Ezker eskuaz

2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ezker eskuaz (Con mano izquierda). Hala zuen izena 2002an Gemma Zabaletak eta Denis Itxasok idatzi zuten liburuak. Dezenteko oihartzuna izan zuen garai hartan Redondo Terrerosen ondorengo EAEko alderdi sozialistaren eztabaidetan. Bertan, beste aliantza mota batzuk irudikatzen ziren ETAren amesgaiztoa atzean utz zezakeen jokalekuan. Garai hartan, orain dela ia hogei urte, hipotesi hutsak ziren, eta hala irudikatzen zituzten bi idazleek. Gatazkaren konponbiderako errezetak emateaz gain, liburu hark egunotan ahoz aho izan dugun formula bat proposatzen zuen: ezkerreko indarren arteko akordioa. Azken egunetan iruditegi horren adibide bat ikusi ahal izan dugu Gipuzkoan, lehen aldiz; Irunen, zehatzago esateko. Egia da Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren arteko akordioak egon badaudela herri mailan (Errenterian, esaterako), baina sozialistak berriak dira errezeta horretan. Ezker eskuaren adibidea da? Edo ezinikusien ondorio? Noraino iritsiko ote da aurrekontu akordio horren oihartzuna? Lehen begirada batean herri mailako fenomenoa izango dela pentsa badaiteke ere, asko eta asko pentsaraztera bultza ditzakete akordio honek eta urte berriak dakarren agertokiak.

Interpretazio sinpleenari helduta, pertsonalismoetatik egin daiteke Irungo akordioaren irakurketa; akordio globalago baten baitan elkar ikusi ezin duten bi zerrendaburuk (Santano PSE-EEkoak eta Iridoi EAJkoak) sortutako egoera bat dela, alegia. Irakurketa horretan, Irungo kasua maila lokalean irakurtzeko kontua bakarrik litzateke, Ernesto Gascoren kargu berria bezala. Tokitik tokira egin beharreko irakurketa bat.

Baina irakurketa hori oso mugatua geratuko litzaiguke. Kolonbiako lagun batek esaten duen bezala, kasualitateak kausalitateen baitan irakurri beharra dago, horrela bakarrik ulertuko baitugu gertatzen denaren eta gertatuko denaren logika. Kasu honetan, egun akordioen mahaiak dituen hiru erpinetatik ulertu beharra daude tokiko logikak: EAE, Nafarroa eta Madril. Eta toki bakoitzean alderdi bakoitzak egiten duenarekin, edo egin nahi duenarekin. Mahaiaren hiru erpinetan EAJ, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu, hurrenez hurren. Berrikuntza batekin. Orain arte, negoziazioaren eta hartu-emanaren logika menderatzen zuen EAJk. Egun, EAJz gain, EH Bilduk eta Podemosek ere erakutsi dute logika horretan parte hartzeko nahia eta desioa. Gobernuan dago EAJ Gasteizen eta Iruñean. Gobernua babestu du Madrilen. Gobernuan dago Podemos Madrilen eta Iruñean. Eta aurrekontuak babestu ditu Gasteizen. EH Bilduk gobernuak ahalbidetu zituen Madrilen eta Iruñean, eta azken horretan baita aurrekontuak babestu ere. Gasteizen ere egin zuen saiakera iaz.

Non dago, bada, joko honen guztiaren gakoa?

Euren loturak eta tradiziozko erresistentziak hausten hasi dira alderdiak, bi arrazoi nagusik bultzatuta: alde batetik, Espainiako eskuinaren jarrerak oposiziorako espazioak estutu ditu. Hori argi ikusten da Madrilgo eta Nafarroako espazio politikoan. Ez da erraza oposizio lanetan maila askotan diskurtso antisistema bat egiten ari den eskuinarekin bat egitea. Are gehiago, eskuinaren posizio neurrigabeen aurrean, askoz errazago ikusten eta baloratzen da akordiorako gaitasuna. Eta hauxe da bigarren arrazoia: erabilgarritasuna, eragiteko gaitasuna. Boto emaile bakar batek ere ez du ikusi nahi bere posizioa betirako eragin esparrutik kanpo. Inkestetan argi plazaratzen da hori. Eta alderdiek ere badakite. Eragin esparruak irudikatu behar dira, akordiorako gaitasuna erakutsi, eta ahal den heinean, modu utilitarista batetik ere bai, hiritarren bozek erabilera zehatzetarako balio dutela baieztatu. Bi elementuen baturak esplikatzen du, beraz, alderdien logikak azken pare bat urteetan izan duen biraketa, egun (eta hemendik aurrera) erpinetan ikusi ahal izango duguna.

Beraz, horren ondorioa izan al daiteke aurreikusita dauden EAEko hauteskundeen ondoren Eusko Legebiltzarrean Irungoaren antzeko zerbait gertatzea? Hori izan zitekeen artikulu honen ondorio argi bat. Baina ez, irakurle, ez ni gaizki interpretatu. Ez dirudi hori gertatuko denik, goizegi da, oraindik, horretarako, ezker eskuaz eratutako logika hori osatzeko. Edozein kasutan, batzuen zein besteen adierazpenak entzuten hasita, ziur kanpaina baietz, kanpaina baldintzatu egingo duela. Aspaldiko partez lehen aldiz, beraz, ezker-eskuin ardatzak ardatz nazionalaren tokia har dezake kanpainan. Hiru erpinetan jokatzen hasi baitira alderdiak, elkarri begira, beste logika batzuk mahai gainean jarriz. Eta horrek toki asko utziko dio, ziur, imajinazioari. Aurtengo EAEko, Galiziako eta berriki Kataluniako hauteskundeen ondoren (Ipar Euskal Herriko tokikoak ahaztu gabe), denboratxo bat izango dugu gure inguruan inork bozik eskatu gabe. Momentu aproposa izango da alderdien arteko jolas horiei begira egoteko. Hiru erpinetan: Gasteizen, Iruñean eta Madrilen. Legebiltzarren presentzia asko handituko baita. A! Eta estatus berri bat tartean eztabaidagai dugula. Ezker eskuaz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.