AHTa / GMTa: ore bereko opilak

Joseba Amenedo Oñate
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Otsailaren 11n, Diario de Noticias egunkariak elkarrizketa bat argitaratu zuen, Nafarroako presidente Maria Txibiteri egindakoa. Aste batzuk igaro artean itxaron dugu, itxaropen sanoaz eta irrika sendoaz itxaron ere, ea Txibite andrea buru duen gobernua sostengatu eta/edo partaide diren alderdietako baten batek auzitan jartzen zuen presidenteak elkarrizketa horretan AHTari buruz esandakoa.

Bada, Sustrai Erakuntza fundazioko kideok uste dugu erantzun egin behar zaiela Nafarroako Gobernuak trenbidearen orainaz eta geroaz egindako zenbait adierazpeni eta ekintzari; are, erantzun egin behar zaiola AHTa eraikitzea —egitez edota omisioz— auzitan jartzen ez duen edozein erakunderi ere.

Txibite presidenteak adierazi zuen, besteak beste, GMT Goi Mailako Trenaren geltokia —marketinaren eufemismo bat da, AHTaren sinonimoa— ezin dela egon Tutera erdigunean, gaur egungoa txikia baita eta han ezin baitira kabitu 80 metroko trenak. Diru xahutze izugarria eta ilogikoa da hirigunetik at egitea tren geltoki berria, eta txantxa ezin okerragoa da hori justifikatu nahi izatea, gauden ataka gaiztoan egonda. Txibiteren erantzuna faltsua da, oso-oso aspalditik pasatzen baitira Tuteratik merkantzia tren luzeagoak, eta Tuteran geratu ahal dira, eta geratzen dira. Nahikoa litzateke gaur egungo nasak luzatzea, baldin eta beharrezkoa balitz bidaiarientzako tren luzeago batzuentzat. Bestalde, gaur egungo bidea desegitea pentsatzen al duten galdetuta, Txibitek erantzun zuen ez dakiela, litekeena dela horiek aldiriko eta eskualdeko trenentzat uztea, nahiz eta aitortu zuen ez dakiela gauza biak bateragarriak diren, eta hau ere erantsi zuen: «Kontuan izan behar da Tuterako geltokiak Iruñekoak baino tren gehiago dituela». Nola, ordea? Tuterakoa geltoki txiki bat ez al da, bada? Orduan, nolatan du Iruñekoak baino tren zirkulazio handiagoa?

Lehen-lehenik, esango diogu Txibite presidenteari irakur dezala Nafarroarako Tren Publiko eta Sozialaren inguruko proposamena (2019-2029), parlamentuko alderdi guztiek eskura baitute: duela hilabete gutxi batzuk aurkeztu zen parlamentuaren egoitzan, beste txosten batekin batean, Sustraikook 2019aren amaiera aldean merkantzien garraioari buruz egindakoarekin. Agiri horietan argi erakusten da AHTan edo GMTan ez dutela salgairik garraiatuko, eta ore bereko opila dela, izena aldatuta.

Eta erakutsi dugu, halaber, nola denetariko trenentzat den baliagarria gaur egungo bidea, zenbait hobekuntza egin eta gero: besteak beste, bikoiztuz gero, eta dagoeneko prestatuta dago bikoiztu dezaten. Hala, posible izango da salgaiak garraiatzea; bai eta bidaiariak ere, hala aldiriko eta eskualdeko trenetan, nola bidaldi luzeagokoetan. Hortaz, egituratzen gaituen garraio azpiegitura bat da, etorkizun jasangarriago baterantz bultzatzen gaituena.

Nafarroan, aspaldidanik ez da aldiriko zerbitzurik, Nafarroako gobernu guztiek uko egin baitiote; horrez gainera, XX. mendeko 80ko urteen amaiera aldetik gaurdaino, hainbat murrizketa eta kenketa egin izan dituzte Espainiako Erresumako trenbide zerbitzu publikoetan, bateko eta besteko aurrekontu sailei, azpiegiturei eta langileei dagokienez. Eta horixe ekarri du AVE/AHT/GMT lineak eraikitzearen aldeko apustuak, denak ere ore bereko opilak, eta horrek odoluste ekonomiko itzela sortu du tren konbentzionalaren aurrekontu publikoan, gaur egun 60.000 milioi eurotik gorako zorra izateraino: izugarrikeria bat. Diru xahutze eskerga horren ondo-ondoan, eta aldi berean, ustelkeria kasuak eta legez kanpoko eskupekoak eta komisioak egon dira politika alorrean (baita monarkian ere) eta teknikarien eta enpresarien artean.

Orain, Europako COVID funtsen edo Next Generation EU deritzen horien bidez (berriro ere ore bereko opilak), proiektu zaharkituak inposatzea planteatu digute berriro, zaharkituak bezain iraunkortasunaren aurkakoak, hala nola AHTa. Hori, hain zuzen ere, proiektu suizida bat da, ez baititu gaur egungo ibilbideak erabiltzen, eta zera baitu helburu bakar: bidaiarientzako trenak abiadura lasterrean ibiltzea.

Hauxe da arazoa: lehendik zegoen eredu berbera inposatu nahi izatea aurrerantzean ere, kolapsatzen ari den sistema bat, energia eta materialak alferrik gastatzen dituena, hiperkontsumista, lurraldea desegituratzenduena, hainbat murrizketa ekarri eta zerbitzu publikoak desegiten dituena, kapital handien eta interes pribatizatzaileen zerbitzuan.

Badugu alternatibarik: ekonomia aldetik bideragarriak, ingurumenari dagokionez iraunkorrak, eta gizartearentzat eta lan alorrerako onuragarriak. Gainerakoak ore bereko opilak dira.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.