Hiria

Aitor Salinas-Armendariz - Abokatua

2020ko urriak 21

Negoziazioa fase erabakigarrian dago akordioa egongo den ala ez argitzeko. Erresuma Batuak aktibo garrantzitsu bat du alde: bere jurisdikziopeko urak zabalak eta aberatsak dira arrantzarako, baina behin Europako Batasunetik kanpo, estatu kideen flotek horietarako sarrera lortzeko akordio bat lortu beharko du Batasunak Erresuma Batuarekin. Ur horiek garrantzitsuak dira Europako flotentzat, eta ez hainbeste britaniar ekonomiarentzat, arrantzaren ustiapenak ez baitauka hainbesteko pisurik. Hor britaniarrek karta garrantzitsu bat dute partidarako.

Baina Batasunak jakin behar du zerekin orekatu partida. Eta horretarako jakin behar da nor den mahaiaren beste aldean jesarrita dagoena.

Datuen arabera, 2019. urtean, Erresuma Batua Europako Batasuneko hirugarren estatu kide populatuena zen, bigarren BPG handiena, eta azken aurrekontuan Europako Batasuneko bigarren laguntzaile garbia. Baina badaude beste bi datu irudi zehatzago bat egiteko beharrezkoak direnak. Londres, Erresuma Batuko hiriburua, Europako Batasuneko hiri handiena da. Eta Londreseko City, Europako Batasuneko finantzagune nagusia da, alde handiz.

Londreseko City berezia da zentzu askotan. Administrazio propioa dauka, botere bereziekin, Lord Mayor of the City of London da horren burua (Londreseko alkatearen ezberdina). Negozio eta zuzenbide unibertsitate garrantzitsuenek (Kings' College edo LSE), campusak dituzte bertan, bere izena daraman City University of London barne. Era guztietako komunikabideak ditu: hamabi metro geltoki (linea propio bat ere bai), bost tren geltoki, eta bertako finantza ekonomiari laguntzeko aireportu propioa ere bai, London City Airport. Bederatzi mila biztanle ditu City-k, baina milioi erdi pertsona baino gehiago hartzen ditu egunero lan arrazoiengatik. Horietatik hiru laurden baino gehiagok finantza, negozio eta zuzenbide munduan lan egiten dute.

Aseguruen munduko zentroa da, abokatu bulego garrantzitsuenen egoitza (Magic Circle delakoa barne), munduko bigarren finantzagunea eta lehena dibisa merkatuan. London Stock Exchange Europako burtsa nagusia da, eta New Yorkeko burtsarekin batera, munduko garrantzitsuena. Munduko banku garrantzitsu askoren egoitzak hartzeaz gain, gainontzeko munduko finantza, negozio eta zuzenbide instituzio garrantzitsu gehienek euren Europako egoitzak hemen dituzte kokatuta. Datu eta faktore horiek guztiek munduko negozioaren eta diruaren superegoitza egiten dute City.

Londresko City Europako Batasunean dagoen sekulako aktiboa da. Europako Batasunari dimentsio handia ematen dio nazioarte mailako finantza eta ekonomia munduan, trantsizio epea amaitu arte City Europako Batasunaren jurisdikziopean dagoelako (EBren legeak eta EBko Justizia Auzitegiaren erabakiak aplikagarriak zaizkiolako). Baina, Europako Batasunarentzat onuragarria den moduan, City-k etekin handia atera du Europako Batasunaren parte izatetik. Bere parte hartzearekin Merkatu Bakarrean, honek eskaintzen dituen askatasunez baliatu da (kapitalen askatasuna, bereziki) eta Batasun osoko operadoreak inolako oztoporik gabe hartzeko aukera aprobetxatu du.

Horrela, nahiz eta bere jurisdikzioko moneta libra britaniarra izan, City-k hartzen ditu eurotan egindako finantza operazio gehienak, Europako gainontzeko finantza guneetatik alde handian. City da eurotan egindako zor tituluen emisioen, euroak lortzeko dibisa aldaketen eta eurotan oinarritutako produktu deribatuen munduko gune nagusia. Ez da kasualitatea Brexit erreferendumean Londreseko Cityn botoen %75 remain-aren aldekoak izana. Eta hain zuzen ere City-ren indar horretan aurkitu dezake Europako Batasunak negoziazio mahaiko beste alderdiaren ahultasuna.

2021eko urtarrilaren 1ean Erresuma Batua Europako Batasunetik behin betiko irteten denean, City Merkatu Bakarretik kanpo euroekin operatuko duen gunea izango da. Hori ere arriskutsua izan daiteke Europako Batasunarentzat, bere monetarekin operatzen duen finantzagune nagusia bere jurisdikziotik kanpo egongo delako. Horregatik, Europako Batasunak lege aldaketak sartzeko mehatxua gorde dezake negoziaziorako karta gisa: Europako Batasunetik kanpo dauden finantzaguneei euroekin operatzeko muga bat ezartzea, edota Merkatu Bakarrean operatzeko Europako Batasunera egoitza lekualdatzeko beharra ezartzea ere. Zenbait aukera daude Europako Batasunak hartu ahal dituenak.

Erresuma Batuak, noski, City-k munduko finantza ikuspegian duen egungo nagusitasuna salbatu nahiko du, are gehiago brexit osteko lehen urteetan sufrituko duen ezegonkortasun egoeran.

Partida oraindik irekita dago, baina argi dagoena da hurrengo urtarrila ez dela haren amaiera, ezta gutxiago ere. Brexit-a behin betiko gauzatu eta segidan gertatzen diren mugimenduek markatuko dute epe luzean nor izan den partidaren irabazlea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna