Garbitzaileen gutuna

Eider Sarasola - Garbitzailea

2018ko abenduak 22
Sei urte nituela jakin nuen Olentzerorik ez zegoela. Eta ez nintzen zapuztu. Kontrara, nolabait lasaitu egin nintzen jakitean ez nengoela etengabe izaki magiko baten begiradapean, urtean behin ikusten nuena eta, esaten zidatenez, gupidagabea izan zitekeena. Alde onak besterik ez zegoen: nire familian opariak jasoko nituen aurrerantzean ere, eta senideei zuzenean eskatzeko aukera nuen, bitartekaririk gabe.

Aspaldiko kontuak dira horiek; eta 2019. urtera ate joka iristean haurtzaroko amets asko bete ditut, beste asko baztertu, eta batzuk betetzeke daude. Horiek, bete ez diren ametsak, izan dira berriz ere Olentzerori idaztera eraman nautenak. Segurtasun Sailaren garbiketa zerbitzuan egiten dut lana duela 25 urtetik gora. Zerbitzua betidanik azpikontrata baten esku izan da. Hainbat enpresa izan dut: Clece, Uni 2, Valoriza... egungo Garbialdi barne. Astean 20 orduko kontratu partziala daukat. Nire soldata 2009ko abendutik hona izoztuta dago. A, eta emakumea naiz, noski.

Aurtengoa urte berezia izan da, arrazoi asko direla eta. Lehenik, hainbeste urteren buruan lortu dugulako Garbialdi negoziatzera esertzea. Bigarrenik, jabetu garelako zenbateko tartea dagoen gure soldaten eta gurearen antzeko sektore bateko soldaten artean; kale garbiketaren sektorea, hain zuzen. Antzekoa, esan dut, baina hor gizonak dira gehiengoa. Eurek %13 gehiago irabazten dute. Hirugarrenik, epaitegietako garbitzaile lagunak ezagutu ditugulako; haiek ere antzeko egoeran daude, eta %7 gutxiago irabazten dute. Azkenik, bi kolektibook ahaldundu egin garelako eta irailaren 19tik greban gaudelako, nire sindikatu ELAren babesarekin, baita ESK eta LABenarekin ere.

Gutako inork ez zuen uste hau hainbeste luzatuko zenik. Hiru hilabete igarota, badirudi turroia pankarta atzean jan beharrean izango garela. Horregatik hartu dut berriz ere papera eta boligrafoa, umetan bezala Olentzerori idazteko. Orduan benetako Olentzero gure amatxo eta aitatxo ziren; orain Eusko Jaurlaritzako sailak izan beharko lirateke, lanari dagokionez haiek baitira gure «gurasoak». Gaur Garbialdi daukagu aurrean, baina bihar edo etzi beste bat izan liteke. Horregatik Segurtasun Sailera jo dugu, eta Lan eta Justizia Sailera. Haiek, kontratazio publikoaren bidez, nahi badute, soldata arrakala desagertzea eragin dezakete. Legea gure alde dago. Orain politikariak ere alde jartzea falta da soilik. Beraz, hau da nire gutuna:

«Olentzero maitea:

Aurtengo gure eskaria berezia da. Bi garbitzaile kolektibo gara, hala izateaz harro gaudenak. Betidanik patriarkatuak eta neoliberalismoak ezkutatu egin dute garbitasuna. Etxean eta etxetik kanpo garbiketa izan da (eta neurri handian oraindik da) emakumeen kontua. Noski, ez zaio ia balio ekonomikorik aitortzen.

Haatik, guk ondo asko dakigu garbitasuna oso garrantzitsua dela: ingurua garbi dagoenean eroso gaude, gustura, eta gure osasuna ere hobea da. Horregatik, bada garaia gure lana behar bezala balora dezaten. Izan ere, gehiago balio al du garbiketa lanak gizonek egiten dutenean? Emakumeok ez al dugu antzeko ordaina merezi? Soldata berdina nahi dugu, eta lortu arte ez dugu etsiko. Historia egitera goaz. Lagunduko gaituzu?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna