Begizta horiak eta adierazpen askatasuna

Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea - Pentsioduna

2018ko irailak 11
Ez dakit begizta horien afera «udako herensugea» izan den ala ez, baina aski presente egon da azken boladan Catalunyan ez ezik estatuko hedabideetan ere. Ez luke interes handiegirik izango ez balitz bete-betean egiten duelako talka adierazpen-askatasunarekin, batik bat Espainiako judikaturako batzuek eta tertuliano anitzek hauspoa eman diotelako gaiari. Jakina denez, begizta horiak Catalunyako preso independentistak gogoratzeko sortu ziren, eta haien askatasuna exijitzeko erabiltzen dira norbanakoen paparrean, kalean zein hainbat instituziotan. Ez, ordea, modu baketsuan, bistan denez eta, zurrunenek diotenez, herritarren arteko elkarbizitza normala arriskuan jartzen dute, nonbait. Begizta batzuk elkarbizitza arriskuan jartzen, alajaina! Euskal Herrian ere ezagutu genituen batzuk, urdinak hain zuzen, bahiketa batzuk salatzeko.

Indepe katalanak bi zatitan banatzen dira begiztaren erabilpenari buruz, betiere ukatu gabe erabilpena bera: batzuen iritziz presoen auzia da lehen-lehenik konpondu beharko dena, eta, beraz, haien aldeko aldarri guztiak dira zilegiak, begiztak ereitea besteak beste; beste batzuk, ordea, jabetu dira, presoen auzian (eta jakina begiztak ipintzean) tematuz gero procés-aren ondorioetan katramilatu daitezkeela, independentziaren auzia pixka bat alboratu eta Errepublika nola ezarri ahaztuz. Euskal Herrian ere arazo berberarekin egin zuen topo ezker abertzaleak.

Catalunyako auzi honetan, ordea, atentzio gehien dakarrena, modu harrigarrian ekarri gainera, adierazpen-askatasunarekin duen zerikusia da, begizten auzia adierazpen-askatasunaren auzi bihurtu baita. Maria Jose Segarra Espainiako fiskal orokorrak ireki zuen atea: «Begiztak ipini eta kentzea adierazpen askatasunaren alorrean sartzen dira biak, eta ez dira delitu, betiere modu baketsuan jokatuz gero». Gauza bera esan zuen Mar Aguilera Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak: «Begiztak ipintzea zein kentzea adierazpen askatasunaren parte dira, biolentziarik erabili ezean». Bi adierazpen horiek eginda gero, (estatuak baimena emanda, beraz) modu esponentzialean ugaritu dira begiztak kentzeko saioak oro, alderdi politiko baten parte-hartze zuzena ere bai, nahiz eta lehendik baziren episodio batzuk, batik bat hondartzetan, begizten aurka ez ezik kostako areetan ipinitako gurutze horien kontra ere.

Goiko iritziak egiazkoak badira, adierazpen-askatasuna esanahi eta potentzialtasunez hustuta geratzen da hein handi batean. Indepeen adierazpen askatasuna erabiliz ipinitako begiztak kentzen badira (eta hori legala bada), eskubide haren deuseztatzea gertatzen da, eta Baltasar Garzon epaile ohiak dioen bezala (behingoz harekin ados egon beharra daukat, zer diren gauzak!), hori «zentsura» da. Begiztak kentzea ez da indepeen ekintzaren aurka beste adierazpen bat kontrajartzea, adibidez rojigualdak ereitea toki bertsuetan edo beste nonbait, baizik haien ekintza ezabatzea, eliminatzea, zentsuratzea. Pentsa dezagun talde batek manifestazio bat egingo balu eta beste talde batek ateratzea eragotziko balio. Demokraziaren aldeko Epaile-taldeko bati (ahaztu zait izena) entzun diot: «Adierazpen-askatasuna beste era batera pentsatzen dutenei molestatzeko ezarrita dago». Ez dakit molestatzea den hitza, baina ziur egon norberaren ideiak adieraztea ez dutela gustuko beste era batera pentsatzen dutenek, gradu batean zein bestean ezinegona sortzen zaie/zaigu. Besteen iritziak, publikoki esanak eta adieraziak, jasatea eta errespetatzea da adierazpen askatasunaren jokoa onartzea, ez haiek desagerraraztea edo eragoztea.

Elkarbizitzaren mesedetan

Begiztak ipintzea, eta oro har indepeen jokabideak sortu duen erreakzioa, elkarbizitzaren kontrakoa dela aipatzen dute erreakzionistek, preso politikorik ez dagoela diotenek, Catalunyako independentzia nahi ez dutenek. Zatitu egiten omen du gizartea. Ideiak agertzea zatitzen du nonbait gizartea elkarbizitza kaltetzeraino, ideiak, proposamen politikoak etxean gordetzekoak bailiren. Catalunya bi zati eginda dagoela nabarmena da, independentzia bai edo ez aukeratzerakoan. Gizarteak beti daude zatituta ideien eta pentsamenduen arabera, modu latentean eguneroko gauza arruntak badira, eta modu eraginkorrean elementu bereizlea sakona bada. Izan ere politika soilik eguneroko gauzen kudeaketatzat hartzen bada, ez da arazo larririk egoten gizarteetan, jasangarririk ez denik. Baina politika bere zentzu hertsian hartzen badugu, hots, herri-izaerari dagozkion gauzen ebazpentzat, orduan egoera larria bilakatzen da beti, justiziaz konpontzen ez bada. Zentzu horretan politika zatitzailea da. Catalunyan ez dago jokoan (EHan ere ez) eguneroko gauzen kudeaketa, haiek ondo kudeatzea garrantzitsua den arren, jokoan dagoena herri baten nazio-izaera da, eta hor ez dago zer eginik justiziaz ebazten den arte. Gizarte modernoetan (indarkeriaz ebazteko aukerak baztertuta) autodeterminatuz ebazten da auzia, elkarbizitzaren mesedetan. Gatazkak beti adieraziko digu arazoa konpondu gabe dagoela. Bizirik, alegia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna