Estatus politiko berria: proposamena

Mikel Urkola Eleizegi - Naziogintza taldeko kidea

2018ko uztailak 5
Eusko Legebiltzarreko talde politikoak eztabaidatzen hasi dira dagoeneko EAErako Estatus Politiko Berria, duela 40 urte indarrean sartu zen eta oraindik bete gabe dagoen Gernikako Estatutua ordezkatuko omen duena. Ondo bidean, legealdia amaitu baino lehen (2020an) egitasmo politiko berri bat onartu beharko luke legebiltzarrak, eta EAEko biztanleek gero erreferendumean bozkatu beharko lukete.

Ikuspuntu abertzale batetik, nazio gisa dagokigunez, estatus berriak funtsezko puntu batzuk jaso beharko lituzke gure iritziz, naziogintzan eta estatugintzan aurrerapauso sendoak eman ahal izateko. Pragmatismoaren izenean prest gaude maximalismoak alboratzeko (garbi utzita, dena den, gure helburua ez dela EAEren burujabetza partziala, baizik eta Euskal Herriaren independentzia osoa). Nolanahi ere, hemen aipatzen diren proposamenak gutxieneko abiapuntuak dira, gure nazioari dagokion estatua eraikitzeko beharko ditugun funtsezko oinarriak osatuko dituztenak.

1. Naziotasuna: Euskal Herria bi estatuen artean eta bost errealitate administratibo desberdinetan zatituta dagoen Europako nazioa dela jaso behar du testuak; bost errealitate administratibo ditugu, Trebiñu eta Turtzioz Villaverde egun administrazioaren aldetik Gaztela eta Kantabrian daudelako. Europako nazioa aipatzen dugu gure herriak nazio izateko baldintza guztiak betetzen dituelako, bai baldintza objektiboak (hizkuntza, kultura, historia...) eta baita subjektiboak ere (bere biztanleen borondate kolektiboa). EAEtik harago, zazpi herrialde historikok osatzen dute euskal nazioa, eta horri aipamena egin behar dio estatus berriaren testuak. Bide batez, Trebiñuko eta Turtzioz Villaverdeko lurraldeen integrazioa EAEn, eta Nafarroa Garaiarekin eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarekin egin behar diren lan komunak egiteko behar diren erakundeen sorrerak eta horien epe laburrerako helburuak ere jaso behar ditu testu berriak.

2. Autodeterminazio eskubidea: Nazioa denez, Euskal Herriak nazio orori dagokion eta NBEk onartzen duen autodeterminazio eskubidea du, kolonialismoak sortutako ezinegonak, minak eta menpekotasun egoerak amaitzeko asmatutako eginbide demokratikoa; EAEko legebiltzarrak birritan (1990ean eta 2014an) onartua du eskubide hori. Beraz, Estatus Berriak autodeterminazio eskubidea jaso beharko lukeela uste dugu, eta baita eskubide hori egikaritu ahal izateko prozedura ere.

3. Euskara: Euskal Herriko berezko hizkuntza denez, euskara Euskal Herriko hizkuntza nazionala dela argi utzi beharko luke egitasmo politiko berriak. Hori dela eta, administrazioak behar besteko neurriak hartu behar ditu euskara funtsezko eta lehentasunezko hizkuntza bihurtzeko, eta hori agertu behar da estatus berrian. EAEko biztanle guztiek euskara erabiltzeko eskubidea eta ezagutzeko betebeharra izan behar dute (Espainiako Estatuan gaztelaniari ematen zaion tratamendu bera) eta administrazioak hori bermatzeko jarri beharreko baliabide guztiak jarri beharko ditu. Gaur egungo sasi-elebitasunetik harago joateko tresna izan behar du estatus berriak.

4. Euskal estatus berriaren erakundeak: Euskal estatus berriaren funtsezko erakundeak izan behar dute, legebiltzarraz gain, bertako sistema judiziala eta Ertzaintza. Justizia arloan, EAEri dagokion lurralde-esparruan, lege-organo nagusiak eta epailetzaren aginte gorena euskal erakundeen meneko izan behar dute. EAEko ordena publikoaren arlo guztiak Ertzaintzaren esku jarri behar dira (nazioarteko gaiak eta poliziekiko harremanak barne); guardia zibilek eta polizia nazionalek lurralde honetan ez dute eskumen sozialik izan behar, eta formula zehatza aurkitu behar da joan daitezen.

5. Nortasuna: Arlo honetan hiru gai aipatzen ditugu: Euskal Herriko nortasun agiria izan behar dute herritar guztiek, nazioartean ohikoak diren baldintzak betez gero; EAEn matrikulatzen diren ibilgailu guztiek EUS identifikazio-sinboloa izan behar dute; eta kiroletan euskal selekzioak edukitzeko eskubidea badugula jaso behar du egitasmo politiko berriak.

6. Eskuduntza esklusiboak: Arlo sozial, politiko eta ekonomikoetan izan daitezkeenez gain, naziogintzan garrantzi handia dutelako, EAEko Jaurlaritzak honako eskuduntza esklusibo hauek izan beharko lituzke: hizkuntzan, hezkuntzan (unibertsitateak barne) eta kulturan, maila guztietan. Hiru arlo horietan Jaurlaritzak erabateko burujabetza izan behar du nahi dituen politikak (curriculumak, antolakuntza, etab.) Espainiaren esku-sartzerik gabe burutzeko. Eskuduntza blindatuak izan behar dute horiek, Flandrian diren bezalaxe; bertan Belgikako gobernuak ez baitu ezer erabakitzen gai horietaz. Eta era berean, Europar Batasuneko eta nazioarteko foro eta organoetan Jaurlaritzak bere interesak defendatzeko ordezkaritza eta parte hartzeko mekanismo egokiak izango dituela jaso behar da.

7. Alde bakartasuna: Jakitun gara gutxieneko eskakizun hauek ere ez dituela erraz onartuko Espainiako Estatuak, nazio-aniztasunean ez du sinesten-eta. Hala balitz, EAEko eragile politiko guztiek aldebakarreko bideari eutsi beharko liokete, Madrilgo beto-eskubidea onartzeak betiko ogi-papurrak jatera kondenatuko baikintuzke. Izan bedi hau, horrenbestez, Espainiarekin modu adeitsuan gure eskubide nazionalak hitzartzeko egiten dugun azken ahalegina, aldebakarreko bideari ekin aurretik.

Bukatzeko, ohar garrantzitsua: gehiengo batez taxuzko akordioa lortuko balitz eta tramite legala egiteko Madrilera joan beharko balitz, euskal erabakitze esparruak lehentasuna eduki beharko luke Estatus Berriaren bideratze-prozesuan. Horrek esan nahi du testu berria lehenik EAEko biztanleek bozkatu behar dutela, eta gero Espainiako Diputatuen Kongresura eraman onespena emateko. Ez alderantziz. Ñabardura honek eduki sinboliko eta politiko handiak dauzka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna