Posible ote da adiskidetze justu eta bidezko bat Euskal Herrian?

Patxi Meabe,, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa - Etiker

2019ko urtarrilak 8
Bai komunikabideetan eta bai kalean, sumindura, deskalifikazioak eta mota guztietako liskarrak nagusi diren testuinguru honetan, ba al du zentzurik barkamenaz edo adiskidetzeaz mintzatzeak? Aitortu beharra dago ez direla prentsa ona duten kontzeptuak, hala berorien konnotazio erlijiosoengatik nola zigorgabetasunarekin lotzen direlako. Nolabaiteko anbiguotasunarekin ere erlazionatzen dira eta errua orokortzeko joera arriskutsua sorraraz lezakete. Argentinan, Txilen, Hegoafrikan, Irlandan eta beste hainbat tokitan eratutako Egiaren eta Adiskidetzearen aldeko Batzordeen jardunak gogora ekartzen baditugu, ikusiko dugu egundoko zailtasunak gainditu behar izan zituztela gertatuari buruzko egia eta biktimekiko justizia bermatzeko.

1.- Beren ekintzen bidez definitzen dira pertsonak. Ekintza txarrak gaitzesten ditugun arren, ekintza horien egileei barkatzera deituak gaude, era horretan pertsonen arteko harremanak gizatiartzeko. Barkamena, askotan, iragana ahaztearen eta jazotakoa aitortzea exijitzearen artean kulunkatzen da, gertatua oso desatsegina denean ere. Damuaren ideia sortzen da horrela, eta iragana gainditzeko indar bilakatzen da. Hala, zor bat barkatzeko motibo bihurtzen da, besteak bere kulpa onartu zain geratu gabe. Kontzeptu eztabaidagarri horrek bizitza berri bat irekitzen du pertsonarengan. Damuak eta barkazioak —egintza zailak, ia heroikoak zenbait kasutan— ez dute egindako gaitza konpontzen eta ezabatzen, baina kitatu egiten dute, nolabait, berez ordainezina den zor bat, eta pertsonak hurbilagotzen eta elkartzen ditu.

Legearekin zerikusirik ez duen beste esfera batekoa da barkamena. Legeaz harago doa. Askoren iritzian ahuldade-keinu bat da, ulergaitza, baina duintasuna ematen dio barkatzen duenari eta eraldatu egiten du barkamena onartzen duena. Ulertzekoa da barkatzen ez duten —eta barkazioa eskatzerik ere nahi ez duten— biktima batzuen postura, baina, era berean, goren mailakoa eta heroikoa da, oinazea, gorrotoa eta mendekua gainditurik, gizarte berradiskidetu baten alde egiten dutenen jokabidea.

2.- Amnistia eta barkamena. Bizitza politikoan sinesgarritasun gutxi du barkamenak, ahaztearekin nahastu ohi da. Horregatik da hain eztabaidagarria amnistiaren kontzeptua, barkamen politikoaren eta iragana behin betiko lurperatzearen sinboloa delako. Ricoeur-en iritzi zuhurraren arabera, injustiziari itzuri egitea hartaz ezer jakin nahi ez izatea da, hau da, barkamenaren kontrakoa. Garaipenaren balorazioa ere —mendekutik hurbilekoa— ez da lagungarri adiskidetze zintzo baterako. «Garaileez eta garaituez» mintzatzeak ez ditu posturak hurbilarazten; liskarrak biderkatzen ditu eta bizikidetza eraiki ahal izateko «gutxieneko zoru etiko bat» adostea eragozten du.

3.- Gaitzaren kontzientzia. Baina, nola barka lekioke errudun sentitzen ez denari, gaizki egindakoa onartzen ez duen norbaiti, bere erantzukizuna besteek egindako txarrean urardotzen duenari, hortaz gainera, heroitzat hartzen badute hainbat adierazpen publikotan, gure iragan triste eta odoltsua gainditzen ezertan ere laguntzen ez dutela? Injustiziaren aitortza publiko hori gabe, ez dago gutxieneko elkarbizitza zintzo bat eraikitzerik. Zerbait barkatzen zaila bada, gaitz egin izanaren kontzientziarik ez edukitzea da. Arrazoi horregatik, ETAren azken adierazpenak, non hutsegitez eragindako biktimei soilik eskatzen baitzitzaien barkamena eta ez biktima guztiei (besteok, hortaz, ez lirateke biktima bidegabeak), eragin zuen hain haserre sakona, hainbat heriotzaren injustizia eta oinazea areagotzeaz gainera, presoekiko elkartasun handiagoa eragozten zuena.

Espetxe-politika berehala eta sakonki berrikustea eskatzen dugu, presoak hurbiltzea, gaixo daudenak kartzelatik ateratzea eta beste herrialde batzuetan betetako zigorra deskontatzea. Baina aldi berean adierazi nahi dugu ez dagoela onartzerik Orain Presoak mugimenduak oraindik ordaindu ez den zor bat indargabetzea exijitzea, aldez aurretik aitortu gabe hainbat eta hainbat hilketa bidegabeak izan zirela. Gure herriaren gehiengo handi baten eskaerak dira biak ala biak, iragana sendatzea bilatzen baita, etorkizunari begiratzen zaion bitartean.

4.- Bai pertsonalki eta bai gizarte mailan berradiskidetzeko zer egin behar den proposatzeaz gainera, beharrezkoa da aldez aurretik argitzea zer den guretzat baketzea eta adiskidetzea. Kontzeptu argiketa hori ezinbestekoa da norbanako, gizarte edo erakunde mailan egin nahi den zeinahi lanetarako.

Adiskidetzeak pertsona zehatzei begiratzen die, bai gizabanako gisa eta bai kolektiboki; baketzea, ordea, egitate eta jarduketa sozial eta politikoei buruzkoa da, guztioi eragiten diguten erabakiei edota guk gauzatzen ditugunei egiten die erreferentzia. Eta horrek justiziaren eta adiskidetzearen artean zer obligazio dauden ikustera behartzen gaitu, batez ere, eta zehazki, injustiziak, indarkeriak edota gezurrak eragindako gatazka-egoera haietan.

Adiskidetzea ezinezkoa da justiziarik gabe. Bizitza sozialean, politikoan edo beste esfera batzuetan besteen eskubideak urratzen diren bitartean, adiskidetzeaz mintzatzea geure buruari iruzur egitea da. Horregatik, baketzerik gabe ez dago adiskidetzerik. Ahalegindu gaitezen biak elkarrekin joan daitezen gure eguneroko konpromisoetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna