Hamarkadatan zehar landutako super-kolpea

2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Baliteke futbolean interesatuta ez dauden irakurleek Superliga delako proiektuak sortutako polemika distantziarekin ikustea. Tamalez, futbolean diru publiko ugari inbertitu da, orain negozio guztia hiru boteretsuek hartzen uzteko. Izatez, Espainian, kolpea aspaldi prestatzen hasi zen, estamentu guztien konplizitatearekin.

Hasiera orain dela hogei urte kokatu daiteke, Real Madrilen erreskatearekin. Klubak 300 milioi euroko zorra zeukan, eta Aznarren gobernuak zuzendutako operazio batean, frankismo garaian Real Madrilek jasotako lurzorua birkalifikatu eta 500 milioi euro lortu zituen. Horrekin zorra kitatu eta lehenengo belaunaldi galaktikoa eratu zuen, ehunka milioi gastatuz. Urte horietan hasi zen Espainiako futbolaren apurketa, kapitalean oinarritutako kirol diferentzia eraikiz, estamentu instituzional nazionalen bultzadarekin.

Baina beste edozein ikuskizunen antzera, negozioaren protagonistak antagonista bat behar zuen, eta bereziki espainiarra den binomio bat sortu zen: urdinak eta gorriak, A edo B, Barc?a edo Madril. Binomio hori 2010eko hamarkadan zimendatu zen, estamentu guztien babesarekin: Ligak telebista eskubideek emandako diru sarreren banaketa iraingarria onartu zuen (2010. urtean Real Madrilek eta Bartzelonak, bakoitzak, 140 milioi jasotzen zituzten; Athleticek, esaterako, 17 milioi), sekula egon ez zen moduko kirol arrakala elikatuz. Krisi urteak ziren Espainian, eta, bitartean, Real Madrilek eta Bartzelonak ehunka milioi gastatzen zituzten fitxaketetan, Europako gainontzeko herrialdeen harridurarako.

Horrez gain, futbolaren erakunde antolatzaileek ere bi talde horientzat mesedegarriak ziren jardunaldiak, ordutegiak eta epaile erabakiak onartu zituzten, gainontzeko talde guztien kaltetan. La Ligak atzerrian urteetan zehar bere produktua bi talde horien arteko kirol talka moduan plazaratu du, gainontzeko talde guztiak bigarren mailako aktore eginkizunera beheratuz, nolabaiteko beharrezko tramiteak, denboraldiko gertakizun handia iritsi arte.

Bestalde, botere mediatikoak bi boteretsuen arteko lehiara sinplifikatu du espainiar futbola. Ohituta gaude Espainiako telebista publikoa bera atzerriko ligetako talde handien informazioa lehenesten ikustera Espainiako Lehen Mailako gainontzeko taldeen lekuan. Juventus edo Liverpoolen golak, asteburuko Vila-real-Betis partidako irudien ordez. Gainera, bi talde handiek idatzizko eta telebistako kirol saio eta komunikabide guztietan kokatu dituzte euren bozeramaileak, geroz eta gehiago euren posizioa indartzeko, binomioa elikatzeko, interesak defendatzeko... Azken finean, etekinak bermatzeko.

Era horretan, estamentu instituzional, mediatiko eta antolatzaileak ezinbesteko partaide izan dira kolpearen prestaketan. Eta horrela bakarrik uler daiteke Espainian egondako komunikabideen eta zaleen erresistentzia urria, bide batez, nazioarte mailan hainbeste harridura eragin duena. Ingalaterrarekin alderaketa argigarria da, eta kolpe hau geldiarazteko erresistentzia guztia Ingalaterratik etorriko dela argi geratu da. Zeintzuk dira arrazoiak?

Lehena, han kolpea ez da hamarkadetan zehar su txikian prestatu, eta komunikabideen, jokalari ohien eta zaleen errefusa aurkitu du. Bigarrena, kolpean parte hartu duten talde ingeles gehienak atzerritar kapitalarekin zuzenduta daude, Ingalaterrako futbolaren interesetatik urrun. Espainian, ordea, kolpean parte hartu duten hiru taldeak espainiar kapitala eta zuzendaritzak dituzte, hau da, Espainian bertan asmatu den kolpea da. Eta hirugarrena, bertako gobernuari nazionalista ingelesa eta kontserbadorea izatea leporatu zaio. Koherentziaz, Boris Johnson lehen ministroak adierazi du Europako Superliga proiektu baten aurrean, Ingalaterrako futbol nazionalaren defentsa lehentasuna dela gobernuarentzat. Eta futbol nazionalaren kontzeptu horretan, herrialde osoa bateratzen duen eta geografia osoan zehar hain garrantzitsua den kirol bat dago.

Baina, non dago espainiar nazionalismoa Espainiako futbol nazionala defendatu behar denean proiektu globalista baten aurrean? Honek espainiar nazionalismoak errotik sufritzen dituen konplexu ugari agerian utzi ditu: futbol nazionalaren arrakasta talde bakar baten onurara mugatzea (zentralismoa) edota Barc?ako eta Real Madrileko jokalarietan oinarritutako selekzio nazionala (berriz ere binomioa, urdinak eta gorriak, A edo B). Testuinguru honetan uler daiteke «historiako gobernu aurrerakoienaren» posizionamendu epela eta, azken finean, boterearekiko otzana.

Azken hausnarketa bat: Superliga kontzebitu duen filosofiaren ideologo nagusietako bat etxean daukagu,EAEko instituzioen egoitza den hirian. Jokalari zuhur honek oraingoan bere burua kaltetu edo biktima moduan aurkeztuko du, baina talde horrekSuperliga inspiratu duen saskibaloi proiektuaren eraikuntzan aktiboki parte hartu zuen. Are atrebentzia handiagoarekin saiatu zen 70km-ra iparraldean zegoen euskal aurkaria konpasaren arauarekin akabatzen. Arrazoia? Beti errepikatzen da: negozioaren pastel guztia banatu behar ez izatea. Orduan maniobra eta jardute horiek ez zuten asaldurarik jaso hemengo gure eremu eta zirkuluetan. Azken finean, idatzita dago: «Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurti dezala lehen harria» Jn. 8:7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.