak ere, bistakoa denez, baditu alde batera utzi ezin daitezkeen beste hainbat arazo, dela lanean, gizartean edota familian. Ondorengo hauetan laburbildu daitezkeen hausnarketak entzuten dira gure gizartean:

Atzo hobeto bizi ginen, ez diegu uko egin nahi lortutako abantailei.

Gehiago nahi dugu, eta oraintxe ahal bada.

Nire bizilagunak gehiago baldin badu, zergatik ez nik?

Ez ote gaude, oro har, ase ezinezko kontsumismoaren eta gehiago nahiaren mende (beti gehiago nahi dugu, gure ongizate maila edozein dela ere, eta ez dugu onartzen bizilagunak guk baino gehiago edukitzerik), orain arte, hori guztia oligarkiako gutxiengo txiki batera mugatzen zen artean?

Bestalde, gure gizartea sarri kexatzen da «sufritzen dituen bizi-baldintza latzengatik», nahiz eta onartzen dugun oso ondo bizi garela eta ez genukeela, ezergatik ere, gure egoera beste inorenaren ordez aldatuko.

Aberastasun maila aipagarria dugu Euskal Autonomia Erkidegoan, 30.274 euroko BPGa, per capita, Espainiako batezbestekoa baino dezentez handiagoa (23.179 euro) eta Europar Batasunekoarekin aldera daitekeena (30.968 euro). Horregatik, gure hiri edo herrietan, eta ez bakarrik jaiegunetan, baita astegun buruzurian ere, denetik ikusten dugu: standing altuko ibilgailuak, ondo jantzitako jendea arropa gehiago erosten, menu gastronomikoekin gainezka dauden jatetxeak, pintxo sofistikatuak dituzten tabernak, azken belaunaldiko eskuko telefonoak, eta abar.

Biztanleriaren % 85eko kolektibo honen gehiengoak etxebizitza erosoa eskuratu ahal izan du, oporrak igarotzeko modua dute, askotan, urrutiko herrialderen batean, itsas bidaiak egin ditzakete edo kirol garestiak praktikatzeko aukera dute, hala nola eskia, alturako mendigoizaletasuna, surfa, txirrindularitza (gama altuko bizikletekin), eta abar. Inkesten arabera, Olentzerori eskatutako hainbat jostailu ez dituzte haurrek astebete baino luzaroago erabiliko, lehenago aspertuko baitira.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatuan batez beste baino %20tik gorako diru-sarrerak izan arren, hainbat kasutan, geuk sorrarazten ditugu zailtasunak hilaren azkenera iristeko, eta larritasunak jota edo depresioaren mende egon behar izaten dugu. Bizimodu horren ondorioetako bat da indibidualistago bihurtu garela, eta ez dugula besteen arazoen berri izan nahi, eta are gutxiago kezkatu; izan ere, nahikoa dugu geure kezkekin, nahiz eta, neurri batean, geuk sortuak izan.

Botere politiko edo ekonomikoak kritikatzen ditugu klima-aldaketaren aurka borrokatzen ez direlako, baina, aldi berean, era guztietako azpiegitura gehiago eskatzen ditugu, kontsumorako ondasun gehiago eta merkeagoak, antipodetatik baldin badatoz ere. Jakinaren gainean gaude hori guztia ez datorrela bat oreka ekologiko sano batekin, baina gure erosotasuna ukiezina da. Alderdi politikoren batek gure eguneroko bizimodua mugatzea proposatuko balu, aipatutako oreka hori, asko ez bada ere, zerbait hobetu ahal izateko, bistakoa da ez geniokeela gure sostengua emango. Beraz, alderdi horrek, logikoa denez, ez du gisa horretako mugarik proposatuko. Bai, erantzukizunaren parte bat berea izango da, baina ez al da nagusiki gutako bakoitzarena izango? Guk gero eta kontsumo handiagoa duten ibilgailuak erosten baditugu, nola eskatuko diegu autoak fabrikatzen dituztenei beren ekoizpena gure erosketa-nahietara ez egokitzeko?

Aurreko koadro hori euskal errealitatearen ikuspegi sinplifikatu bat besterik ez da. Argi dago «% 85eko kolektibo» horretan lankidetza eta elkartasun adibide bikainak ere badirela. Baina horrek ez du esan nahi gizarteak, oro har, hala EAEkoak nola Europakoak, aurreko deskribapen horri, proportzio batean behintzat, erantzuten ez dionik.

Okerrena da ez dakigula horrenbeste jarduera eta ondasunekin gozatzen. Oporretatik itzuleran maiz entzuten dira kexuak errepideetako auto-ilarengatik, aireportuetan egin beharreko itxaronaldiengatik, hoteletako janari txarragatik edo turismoaren masifikazio desatseginagatik. Eguna Euskal Herriko edo inguruko baso edo mendietan pasatu izan bagenu, tortilla edo ogitarteko on batekin, familiarekin edo lagunekin, ditugun paisaje apartak edo itsasoa ikusiz, ez ote genuen hainbeste edo gehiago gozatuko? Ingurune eder eta lasai batean, elkarrizketa atsegin baten, irakurketa on baten edo musika entzutearen gozamena galtzen ari gara, bizimodu xumeago baten gustua, alegia.

Kontua ez da leize-arora edo zalgurdien garaira itzultzea, baina gai izan behar genuke aurrean dugun etorkizunari buruzko gogoeta sakon bat egiteko. Ohartu behar genuke, botere politiko, sozial edo ekonomikoek egin dezaketena eta egin behar dutena gorabehera, pertsona gisa ere jardun dezakegula ondasun erkidearen eta elkartasunaren alde, eta, batez ere, askoz ere gehiago gozatuz. Gure indibidualismoak eta diru-goseak ez diezagutela eragotz besteekin partekatzea, elkarri laguntzea eta zerbitzatzea... horiek baitira benetako zoriona dakarten ekintzak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.