Gorrota nazazu maiatzera arte

Ander Perez Argote - Kazetaria

2019ko urtarrilak 18
Eskuinaren noraeza azaltzeko irudi bila ari garela bota du adiskideak txaluparena. Buruan deskribatu zaigu eszena. Behe lainoa. UPNren txalupa uretan aurrera, poliki. Desagertua da nonbait presidente zena, ari dira bila, ihes egin zuen deskalabruaren ondotik, ari dira bila, ikerketa batzordeek deituta baino ez da ageri egun. Behe laino artean nahasten dira oihartzuna eta Barcina bilatzeko oihuak. Noraezean da eskuinaren txalupa. Muturreko ertzetik irits liteke salbamendua.

Beharko luke aski oposizio ahul batek, gobernu batek jarraitu dezan ziurtatzeko. Baina ez da aski. Mintzo dira inkestak, eta inkestak inkesta dira, bai, baina beltz du aldaketak. Edo ez nahi bezain argi. Pare dira indarrak, pare aldaketa eta erregimena, nola barneratu ditugun bandoen izenak. Gutxigatik irabaziko du irabazten duenak. Esan dezagun aulki bat, esan dezagun bi, ez hiru baino gehiago, 50eko logikan. Eta ikus liteke, porrotarako aukeran, basoa erdi huts, edo ikus liteke erdi bete, ez zela kasualitate orain lau urtekoa, aldatzen ari dela gizartea Nafarroan, segitzen duela aldatzen, aukera dela oraindik lehen utopia zena. Horretan ere trebatu gara: lau urte daramagu Nafarroari basoaren bi aldeetatik begira, une bakoitzean zer komeni den.

Beharko luke aski oposizio ahul batek, gobernua indartsu balitz. Eta bale, hondamendia ez, bale, triskantza ezta ere, bale, apokalipsia gutxiago, baina ezin esan aldaketa indartsu dagoenik ere. Kosta ahala kosta eutsi ditu kanpoko erasoak. Barnekoak ari dira orain kalte egiten.

Geroa Baik maskara kendu du, noizbait jantzi bazuen. Bere neurrira osatu zuen gobernua, eta, norbaiti egitekotan, hari baino ez dio mesede egin exekutiboaren formula bereziak. Keinu egin zuen abuztuan, benetakoa jo du orain: Maravillas Gaztetxea hustu, foruzaingoa herritarrak egurtzen jarri —irakurri gazteak, irakurri Azkoien—, eta autoritarismoaren bideari lotu zaio. Duda gutxi: zentroan ezarri, eta eskuinera zabaldu nahi du bere eragin esparrua, eta, ahal bada, bidaideak aldatu. Ordena beti ordena. Estrategiak badu bere ahula: eskuinetik irabazitakoa gal dezake ezkerretik. Nekez irudika liteke aldaketa borra bat eskuan.

Deserosoen EH Bildu da, eta, zer diren paradoxak, izan liteke gehien irabaz lezakeena. Aldaketa egin du bere iparrorratz, eta aliatuek batera edo bestera jotzen zuten heinean mantendu da kontsentsuen defentsan, oreka ia ezinezkoak josi nahian, eta trukean, posizio politiko propioak ahulduz. Ez da Geroa Bairi frenoa jartzeko gai izan. Basoarena berriro: zigortu daiteke epeltasuna, saritu daiteke aldaketaren defentsa ia baldintzagabea.

Ahal Dugu-rena ez da erraza azaltzen. Txikituta da alderdia, bi zati bai bederen, gehiago ere agian. Lau hilabete falta dira hauteskundetarako, eta oraindik ez da argi zein modutan (edo zenbatetan) hartuko duen parte sektoreak. Zaila du duela lau urteko ilusioa berreskuratzen, ezinezkoa behintzat maila berean. Bitartean, hasia da bide propioa markatzen, eta kideengandik aldetzen: Aranzadik, espazio politiko horrek Iruñean duen markak, anfora apurtu du hiriburuan, aurrekontuak blokeatuta. Hiltzen hil, entzuten da kalean.

Ezkerra harri txintxarri bat da gainerako kideen zapatan. Ordezkaritza eskasa (bi parlamentari, zinegotzi bakarra Iruñean) ez da oztopo izan laukoaren jarduna behin eta berriro oztopatzeko. Euskararen legeaz gogoratzen naiz orain. Momentuz, badirudi uko egingo diola Ahal Dugu-rekin batera aurkezteari, eta ez da harritzekoa, hango urak nola datozen ikusita. Agian ez da gehiegi haziko. Agian ez du behar: begira nola baliatu dituen bi aulki xixtrin.

Gauza bat da argi: «hau edo UPN» logikak ez du betirako iraungo. 2015eko aldaketa UPN boteretik bozkatzeko desioak azaltzen ahal du, baina ez horrek bakarrik. Erakundeetako aldaketak ez du Nafarroa aldatu, Nafarroa aldatzeak ekarri du aldaketa erakundeetan. Eta ezin neurtu liteke hori parlamentuko logika hutsean: Nafarroa ulertzeko modua da gutxika aldatzen ari dena, tradizio kontserbatzaile nabarristarekiko hausturak, azaltzen ahal dena feminismoaren gorakadan, mobilizazio kultura berrituan, Iruñetik beherako D ereduko matrikulazio datuetan. Aldaketak, aldaketarik berriro bada, ulertu beharko du hori, eta horren oinarrian eraiki alternatiba benetako bat, konplexu eta beldurrik gabea, zintzoa, zuhurra baina sakona. Ez da dena aldatzen Sarasateko korridoreetan.

Bukatu da jolasa, apurtu da karta sorta. Mahai gainera atera ditu bakoitzak bereak, partida berrirako prest. Orain artekoa ez da erraza izan, hori bagenekien. Eta, hala ere, eutsi diote eskutik lau indarrek, elkarri mokoka aritu ostean berriro besarkatzeko oreka ezinezko horretan. Hala beharko du berriro. Ez baitu betirako iraungo «hau edo UPN» logikak, baina bilatu beharko da berriz adostasuna, zenbakiek ematen badute. Hori da joko honen eroa: aldamenekoa egurtzea, gero laztantzeko. Orain, badirudi hala tokatzen dela, labanak atera dituzte, baina punta gehiegi zorroztu gabe. Elkarri esango baliete bezala: gorrota nazazu maiatzera arte. Maitatu beharko nauzu gero.