Urkulluren ihesaldia

2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Asteak eta asteak eman ditugu hauteskunde aurrerapenaren inguruko aurreikuspenekin, hipotesiekin eta zurrumurruekin bueltaka. Egia esan, Urkulluren gobernuak legebiltzarra desegiteko arrazoiak sobran zituen, bere alderdiaren interesei begira, kalkulu txiki bat soilik eginez, momenturik aproposena zela ondorioztatzea guztiz logikoa zen.

Hainbat arrazoi zituen lehendakariak aurrerapenerako, ez, noski, berak prentsaurrekoan zerrendaturikoak, baizik eta benetako beste arrazoi batzuk.

Hasteko, oposizioko talderik handiena, EH Bildu, jarraituko duten estrategiaren inguruko hausnarketan murgildurik zegoen oraindik: beraien burua gobernukide potentziala bezala aurkeztea kanpainan —Urkulluren arrakasta ekidinezina onartuz— edo oposizio gogorra egitea eta alternatiba errealtzat bezala aurkeztua beraien hautagaitza. Irungo ituneko erako gobernu baten buru izatea—honek hiru alderdi hain ezberdinen arteko ika-miken kudeaketan dakartzan arazoak bere gain hartuz— edo anbizio politikoa baztertu eta EAJren gobernu berri batean PSEri lekua kentzea. Edonola ere, Iriartek eta Otegik denbora behar zuten jarraitu beharreko bidea aukeratzeko eta honi ekiteko.

Bitartean, Elkarrekin Podemos beraientzat ohikoa ez zen estrategia garatzen hasi berria zen. Aurrekontuak Jaurlaritzarekin adostu ondoren, hilabeteak behar zituen erabaki honek beraien hautesleetan izan duen eragina aztertzeko. Lander Martinez idazkari nagusiak ildo klasiko kontserbadorea alde batera utzi, eta tandema osatzeko, Rosa Martinez bezalako hautagai baten aldeko apustua egitea erabaki zuen orain duela aste batzuk. Mugimendu honek fidagarritasuna sustatzearen eta hitzarmenak lortzearen aldeko estrategia berria sendotu zezakeen, baina horretarako, moreek beraien hauteskunde primarioak bukatzeko eta hautagaiaren profila eraikitzeko denbora behar zuten.

Bestalde, alderdi sozialista, Urkulluren kiderik kutunena, zintzoena eta gutxien molestatzen duena, beharrezkoak dituen eserlekuak lortzeko momenturik aproposenean dago orain: estatuko presidentea eta gobernuaren gehiengoa eurenak dira, eta honekin nahikoa dute beraientzat ohikoa den ikusezintasunetik ihes egiteko eta kanpainan zehar zeresana izateko, gutxi bada ere.

Azkenik, lerro askorik behar ez duen alderdi popularraren komedia dago: egun batean Alfonso Alonsoren hautagaitzaren inguruan dudarik ez dago, hurrengo egunean Rosa Diez edo Beatriz Fanjulen izenak agertzen dira, gero Ciudadanosekin osatuko omen dute koalizioa, eta azkenik, Alonsorekin bueltan... Antza denez, popularren barne eztabaidak beraien esparru politikoa era azkarrenean nola desagerrarazi dezaketen aurkitzea dute helburu.

Beraz, Urkullu ondo posizionaturik egonda, argi dago ideia bikaina dela hauteskundeak lehenbailehen deitzea, legealdi geldo eta pobre baten ondoren, etsai politikoei beraien estrategiak garatzeko beharrezkoa zuten denbora lapurtu dielako eta erritmoa kontrolatu duelako. Horrela, gogogabetasuna nagusi, kanpainan zehar EAJren gobernukideen inguruan izango da eztabaida, Urkulluren halabeharreko arrakasta onartuz.

Baina neurketak egiteko soilik zure buruari begiratzen diozunean, gauzak gaizki atera daitezke —bi milioi pertsonen lehendakaria zarenean behintzat—. Ez daukat argi neurketa arazoa ala etika falta itzelaren ondorioz izan ote den, baina Urkulluk oinarrizko gauza bat ahaztu du: kalkulu hotz guztien gainetik, hondakin toxikoen ehunka tonen azpian lurperaturiko bi langile daudela.

Argi dago detaile hau Eusko Jaurlaritzak hasieratik ahaztu egin duela, Zaldibarren gertatutako tragediaren kudeaketa penagarria izan baita: opakutasuna eta informazio falta, irregulartasunak, kontu emateak teknikoen esku uztea, inongo ardura politikorik ez hartzea, etengabeko gezurrak eta erdi-egiak, eta batez ere, Urkullu lehendakariaren aurreranzko ihesa.

Hori baita gertatu dena: lehendakariak ihes egin du. Urteak ezer ez egiten pasa eta gero, ingurumen-hondamendiaren aurrean, krisi politiko eta sozialaren aurrean, bi pertsonen galeraren aurrean, lehendakariaren erantzun bakarra «besterik ez badago... aurrekanpaina!» da.

EAJ trebea izan da beti gauzak «Euskadiren onerako» egiten dituela saltzen. «Euskadiren onurarako» metroa eraikitzen ari dira Donostian, «Euskadiren onurarako» eman zizkioten gobernuak Aznarri eta Rajoyri, «Euskadiren onurarako» xahutu dituzte milioiak eta milioiak AHTan, eta noski, «Euskadiren onurarako» deitzen dituzte hauteskundeak orain. Baina, aurrekoetan ez bezala, zaila iruditzen zait azaltzea nola lagunduko duen aurrekanpainak bi langileak aurkitzen, nola lagunduko duen hauen senide eta lagunen mina baretzen, eta nola lagunduko duen gertatu dena argitzen. Susmoren bat badut: beharbada, euskal familien onura, euskal langileen onura edota euskal gizartearen onura ez dira lehendakariak Euskadiren onura-tzat ulertzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.