Ez da ipuina, nire iritzi errespetagarria baizik

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herria hizkuntza berezi baten jabe da. Mirakuluz, edo ez dakigu nola, baina gaur artio bizirik iraun duen hizkuntza propio baten jabe. Inguruko hizkuntzekin ahaidetasunik nabari ez zaiona, gainera. Itxuren arabera, mendez mende lurralde honetan beti kokatua egon dena. Bada hemen, alajaina, nor bere plazerera ametsetan egoteko moduko gaia. Dena den, eta gertatua gertatu, hor dugu guztiona den euskara. Egia da beronen iragana iluna eta gaizki ezaguna zaigula, eta, bestalde, aje askorekin iritsi dela gure egunotara, nahiz eta azken hamarkadetan sekulako giharra eta kemena bereganatu alor askotan; landuagoa eta trebatuagoa dugu/dago hain zuzen, erabiliagoa esparru askotan, euskaldun kopuru aldetik ere igoera boteretsura iritsi arte gazte eta nerabeengan bereziki. Baina baditu oraindik erronka berri, zail eta korapilatsuak, zeren bide bat egiteak bide berriei ekin beharra dakar. Ibili izanak ibiltzeari jarraitzea eskatzen dio halabeharrez. Handik eta hemendik, hauekin eta haiekin, zubiak eraikiz.

Erronka eta xede berriak, bai. Euskararen normalkuntzaren bidea jorratzea, horra hor asmatu beharreko jarduna eta eginbeharra, demokratikoki eta era eraginkorrean, herritarron onarpenean oinarrituta eta herritarren (gazte eta nerabeen bereziki) kontzientziak era erakargarri batean astintzeko eta hiritarren parte hartzea eta inplikazioa lortuko duena era ahalik eta naturalenean. Zer eta nola galderetan dago koska.

Zorionez, hiritarren gehiengo zabal batek adierazi izan du euskara geure arteko komunikaziorako tresna erabilgarria izan dadin nahi duela, arnasa eta lekua hartuz beste hizkuntzen artean, inolako ghettotan erori gabe, oraindik korapilatsuak zaizkion sailetara iritsiz indarberrituta, hala nola lanera eta merkatuetara, lantegietara eta administraziora, erietxeetara, Ertzaintzara, epaitegietara, aisialdira... Urratsez urrats, etapak erre gabe, bihotz bero, buru hotz eta begi erneak edukiz.

Axularrek esan zigunez aspalditxo, Ā«tresnak erabiltzeaz fintzen dira eta orobat hizkuntzakĀ». Axular gaur egun bizitu balitz pentsatuko zukeen etengabeko aldaketetan murgilduta dagoen euskal gizarte konplexu honetan herritarrok ditugun komunikazio premiak betetzeko tresna egoki bilakatu beharko zuela euskarak, horixe litzateke eta XXI. mendeko Euskara jalgi hadi kalera gaurkotua.

Elebitasun sozial integratzailearen ikuspegitik gaurko elebitasun desorekatua gainditzeak eskatzen du gizarte bizitzan pixkana murriztea bi hizkuntza ofizialen artean ematen den desoreka. EAEn Euskararen Legeak euskarari eta gaztelaniari aitortzen dien berdintasun formal edo legala gizartean ere berdintasun izatean legoke gakoa, eta hori lortuko bada ezinbestekoa da, oraindik, euskarari lehentasunezko tratamendu positiboa ematea. Euskararen normaltasun soziala ez da euskara hizkuntzaren behar abstraktu bat, baizik eta euskal gizartea demokratikoki egituratzeko baldintza onuragarria. Eta hau guztiona den zerbait da, guztiona, abertzaleena eta ez-abertzaleena, euskaraz dakigunon auzia eta ez dakitenena. Behar sozial kolektiboa da, eta guztiok honela ulertzen eta onartzen ez badugu ukaezina litzateke nekez urratu ahal izango dugula aurrerantzerako geratzen den bide luzea.

Euskarak eremu, alor, esparru, aisialdi, erakargarritasun berriak irabazi behar ditu. Bai, zeren kultur komunikaziorako eta garapen politiko eta sozialerako ohikotasunez erabilia den hizkuntza da funtzio nagusiak dituen tresna. Eta irabazita dituen funtzioak galdu eta utzi gabe. Hori da normalkuntzaren bidea, urratu beharrekoa, gaur eta hemen.

Eta noski, inork ezin dezake jarri duda-mudan euskararen normalkuntzaren izaeraren legitimitate demokratikoa. Euskal gizartea eraikitzeak, Euskadi bera eraikitzeak, sozialki, ekonomikoki eta politikoki ez ezik, linguistikoki ere eraikitzea suposatzen du. Zentzu horretan esan daiteke, euskal gizartearen eraikuntza euskararen normalkuntzara mugatzerik ez dagoen bezala, Euskadiren nazio eraikuntza demokratikorako, gizarte integratu bakarra eraikitzeko baldintza bakar eta nahikoa ez baina, aldi beran, beharrezkoa zaigula euskararen normalkuntza soziala. Euskararen normalkuntza soziala gizartearen normalkuntzaren mesedetarako bakarrik izan daiteke, gizarte harremana hobetu besterik ez baitezake egin. Euskararen normalkuntza sozialean aurrera egiten dugun heinean gizarte demokratikoagoa hezurmamitzen arituko gara, zubiak eraikiz.

Herri eta gizarte baten ondarea den euskara ez dadila ideologia politiko bati edo batzuei lotua ager, euskara bera suertatuko da kaltetua eta. Tresnakeria antzua. Eta tamalgarria litzateke behin eta berriz behaztopa-harri berean jotzea. Ez dezagun lotu euskararen auzia eztabaidagarri diren ikusmoldeekin. Alderantziz, zuhurtziaz, buru argiz eta jakitatez jardun. Euskararen bizi iraupena, horra hor obra bat berez ona, justua eta beronen alde lan egitea merezi duena. Badira bai arrazoi errutsuak helburu horren alde lan egiteko. Absolutua ez dena, absolutu bihurtu gabe, besteon irizpideak errespetatuz. Obra zaila eta egitekorik aski emango duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.