Osasunbidea: uko-egite handia

Josemi Ablitas
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
«Uko egiten diogu. Barkatu eragozpenak». Horrela adierazi zuten beren nahigabea multinazional estatubatuar ezagun bateko langileek. Jarrera horrek atxikimendu-tsunami bat eragin zuen, eta lau milioi langile baino gehiago dira jada bide bera hartu duten langileak munduko estatu neoliberalenean. Ekimen horrekin ez da eskatzen lan-baldintzak hobetzea; aitzitik, lan egiteko aukerari uko egiten zaio, bizi-itxaropen duinik ez dagoelako.

Ekimen horri Uko-egite handia deitu zaio, eta sustatzaileek azaldutako argudioak osasun sistema publikoaren errealitatera ere eraman litezke, oro har, eta Osasunbidera, bereziki. Uko-egileen arrazoiak bat datoz soldatapeko langile-klaseak ordezkatzen dituen gizarte-masa handi baten pentsamenduarekin: neka-neka eginda daude lanak eragiten dituen baldintzengatik, bizitza osoa produktibitatearen eta onuraren eskakizunen inguruan zentratzen delako. Bizimodu horrek batere zentzurik ez du.

Azken egun hauetan, berri batek oihartzun handia izan du: erizaintzako profesional askok erabaki dute nahikoa dela esatea, behartuak daudelako bizitza pertsonala murriztera, oporrei uko egitera, oposizioak egitera eta muturreko neke-egoera batean bizitzera, hala langile finkoak nola behin-behinekoak. Horren ondorioz, 3.000 erizainek baino gehiagok eskatu dute kontratazio-zerrendetan «ez dago lan egiteko moduan» agertzea.

Nazkatuta daudenak ez dira erizaintzako langileak bakarrik. Medikuek ere urteak daramatzate lan duina, guardiako orduen erregularizazioa eta profesional kopuru egokia jar dezatela aldarrikatzen. Eta haiek ere gogaituak daude hainbat arrazoirengatik: plantilla ez dago ongi dimentsionatua, osasun-sektore publikoan behin-behinekotasun indizea ikaragarri altua da (%64tik gorakoa), profesionalen sailkapena ez dator bat jaso duten prestakuntzarekin, kontratazioa oso prekarioa da (lan txandarik gabe, lan ordutegirik gabe eta lanpostu finkorik gabe), pandemiaren ondoriozko albo-ondorioak... Horregatik guztiagatik, langileak nekatuak, gaitzetsiak eta erreak daude. Eta osasungintzaren sektorearen baldintza tamalgarriak hirugarren adinekoen egoitzen arlora ere hedatu dira, baita desgaitasunen bat dutenentzako zentroetara eta osasun mentaleko arretarekin zerikusia duten zerbitzu guztietara ere.

Egoera honetan, garrantzitsuena ez da lan baldintzak berriz negoziatzea eta osasun arloko gerentziarekin edo unean uneko gobernuarekin akordioren bat lortzen ahalegintzea. Horrek jada ez du merezi, ezinezkoa delako langileen eskaerei erantzuteko gauza den solaskide bat aurkitzea. Baldintza hauetan, lan egiteari uko egitea besterik ez da gelditzen. Langileak sistema honekin erabat gogaituak daude. Munduko langileen %85 ez dago pozik bere lanarekin, baldintzak hobetzen badizkiete ere. Sistema honek alienazioa eta tristura eragiten ditu plantillan. Gainera, Osasunbideko langile gehienek Burn-out gaixotasuna daukate (erretako langilearen sindromea).

Oraingo honetan, langileen desatxikimendua eragiten duten faktoreak ez daude langabeziari lotuak. Desatxikimenduaren eragile nagusia muturreko lan baldintza horiek inposatzen duten bizi-estiloa da. Grebarik edo mobilizaziorik planteatzen ez den puntu batera iritsi gara; izan ere, ez du merezi lanaren alde borrokatzeak.

Denbora plantillako ondasunik preziatuenetako bat bihurtu da. Baldintza tamalgarrietan lan eginez kontsumitu den denbora alferrik joan delako sentsazioa dago. Lan baldintzak langileen aurka bihurtzen ari dira, langile-falta dagoelako, arrisku psikosozialak areagotu direlako, eta beste hainbat arrazoirengatik. Gainera, herritarrak ere langileen aurka jartzen hasi dira, aurretik ongi pentsatutako desinformazio politika baten ondorioz. Bizitzarako denbora materialik ez dugu, eta bizitza osoan zehar lan-prekaritatea, kontratazioaren abusua eta neurriz kanpoko hautapen-prozesu etengabeak jasan behar ditugu. Hutsaren hurrengoa da pertsona gisa benetan asebetetzen gaituzten gauzak egiteko daukagun denbora. Denbora eta bizitza agortzen ari zaigu, eta hori oso garbi ikusi eta sentitu dute langileek pandemia honetan, egun batean bai, eta hurrengoan ere bai.

Langileek erakutsi eta adierazi dute egoerak ezin duela horrela jarraitu. Lanean ematen duten denbora murrizteko moduren bat bilatu behar da, lan- eta bizi-baldintza duinak izan ditzaten.

Une honetan, zainketen gutxieneko kalitatea bermatzen ez duen zerbitzu bat ematen ari gara. Laneko presioak eragin fisiko eta psikologikoa du, eta, horrela, zainketetarako bokazio asko alferrik galtzen ari dira. Lan-politika neoliberalen menpe sentitzen gara, salduak, posturagile onenaren esku. COVIDaren pandemian zehar, politika horien alderdirik gordinena ikusi ahal izan dugu, eta, hala, ageri-agerian gelditu dira osasun sistema publikoen gabeziak. Gure bizitzaren zati handi bat xahutzen ari gara bizimodu egonkor samar baten bila, eta trukean aurkitzen dugun gauza bakarra prekaritatea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.