Arrauna. Kontxako Bandera

Kontxako Bandera, Galiziako erara

Galiziako gorengo mailako taldeek milaka kilometro eta hamaika ordu pilatzen dituzte. Nekeak neke, etxerako azken itzulera «leunxeagoa» egin zaie Chapelako, Areseko eta Caboko arraunlariei, Kontxako Banderako estropada preziatuan ari baitira. Bihar egingo dute berriz ere Euskal Herrirako bidaia luzea.

Luis Pazos Areseko arraunlaria, traineruan zutik. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Eguzkia itsasoaren ortzi mugatik atera baino lehenago trainerua atoian ezarri, furgonetetan sartu eta bidaia luzea aurretik. Estropada hasi baino bizpahiru ordu lehenago heldu, gorputzari sekulako astindua eman, eta berriz ere etxera buelta, eta hurrengo egunean astelehena. Lanera. Galiziatik Euskal Herrira, eta Euskal Herritik Galiziara. Milaka kilometro egin ohi dituzte asteburuero Galiziako arraunlariek eta laguntzaileek, arraun denboraldiak irauten duen bitartean. Zailtasunak zailtasun, Chapelako, Areseko eta Caboko arraunlariek azken bidaia leunxeagoa izan dute, Kontxako Banderako estropadan ari baitira.

Hain zuzen, Galiziak estropadarik preziatuenean inoiz izan duen ordezkaritza kopururik handiena berdindu du: hiru; 2012an, gizonezkoetan Tiran eta Chapela sailkatu ziren; emakumezkoetan, berriz, Rias Baixas selekzioa. Galiziarrek ere, Euskal Herriko arraun taldeek bezalaxe, egutegian kolore gorriz eta errotuladore lodiz biribiltzen dute udako estropadarik garrantzitsuena: Kontxako Bandera.

MARIA GONZALEZ
C
hapelako arraunlaria

«Pribilegiatuak sentitzen gara Kontxako Banderan egonda; lorpen handia da»

Ikasketak medio, Valentzian (Herrialde Katalanak) eman zituen lehen arraun kolpeak Maria Gonzalezek (Vigo, Galizia, 1977). «Ustekabekoan», Llagut izeneko ontzian jesarri zen —Mediterraneo osoko lehian erabiltzen den ontzi mota bat da—. «Nire jaioterrira itzuli nintzenean, traineruan hasi nintzen, gaur arte». Chapelako arraunlaririk beteranoena da egun. Hain justu, arraun elkarte «xume» horretako emakumezkoen taldea lehen aldiz parte hartzen ari da Kontxako Banderan. «Elkartearentzat lorpen handia eta historikoa izan da», nabarmendu du.

Sailkatze estropada buruan ongi iltzatuta du Gonzalezek; ametsa zena errealitate bihurtu baitzuten Chapelakoek. Momentu «gozo» hura gogora ekarri du: «Guztiok hunkitu ginen; gazte zein heldu. Aurretik egindako lan handiaren saria izan zen». Kontxako Banderako estropada jokatzea «opari handitzat» hartu du Gonzalezek. «Pribilegiatuak sentitzen gara Kontxako Banderan egonda».

Asteazkenean pilatutako tentsioa askatzeko eta hodeitik jaisteko asti apurra izan zuten igandera bitarte. Baina hurrengo egunean, ordea, burua igandeko estropadan jarria zuten. Gonzalezen esanetan, egindako entrenamenduak Kontxako badiara eta itsasora «egokitzeko» izan dira. Horrek badu bere zergatia: «Galiziako estropadak itsasadarretan eta ibai zabalean egiten dira, eta trapaila egoten da, haize zakarraren ondorioz; Euskal Herrian, berriz, hondoko itsaso handiagoa dago».

Beste ezberdintasun «are handiagoa» estropaden distantzia da. Kontxako Banderan, Euskotren eta ETE ligetan bi luzeetara izaten dira estropadak; Galiziako ligan, berriz, lautara. Kontxako sailkatze estropadan nahiz lehen jardunaldian, aldaketa «handi» hori «asko» nozitu zutela aitortu du Gonzalezek. «Laburragoa denez, esplosiboagoa da». Dena den, igandeko estropadan egindakoaren inguruan balorazio «ona» egin du. «Erritmo handiko estropada izan zen, eta ahal genuena egin genuen». Eurek itxi zuten txanda, eta zortzigarrenak izan ziren sailkapen orokorrean.

Behin estropada amaituta, ontzia atoian ezarri eta etxerako bidaia «luzea» bezain «nekagarria» izan zuten. Buelta errutinara. Tostako arraunketa kirol profesionala ez izatearen patua. «Ohiko legez, astelehenean lanera itzuli nintzen; are, lankideek ez zekiten bezperan estropada izan nuenik ere». Euskal Herriari begi zeharka egin dio so: «Arrauna beste modu batera bizi dute; usadio handia dago; Galizian, ostera,ezezagunak gara». Lana eta arrauna uztartzea ez da bat ere erraza izaten. «Gainera, hiru seme-alaba ditut, eta Santiagon bizi naiz, Chapelatik ordubetera. Arrauna asko gustatu behar zaizu». Horietako bat da Gonzalez. Arrauna da bere «pasioa». «Gehiago ezin dudanean utziko dut».

Ostiralean itzuliko dira Donostiara. «Lanean opor eguna hartu behar izan dugu». Argi du datorren igandean zer asmo izango duten: «Aurreko estropada hobetzea izango da helburua, eta ea Hibaika, Deustu eta Tolosaldearentzat aurkari lehiakorrak izaten garen; txanda hasieratik ez dugu galdutzat emango». Gonzalezek, gainera, badaki Kontxako Bandera astintzeak zer sentimendu sorrarazten duen; 2008. eta 2009. urteetan irabazi zuen, Galiziako selekzioarekin. «Bizitza osoan gogoratuko ditudan bi une ezin hobeak izango dira».

LUIS PAZOS
Areseko arraunlaria


«Arraunlaria izatea zen nire ametsa; 52 urte ditut, eta hemen jarraitzen dut»

«Nire jaioterritik Donostiara hamalau orduko bidaia egin nuen trenez, Kontxako Bandera zer zen ezagutzeko. Badian ikusi nuenak liluratu egin ninduen, eta neure bururi esan nion: 'Egun batean Kontxan arraun egin nahi dut'. Kontxako Banderan parte hartu bakarrik ez, bandera preziatua irabaztea ere lortu du Luis Pazos arraunlari beteranoak (Marin, Galizia, 1968); lau alditan astindu du trapua; bi Astillerorekin—2003 eta 2004an, eta beste bi Urdaibairekin 2010 eta 2011n.

Ubera luzea uzten ari den arraunlaria da. 52 urte ditu, eta bere ibilbideko «azken» aroa sorterritik gertu egiten ari da, Ares arraun elkartean. Joan den ostegunean, 26. aldiz jokatu zuen Kontxako sailkatze estropada, eta haren taldea lehen aldiz sartu zen arrauneko trapurik preziatuenetako lehian. Santa Olalla trainerua malkoz isuri zen, eta, emozioaren emozioz, Pazosek uretara egin zuen salto. «Azken bainua hartu nuen Kontxako badian», dio erdi brometan. «Denboraldiari ginga jarri diogu».

Behin mugarria ezarrita, tostartean zihoazen gazteei gauza bakarra esan zien. «Gozatu dezatela une hau; agian, inoiz ez baitute berriz biziko. Duen historia eta prestigioagatik, estropada bat eta bakarra da». Aldarte horretan jokatu zuten estropada handiko lehen jardunaldia. Euren errealitatea zein den «onartuta», ahalik eta lanik txukunena egiten saiatu ziren, zortzigarrenak izan baziren ere. «Datorren igandean aurrekoa hobetzen ahaleginduko gara, eta, ondoren, merezitako atsedena hartuko dugu».

Arraunetik bizi ez direnez, igande gauean heldu ziren Galiziara. Pazosek arrantza munduan egiten du lan. «Kamioiarekin portura joan, arrainez kargatu, eta kostatik barrena jeneroa banatzen dut». 23:00etan hasi eta 08:00etan amaitzen du. «Eguerdi aldera esnatu, bazkaldu, siesta koskor bat egin eta Aresera joaten naiz; nire herritik 150 kilometrora dago arraun kluba. Entrenamendua egin, eta berriz ere lanera». Baina benetan merezi ote al dio arraunean jarraitzeak? Honela erantzun du Marinen jaiotakoak: «Nire txikitako ilusioa eta ametsa arraunlaria izatea zen; 52 urterekin hemen jarraitzen dut. Arrauna niretzat izugarria da».

«Lehiakortzat» du bere burua, eta aho bizarrik gabe mintzatu da: «Taldean egiten ditugun proba eta testetan aurrenekoetan ibiltzen naiz; sasoiko ikusten dut neure burua. Taldekideen maila bera edota hobea ematen dudan bitartean, ez dut arrauna utziko; ez banuke hori lortuko, ontzitik ateratzen lehenengoa izango nintzateke».

Etorkizunean, Euskal Herriko talderen batean entrenatzaile izatea gustatuko litzaioken galdetuta, zintzo erantzun du: «Dudan lanagatik, oso zaila dut». Baina arraunarekin lotuta ikusten du bere burua, etxean bada ere. «Gazteen entrenatzaile izatea gustatuko litzaidake. Uste dut prestatzailerik onenak kimuetan egon beharko liratekeela, gaztetxoak ongi hezi daitezen, lehen ontzi nagusira heltzeko».

DANIEL ABUIN
Cabo da Cruzeko arraunlaria


«Denboraldi osoan Kontxako Bandera noiz iritsiko zain egoten naiz»

Bigarren aldia da Kontxako Banderan parte hartzen duela Daniel Abuin Caboko harrobiko arraunlari gazteak (Boiro, Galizia, 1998). Bi adjektibo erabili ditu arraunlari denek gehien desiratzen eta amesten duten estropada deskribatzeko: «Handia» eta «berezia». Aitortu duenez, «denboraldi osoan Kontxako Banderako estropada noiz iritsiko zain» egon da. «Beste mundu bat da, eta lehen zazpikotean sartzen bazara, are handiagoa». Hain justu, meritu handiko laugarren postua lortu zuten sailkapen estropadan. «Pozez lehertu ginen, ez baikenuen sinesten».

Abuin «harro» sentitzen da Galiziako hiru arraun elkartek Kontxako Banderako bi igandeetan lehiatzeko aukera izan dutelako. «Galiziako taldeetan lan ona egiten ari garen seinale da hori; sari handi bat da guretzat». Dena den, «pena handia» hartu zuen Caboko emakumeak ez zirelako sartu. Galiziako ligako txapeldunak izan dira Barbanza eskualdekoak.

Abuinek bigarren urtea du Caboko lehen taldean, eta ez doa edozein tostatan; hankeko ababorretik egiten du arraun. «Ardura handiko postua», Boirokoaren arabera. «Baina traineruan oinarri sendoa dugunez, eramangarriagoa da urduritasuna kudeatzea»; are, haren tostakidean eskarmentu handia duen arraunlaria badoa: Benigno Lojo. «Irakasle handia da, eta Benirekin ezinezkoa da gaizki eramatea; oso atsegina da», dio barrez.

«Gustura» geratu ziren lehen jardunaldian egindako lanarekin, eta asmo berarekin ariko dira datorren igandean ere. Bitartean, Donostiatik 730 kilometrora dabiltza entrenatzen. Ostiralean iritsiko dira furgoneta gorrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.