Euskal sorta inprobisatua

Josune Albisu Barandiaran
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Aurreko igandean izan zen, maiatzaren 29an. Gaztelako bideetan barrena lore-sorta inprobisatua jaso genuen: gari berdea, kamamila, mitxoleta eta belar pixka bat. Bai, halaxe zeuden zelaiak berde, gorri eta tarteka hori, haize boladaz lagunduta, dantzan. Gu Valladolid aldera gindoazen errugbi partida bat ikustera. Ohorezko mailan, Ampo Ordiziak eta El Salvadorrek jokoan zuten finalerako txartela. Iritsi ginen Pepe Rojo zelaira. Bandera espainiarrak eta euskal ikurrinak elkarren ondoan, errespetuz. Jokoan zaletuen animoak, eta isiltasuna talde bateko jokalariak nahiz bestekoak makiletara botatzen zuenean. Irabazi egin zuten goierritarrek. Julen Goia jokalariak partidaren aurretik Euskadi Irratian adierazi zuen El Salvador taldearen ondoan txikiak izanik ere (haien aurrekontua hiru aldiz handiagoa izanik) irabazteko aukerak ikusten zituela, eta halaxe izan zen.

Itzulerako bidea Euskadi Irratia entzunez egin genuen. Eguraldi ederra egiten zuen, eta horixe azpimarratzen zuten esatariek eguneko ospakizunak komentatzen zituzten bitartean. Bi ospakizunen berri dut gogoan. Lehenengoa, Zegama-Aizkorri mendi maratoia ospatu zenekoa. Eguraldi ederra han ere. Nesken artean hirugarren helmugaratu zen lehen euskalduna, Sara Alonso donostiarra. Bigarren ospakizuna, Abusu ikastolak, Euskal Herriko hiririk handieneko ikastola txikienak, antolatua. Bilbon ospatzen ari zen Bizkaiko ikastolen aldeko 44. jaia. Milaka lagun elkartu omen ziren jai giroan.

Ez zen kasualitatea izan irratia piztearena. Izan ere, arratsaldeko seietan beste hitzordu bat genuen: buruz buruko finala jokatuko zuten Ezkurdiak eta Lasok Nafarroa Arenan, 3.000 lagunen aurrean (telebista bidez ikusi eta irratiz entzun zutenak kontuan hartu gabe). Beraz, pilotalekuan zegoen giroa sentitu nahi genuen, eta irratiak badu berotasuna transmititzeko ahalmena informazioa pasatu ahala. Honela, jakin genuen Euskadi Irratian pilotaren inguruko kolaboratzaile modura hogei urtean lanean aritutako Julian Retegik azkeneko saioa zuela (bejondeizula, Julian! Egin duzun lan apartarengatik); maitasunezko mezuak jaso zituen Retegik bertso modura. Nafarroa Arena pilotazalez lepo omen zegoen. Nafarroa arragoa...

Hiru ordu luzeko bidaia izanik, erraz galtzen da begirada zeruertzean eta burua barne pentsamenduetan murgildu, eguneko gertaerak birpentsatzen eta ondorioak ateraz. Lore-sorta inprobisatuak bazuen bere esanahia. Inprobisazioak freskotasuna eta harridura dakarrelako. Arrunta dirudien unea berezi bihurtzen duelako. Sormenerako bidea pizten duelako. Gari berde, mitxoleta, kamamila eta belar. Indibidualki hartzen baditugu, garia ogi bihurtzen dugu, alegia, elikatzen gaitu. Mitxoletak, bere kolore gorriarekin, maitasuna sinbolizatzen du, hau da, bizipoza sentiarazten digu. Kamamilak osasuna zaintzen du, oreka eskaintzen digu. Eta belarrak lurra irudikatzen du, zelaia, ekintzarako eremua. Sorta kontuan hartzen badugu, aldiz, ikusmena, usaimena eta zentzu estetikoa pizten dizkigu.

Ezinbestekoa egin zitzaidan lore-sorta inprobisatua eta egun horretan gertatutakoa lotzea. Neure euskal sorta inprobisatua eraiki nuen. Valladoliden, El Salvador-Ampo Ordizia errugbi partida; Zegaman, Zegama-Aizkorri mendi maratoia; Bilbon, Ibilaldia; eta Iruñean, Nafarroa Arenan, Ezkurdia-Laso pilota finala. Banaka hartuta, Valladoliden Ordiziak jokatutako finalerdietako partidan bizi izan genuen, justu, Ordizia Errugbi Taldeak duen leloa: Bakarrik gutxi, elkarrekin dena. Euskaldun izatearen sentimendua piztu zitzaidan, batez ere, elkarbizitza posible dela dastatuz. Irabazi egin zuen, bai, Ampo Ordiziak, eta Mili-Mili bat kantatu zuten Kawa Leauma jokalaria gogoan hartuz. Zegama-Aizkorri maratoian, aldiz, mendiak igo eta mugak gainditu: hirugarren postuan lehen euskalduna, emakumea. Genero mugak nituen buruan. Bilbon, Ibilaldiaren 44. jaia. Euskara erdigune, belaunaldi desberdinak, bihotza elikatzen. Aukeratu zuten leloa ErroHarriHar. Azkenik, Iruñean, Nafarroa Arena pilotalekuan bi kolore nagusi; gorria eta urdina. Lasoren gainean lelo bat nagusitzen zen: Ezina, Ekinez Egina!. Egunerokotasunean lana egiteak duen garrantzia azpimarratzen digu, baita burugogorra izatearena ere. Sorta kontuan hartuz gero, aldiz, aniztasuna, elkartasuna, maitasuna eta bizi gogoa. Udaberriak ezti zaporea zuela pentsatu nuen; aspaldiko partez euskara bizirik zegoela sentitu bainuen, eta luze irauteko asmoarekin, gainera.

Izan ere, inprobisazioak bezainbesteko garrantzia du egunerokotasunak. Banaka nahiz kolektiboki eginiko lan isilak horrelako egunetan eztanda egiten du, eta guztiok zipriztintzen gaitu. Eta egun berezi hauetan sortzen dira pertsonen arteko harremanetan arrakalak, zeinetan inprobisazioak hartzen duen lekua. Mihaly Csikszentmihalyi (2004) psikologoak dioen bezala, estasi moduko batean sartzen gara, alegia, errealitate alternatibo bat bizi dugu, egunerokotasunetik ateratzen gaituen arrakala. Hemen ez dago aurreikusterik zer gertatuko den, bizi ahala sortzen doan amarauna delako. Ezusteak eta kuriositateak bideratzen gaitu, eta hori interesgarria da gure konfort-eremutik kanpo gaudelako eta sinergia berriak sortzeko aukera ematen digulako.

Inprobisazioa, egunerokotasuna eta arrakala harremanetan jartzen direnean aurreikusi ezin diren dinamika berriak sortzen dira. Horrek adierazten digu, hein handi batean, eraiki nahi dugun etorkizuna egunerokotasunean oinarritzen dela baina arrakalak behar ditugula inprobisazioari lekua emateko, kuriositatea lantzeko eta bizirik sentitzeko.

Maiatzaren 29an neure euskal sorta inprobisatua bildu nuen, eta konturatu nintzen bakoitzak baduela nahi duen adina sorta inprobisatu sortzeko aukera, baina konfort-eremutik atera behar dugula. Gaztelarako bidaia izan zen arrakalan sartu eta begirada berritzeko aukera eman zidana, betiere, eguraldia lagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.