Egun bat norberarena

Ane Labaka Mayoz - Bertsolaria

2019ko martxoak 12
00:00. Hasi da. Atzo, bertso-eskolako 13 urteko bi ikaslek ilusioz kontatu zidaten beraien kabuz ideia bat izan eta kartel bat egin zutela greba egunaren hasiera iragartzeko kazerolada batera deituz. Asko hunkitzen nau bi neskatoak oraintxe beraien etxeko balkoietan zartagin edo lapiko bana joz irudikatzeak.

01:55. Insomnioak borroka honen parte izan nahi omen du. Nire begi zuloak ere more kolorekoak izango dira bihar.

07:49. Gutxitan esnatu ohi naiz iratzargailuak jo baino hamar minutu lehenago neure kasa.

08:30. Sareetan kuxkuxean hasi dut eguna. Laranja zukua eta amorrua gosaltzeko. Amorrua, azukrerik gabe. Piketeak dabiltza han-hemenka. Martxoaren zortzia iristear dagoenero kalean zehar zapi moreak banatu eta lasai geratzen diren horiek mota guztietako poliziak bidali dituzte urteko egun guztietan eraldaketa more horren alde lanean ari direnak identifikatzera.

09:00. Eskolara sartzeko ordua da. Greba egin dute emakumezko irakasleek. Greba jangelako langileek eta autobusetako zaintzaileek ere. Garraiobidearen faltan, aita «jatorrenak» oinez doaz eskolara bidean haur taldetxoekin batera. Lagun baten bidez jakin dut beste behin ere haur horien amak ibili direla gaur greba egin ahal izateko aurreko egunetan hau dena lotzen eta antolatzen. Beste behin ere. Ikusten dena 1- ezkutuko gestio mentala 0.

10:00. Etxeko portalean gizon batek: «Zorionak! Gaur zuen eguna da. Oso ondo pasa!».

11:30. Kotxe eta bizikleta karabana zegoen iragarrita. Oinezkoak ere animatu dira. Aurreikusten zena baino askoz ere kaos handiagoa eragin du honek herriaren erdigunean. Jendea aztoratuta, gure gainetik pasa eta bere autoaren muturra tartean sartu nahian. Autobus gidari bat ere paperak zeharo galduta. Karabanako azken furgonetaren atzean mutil gazte bat bozina arraro bat jotzen gelditu gabe begira; desafiatzaile eta barrezka.

12:00. Udalak deitutako kontzentrazioa plazan. Gure herriko alkate jauna, #zuriketamorerikez traolaren pertsonifikazioa, beti bezain zurbil. Gure herrian feminismoaren ikurrari bi aingeru hego gehitu dizkiote «berdintasunaren aldeko» kanpainaren iruditerian, suabeago eta politago suerta dadin-edo. Gure herrian oraindik ez daukagu berdintasun teknikaririk.

12:30. Kalejira feminista. Lau geldialdi. Pentsionistek hartu dute hitza astelehenero elkartu ohi diren plazan, ikasleek institutuaren aurrean, sindikatuetako kideek Lanbideren bulego parean eta adinekoen egoitzan greban dauden bertako langileek. Txalo jo diegu gogoz, indartu daitezen. Oilo ipurdia. Emozioa. Dagoeneko lau aldiz egin didate ihes malkoek. Eskerrak eguzkitako betaurrekoak jantzi ditudan.

13:30. Eserialdia kale nagusian. Udaltzainek esan digute baimena eskatu genuenean eserialdia espaloian egingo genuela uste zutela. Nonbait hauek ere ez dute ondo ulertu mundua gelditzearena...

14:30. Bazkaria herriko plazan. Hasi da tuper festa. Emakume batek alde egin behar izan du korrika. Gizonak deitu dio telefonoz goizeko ekintzetan parte hartzea oso ondo dagoela, baina bere amari (gizonarenari) jaten emateko ordua dela esanez.

15:30. Kontu kantari gabiltza eguzkipean. Bazkalosteko giroak are zailagoa bihurtzen du kontsumo grebarena. Animo.

17:30. Donostiara bidean. Gainezka doan tren bateko hausnarketak. Etxe barruko langileak eta kontratu prekarioetan prekarioenak dituztenak gogoan. Lana galtzeko arrisku erreala dela medio, euren burua nagusiaren bulegoan greba egingo dutela esanez irudikatze hutsak ikaratu ditzake zenbait. Greba egiteko aukera izatea ere pribilegioa izan daiteke.

19:00. Manifestazioa Donostian. Aurretik ere mila aldiz errepikatu den arren, antolatzaileek bozgorailuetatik exijitu behar izan dute gizonak azken lerrora joateko. Emakume* sortzaileentzat etxeko lanak: manifestazio feministetarako euskarazko leloak sortzea.

20:20. Donostiako Bulebarra gainezka. Kioskora igo behar dut egun osoan zehar buruan bueltaka izan ditudan bi bertsoak kantatzera. Hankak dardarka dauzkat. Ezin da hitzez adierazi zure bertsoen errepikapenak hainbeste jendek eta horrenbesteko indarrez abesten dituenean sentitzen dena. Etxeko lan gehiago: emakume* sortzaileoi greban egonda ere ekitaldietan gure aletxoa jartzea dagokigu ala ez genuke hauetan parte hartu beharko? Eta kazetarien kasuan, mikrofonoak eta kamerak gizonen esku uztea lehenetsiko da ala garrantzi berezia du egun honen kontaketa ere emakume* kazetariek euren ikuspuntutik egiteak?

20:30. Inurritegi oso bat iraultzaren erritmoan dantzan. Euforia kolektiboa. Aspertzeraino errepikatzen ditugun esloganak praktika bihurtzeko gai garen seinale.

21:30. Ahizpa topatu dut. Ahotsik gabe dago. Beste zenbat geratuko ote ziren gaurko egunez ahotsik gabe? Ahotsa kendu zieten eta kentzen dieten ahizpa guztien omenez. Dena merezi dute.

00:00. Bukatu da eguna. Sabelaldea mintzeraino barre eta uholdeak sortzeraino negar egiteko gogoa sentitzen ditut batera.

02:13. Lehertuta nagoen arren, gaur inoiz baino zailagoa izango zait begiak biltzea.

09:30. Eta esnatu naizenean dinosauroak hemen jarraitzen zuen. Hortzak erakutsi dizkiot eta ohe azpian gorde da, izututa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna