Biktima guztiak berdin babesteari eutsi behar zaio

Agus Hernan eta Nekane Altzelai
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak indarkeria-zikloaren ondorioak ixteko alde anitzeko akordioak lortzea du helburu nagusia. Gure lorpenekin eta gure akatsekin, argi dago ekarpen eraginkorra egin dugula 2016an eratu ginenetik denon artean eman ditugun aurrerapausoetan. Baina inoiz ez da erraza izan; oraindik ez da. Urte hauetan oso une zailak bizi izan ditugu, presio handiak jasan ditugu, ez gintuztela ulertzen sentitu dugu, agendatik kanpo, basamortuan predikatuz. Testuinguru horietan, Nazioarteko Bitartekarien aholku batek zentzua hartzen zuen beti: «Eutsi egin behar zaio».

Eta horixe egiten ari gara, oraindik konpondu gabe dauden hiru korapiloei dagokienez: biktimak, presoak eta memoria kritiko inklusiboa. Hiru lan-esparru horiek duela lau urte identifikatu genituen, ETAren armagabetze zibilaren eta desegitearen ondoren, egindako hausnarketa-prozesuaren ondorio gisa.

Gauza asko gertatu dira duela lau urteko maiatzaren 4tik, Kanboko nazioarteko topaketatik. Bake-prozesua eraikitzeko bidean, aipamen berezia merezi du Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurrenak eta data horren inguruan gertatutako guztiak. Gure ustez, Aieteren ondorioz, lehen baino egoera hobean gaude oraindik askatzeko dauden korapiloei aurre egiteko, eta helburuak egungo egoerara egokitzeko balio izan du.

Besteak beste, testuinguru horretan jakinarazi zuen EPPK-k presoen harreren auzia behin betiko bideratzeko erabakia. Hor ere, Foro Sozialak erabaki du bere lanaren ardatz nagusia GALen, BVEren, torturen eta polizia indarkeriaren biktimek jasaten duten diskriminazioa gainditzea dela.

Horretarako, diagnostiko batetik abiatu gara: oraindik ere diskriminazio sakona dago Estatuaren biktimekiko, modu askotara adierazten dena. Eta helburu bat lortu nahi dugu: edozein motatako biktimarenganako ekintzez edo hitzez egindako desberdinkeriaren adierazpen oro gainditzea, giza eskubideak urratu dituzten eragilearen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egin gabe.

Gaur egun, ikuspegi instituzionaletik, biktima-motaren araberako politika publiko desberdinak aplikatzen ari dira. Eta, ikuspegi sozialetik, biktimez hitz egiten denean, gehienetan ETAren biktimez bakarrik pentsatzen da.

Eta bien artean, zenbait egiaztapen: torturatzaileentzako dominak eta kargu-igoerak; biktima batzuk biktimarioak ere bazirela alde batera uztendituzten memorialak eta txosten ofizialak; argitu gabe dauden kasuen %38rentzat egia bilatzeko oztopo diren legeen iraupena; isiltasun-itzalak gertaera batzuen aurrean, hala nola Jose Antonio Cardosa karteroa erail zuen bonbaren gaineko grabazioen aurrean; etengabeko susmoen itzala biktima batzuen gainean; hedabideetan oihartzunik eza; eta berriki ere ikusi dugu torturaren biktimak birbiktimizatzen zituen diskurtso iraingarri bat Kongresuko atriletik bertatik.

Finean, tratamendu ezberdin bat dago Estatuaren biktimentzako, abandonu-sentsazioa eragiten duena, bigarren mailako biktima izatearena. Honek guztiak birbiktimizazio sakona eragiten du Estatuaren biktimen artean,horiek erakundeen politiketan duten konfiantzan haustura sakona sortuz, eta justizian mesfidantza eraginez.

Azken hilabeteotan, asko izan dira egiaztatu ditugun diskriminazio-adierazpenak, eta aitortu behar dugu ez dutela lortu merezi zuten oihartzun publikoa. Sinetsita gaude horrelako diskriminazioak ez zirela inolaz ere onartuko ETAren biktimen kasuan, edo haiek kolpatu zituen indarkeria goresten edo justifikatzen saiatu izan balitz. Eta horrela izan behar du.

Hori dela eta, Foro Soziala azkenaldian proposatzen ari den reseteo kolektibo sakon hori egin gabe, ez dugu biktimak berdin babestea lortuko. Horretarako beharrezkoak dira legeak, keinuak eta posizionamendu publikoak.

EAEko 12/2016 Legeak eta Nafarroan uda aurretik abian jarriko den legeak, defizit hori hein batean arintzen lagundu dezakete. Lege horiek dira gaur-gaurkoz erreparaziorako dagoen tresna nagusia, eta, horregatik, konfiantzarik eza eta nekea gaindituz, lege horiek bere egiteko eta espedienteak aurkezten jarraitzeko eskatu diegu Estatuaren biktimei.

Baina lege horiek aitortza keinu publikoekin batera joan behar dute, eta hor erakundeek izugarrizko erantzukizuna dute.

Eusko Jaurlaritzak Orbaizetan antolatutako Mikel Zabalzaren aitortza ekitaldia urrats garrantzitsua izan zen konfiantza berreraikitzeko, baina, politika iraunkor batekin jarraitzen ez bada, Estatuaren biktimen artean beste bereizkeria bat sortzeko arriskua dago.

Hortaz gain, aldeko posizionamenduak eta jarrera publikoak behar dira. Eta, arlo horretan, gizarte osoak dugu erantzukizuna, bereziki erakundeek, berdintasunezko tratua ematera behartuta baitaude.

Biktima guztiak guztienak, gizarte osoarenak, direla ulertzen badugu, biktima guztiak babestu behar ditugu. Aurrera egin behar dugu oraindik existitzen diren bereizkeria-dinamika gurutzatuak gainditzen, eta, horretarako, beharrezkoa da biktima bakoitzak izan dezakeen sentimenduarekin enpatizatzea, errespetatzea eta gure egitea.

Post-data: Ez dugu amaitu nahi Ukrainako gerra aipatu gabe. Ezin diogu inori leziorik eman, baina gaurkoan itxaropen-mezu bat bidali nahi dugu, Nazioarteko Komunitatetik guri helarazten ziguten mezu bera, bakea eraikitzeko gure prozesuak hainbestetan porrot egiten zuenean eta irtenbiderik ikusten ez genuenean: «Eutsi egin behar zaio». Gauaren ilunenean behintzat ez ditzatela zubi guztiak suntsi, lehenago edo beranduago eguna argituko da eta hitz egin beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.