Barkamenik ez probintzientzat

2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ortega y Gassetek kaleratu zuen bere Redencion de las Provincias izeneko saiakera 1931n, Primo de Rivera jeneralaren diktadura bukatu ondoren eta gobernu progresista baten atarian, beraz. Bertan, La España invertebrada liburuan agerturiko bere aurreko hautu ideologikoak leundu zituen eta Espainiaren definizio modernoa proposatu zuen. Egun, espainiar estatuaren eskuinak zein ezkerrak aurkezten dituzten egitasmoa eta praktikak (juridikoak barne) sakonean ulertu ahal izateko aipatu ekarpenak ezagutaraztea funtsezkoa delakoan nago; horrexegatik haiei buruz hitz egitera natorkizue.

La España invertebrada liburuan J. Ortega y Gassetek bildu zituen 1920tik aurrera El Sol deituriko egunkarian argitaraturiko artikuluak (Rev. de Occidente. Madrid. 1920-21-22-83). Gauza bera suertatu zen La Redencion de las Provincias saiakerarekin (Madrid. 1927-28-31-67.). Hau da, haren oinarria aldez aurretik prentsarako idatzitako iritzi artikuluak ziren. Hauxe dela eta, filosofia baino gehiago ideologia zirela zioen Ortegak berak. Edozein modutan ere, filosofo espainiarrak jarrera horrekin hasiera eman zion pentsaera garaikidean ohikoa bihurtu zaigun intelektualen jite aski ezagunari: Espainiako ereduaz eta historiaz egungo prentsaren doxologia, alegia, edota beste eraz adierazia, espainiar jakintsuen azalpen mediatikoari.

Gaurko prentsan, bada, horren ezinbesteko bihurtu zaizkigun ekarpen ideologiko postmoderno eta fragmentarioak J. Ortega y Gasseten prentsa ekarpenetan dute aitzindaritza. Hori bai, gero eta nabarmenago den hautu politiko zentralistaren diskurtsoa Ortegak ideologia gisa bataiatu zuen, nahiz eta gaurkoek zuzenbidea, etika, morala edo auskalo nola jantzi eta saldu nahi duten.

Ortegaren ideologia politikoa, ostera, argia da. Espainiak bere estatua politikoki birmoldatu behar duenez, Gaztela Handiaren ideia hartu beharra dago oinarritzat eta gutxiengo prestu baten menpean eratu. Ildo horretatik, hau da, Espainiaren naziotasuna eraikitzeko, Ortegak ez du inolako beldurrik Antonio Maura bezalako politiko ultraeskuindarrak aldarrikatzeko, edota Menendez Pidalen antzeko sinesmen neobisigotikoen alde agertzeko ere (Viva Don Pelayo!?). Bere iritziz arazo politiko bakarra, orduan ere, katalanak eta euskaldunok ginen, ideologo ustez argiarentzat partikularista amorratuak (independentistok) eta, berez, Espainia nazioaren eraikuntzarako berezko etsaiak (47.or.). J. Ortega y Gasseten pentsaeran «periferikook» elkartasun ezaren azalpen gardenak ginen eta erabateko «itotzea» (39.or.) baita gure kontrako «borroka» ere (63.or.) besterik ez dugu merezi izan.

Madrilgo Gorteetan Mertxe Aizpuruaren hitzen kontra botatako irainak handik datoz, besteak beste. Eta hitzak besterik ez diren bitartean ongi, zeren eta horrelako egoeran asasinatu zuen orduko ezker abertzaleko diputatua izan zen Josu Muguruza Espainiako eskuin kolpistak, eta gainera, hurrengo egunean Gorteek normaltasunez euren lanari ekin zioten, lasai asko, ohi denez, hilketa salatzeko saioa bertan behera utzi beharrean.

Ortega haiek egin zuten hura bezain konstituziozalea zen, 1931ko ekainean eta Espainiako Carta Magnaren inguruko Gorteetako ezbaikan argi eta garbi mintzatu zen Kataluniako estatutuaren aurka eta, zehazkiago, Generalitateburu zen Companysen kontra (hura ere kolpistek asasinatua), bere ustezko «solidaritate faltagatik». Ortega Autonomiaren alde bazegoen, ordea (176. or.), Espainiako lurralde guztientzat erabilgarria izan zitekeen autonomia mota nahi zuelako.

Ene aburu apalean, bada, politikari espainol guztiek egun darabilten ideologia ortegianoa da muin-muinean. Demokraziaren ariketa beharrean partikularismoa eta intsolidaritatea omen da beraientzat autodeterminazioa aldarrikatzea. Autonomia nahi dute, baina erregio guztientzat, baita Madrilentzat ere (hau paradoxa...) eta hori da haien ardatz politikoa, konstituzionalismoaren sakralizazioa eta independentisten suntsiketa, alegia.

Espainiako lurraldeen arteko egitasmo komuna onartzen dute bakarrik (inolako salbuespenik gabekoa, gainera).

Hauek guztiak kontu zaharrak eta errotuak dira espainolen ideiatan eta ideologoengan.

Bere garaian mediak eta medioak erabili zituzten periferiko partikularista insolidarioen indar zentrifugoak baretzeko eta zentralitate politikoa euren egitasmoaren arabera birdefinitzeko. Begiratzea besterik ez dago, bestela, 1931ko espainiar Konstituzioaren inguruko debateari, non Espainia zentripetoaren hautua nabarmendu zen edota orain, indarrean dagoen Konstituzio monarkikoa sutsuki nola defendatzen duten.

Ustezko Trantsizio garaian ere, 1978ko Konstituzioaren VIII. atala, armada espainiarraren altxamenduaren eskubide konstituzionala onartzearena, egungo mugen balizko birmoldaketaren aurrean arrazoi bertsuan oinarritu da (Silver.Ph.W. Nacionalismos y Transicion. Euskadi, Catalunya, España. Txertoa. 1988) Felipe VI.ak berriki gogoratu duenez. Hauxe besterik ez da Ortegak birformulaturiko Espainiaren ideia, gaur egun indarrean dagoena.

Aznarrengandik Zapaterorengana ez dago besterik espainiar ideologian, berdin Mariano Rajoy edo Sanchez Castejon, Espainia zentripetoaren alde daude betiere.

XIX. mendearen bukaeran bezala, espainiar izaera gogoetagai dugu/dute berriro. Espainia arazoa zen 1898ko belaunaldiko intelektualentzat. Sasoi hartan jaiotako Ortega y Gassetek formulatu zuen ideologiak bizirik dirau. Izan ere, arraziobitalismoaren aitapontekoak bazuen ere bere hautua, Espainiaren anatomia (autonomia) nazionala, hain zuzen, non demokrazia eta estatu-nazio espainiarra sinonimotzat hartu nahi izan zituen.

Ez esan, gero, eraikuntza nazionala euskaldunon asmakizuna denik, aitzitik, bistan denez, estatuaren etnizazioa Espainiaren ideologiarekin gogorki loturik baitago, berez, autodeterminazio eskubide demokratikoarekin gertatzen ez dena, bidenabar.

Pedro Sanchezek irabazi du bozketa eta gobernuburu bihurtuko da, bejondaiola, baina nahiz eta Espainiako gobernuburua aukeratzeko betiko ideologia hori ezkutatu, hala historiaz nola pentsamenduez, espainiarrek ez dute beste biderik ezagutzen. Dolors Bassaren ahizpak esana ez dut nik errepikatuko (niri espainiar gobernuak bost axola...) baina Euskal Errepublika gauzatzeko behar besteko indarrik erdietsi ezean, bada, zentralismotik ez da inoiz probintzientzat barkamenik etorriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.