Hezkuntza-akordioari buruzko gutun irekia Eusko Legebiltzarrari

Maggy Barrere Unzueta, Alex Gurrutxaga Muxika, Beñat Sarasola Santamaria
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gutun hau sinatzen dugunok kezka handiz jaso dugu Hezkuntza legeberrirako Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat legebiltzar-taldek sinatutako akordioa.

Akordioaren ustezko helburua «gaur egungo eta etorkizuneko hezkuntzaren erronkei» erantzungo dien lege berria idaztea da. Baina, itunaren testua irakurrita, egungo hezkuntza sistema duala sendotzen duela ikusi dugu. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoa ikastetxe itunduen portzentaje handiena duen Europako eskualdeetako bat da, ikastetxeen erdiak kudeaketa pribatukoak baitira, baina publikoki finantzatuak. Sistema dual horrek, ebidentziak erabat frogatu duen bezala, gero eta bereiziagoa den eskola-sistema bat sortu du Euskal Autonomia Erkidegoan. Eskola publikoak ia esklusiboki hartzen du babes gutxien duten ikasleak (klase-arrazoi, jatorri, nazionalitate, etnia eta abarrengatik) eskolatzeko ardura. Itunduek, aldiz, babesleku gisa funtzionatzen dute klase ertain-altuko bertako familientzat. Beraz, nahiz eta akordioaren ustezko asmoetako bat eskola segregazioaren aurka borrokatzea den, itunpeko eskolen egoera indartzen den bitartean porrota baino ez du ekarriko.

Ildo beretik, Abidjango printzipioek diotena oroitu behar da. Printzipio horiek hezkuntza eskubidearekin lotutako giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen araudia xehatu eta jaso egiten dute. Honekin batera, hori aurrera eramateko orientabideak ematen dituzte, sektore pribatuak hezkuntzan duen parte hartzea gero eta handiagoa den errealitate honetan. Jakina denez, Abidjango printzipioak giza eskubideetan eta hezkuntzarako eskubidean adituak diren nazioarteko 57 jakitunek jaso eta idatzi zituzten, eta gaur egun ezinbesteko erreferentzia dira hezkuntzarako eskubideaz arduratzen diren erakundeentzat, hala nola, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluarentzat, NBEko Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoarentzat eta Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordearentzat edota Gizarte Eskubideen Europako Batzordearentzat. Abidjango printzipioek adierazten dutenez «hezkuntza-erakunde pribatuekiko finantzaketa publiko oro iraupen jakineko neurritzat hartu behar da». Beste era batera esanda, finantzatze hori aldi baterako neurri berezitzat ulertu behar da, betiere aukera publikorik egon ezean (65. printzipioa). Hori ez da, noski, Euskal Autonomia Erkidegoko egungo errealitatea.

Beste esperientzien alderatzeak agerian jarri du hezkuntza akordio berriak eta ondoren etorriko den hezkuntza lege berriak egungo eredu duala areagotuko duela, bereizitako eskola sistema bultzatuz eta ondorioz, gizarte segregatu bat eraikiz. Gizarte eredu edo errealitate honetan, hiritarrek (bereziki dirudunek / klase sozial altuko hiritarrek) gero eta konfiantza gutxiago dute desberdintzat hartzen direnengan, eta gero eta gehiago isolatzen dira beraien pribilegiozko burbuiletan. Euskal Autonomia Erkidegoan ez dugu hori nahi eta horregatik dei egiten diegu Eusko Legebiltzarreko kideei, lege berriaren ardatz nagusiak eskola publikoaren indartzea eta eskola-segregazioaren aurkako borroka izan daitezen.

OHARRA: Eskutitz hau Eusko Legebiltzarreko kide guztiei bidali zaie, eta EHUko hiru hezkuntza fakultateetako hainbat irakaslek, Espainiako hezkuntza fakultate desberdinetako beste hainbatek eta hezkuntzaren arloan nazioarteko erreferentzia diren hainbat erakundek sinatu dute, hala nola Hezkuntza Eskubidea eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen aldeko Ekimen Globala. Sinatzaileen zerrenda osoa hemen kontsulta daiteke: http://www. plataformaeskolapublikoa.eus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.