Kontsentsu zisjordaniarra

2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Pasa den apirilaren 9an Benjamin Bibi Netanyahuren Likud partiduak Israelgo hauteskunde orokorrak berriro ere irabazi zituen, segurtasuna eta estatu palestinar baten eratzearen kontrako jarrera bere kanpainaren ardatz izanik. Aberri juduaren deriba ultraeskuindarra agerian jartzeaz gain, garaipen horrek espekulazio ugari sorrarazi du Zisjordania okupatuaren estatus legalarentzako izan ditzakeen ondorioeninguruan.

Donald Trump AEBetako presidentearen sostengu paregabea, estatu arabiarren utzikeria, palestinarren ahultasuna eta etengabe handitzen den kolonoen boterea direla medio, Zisjordania osoa de iure anexionatzeko ahotsak inoiz baino ozenago entzuten ari dira Israelen. Hala ere, ez da halakorik gertatuko etorkizun hurkoan.

Lurralde okupatuen estatus orokorraren inguruan 50 urte baino gehiago dituen nazioarteko kontsentsua existitzen da oraindik, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 242 ebazpenean jasoa eta oraingoz baita AEBek ere biltzen dituena. Ahobateko adostasun horren kontra mespretxuz egitea ez litzateke Israelen mesederako izango, estatu arabiar kontserbadoreekin batera Iranen kontrako frontearen sorrera nabarmenki zailduko bailuke.

Era berean, Israelek ez du Zisjordania osoa anexionatzeko inongo beharrik: 2013tik baita Liga Arabiarra ere «lur-truke» eufemismoaren alde azaldu da, hau da, balizko Bake Akordio batean Israelek kolono-gune garrantzitsuenak anexionatzearen alde. Honen harira, gogora ekarri behar da zenbait negoziazio txanden bilera-aktek eta apartheid murruaren eraikuntzak argi eta garbi utzi duten bezala, negoziatzaile israeldarren jarrera iraunkorra eta aldaezina izan dela urteetan zehar: soilik Ekialdeko Jerusalemen kokatuta dauden kolono-guneak eta kolono-gune handiak dira ezinbestekoak. Noski, Jordan ibaiaren bailara mantendu nahiko lukete, baina hori tartaren ginga besterik ez da. Nahitaezkotzat jotzen duten bakar-bakarra kokaleku horiek dira. Izan ere, inork ez du murru erraldoi bat eraikitzen ondoren haratago dagoen lurraldea galdatzeko.

Gainera, erabateko anexio batek bi estatuetan oinarritutako konponbidea lurperatuko luke eta, ondorioz, estatu juduak hain onuragarria zaion Bake Prozesuaren antzerkiari uko egin beharko lioke. Israelek ez du bere posizioa indartzeko eta aldi berean bere burua zuritzeko ezin hobea den aitzakia bertan behera uzteko pizgarri bat ere. Osloko Akordioak eta Bake Prozesu amaigabea bere garaipenik handienak izan dira, zein-nahi arrakasta militar baino askoz ere garrantzitsuagoak, denboraren igarotzeak erabat argi utzi duen bezala.

Bestalde, Zisjordanian, Ekialdeko Jerusalem barne, hiru milioi palestinar baino gehiago bizi dira. Lurralde osoaren anexioaren kasuan, israeldarrek bi aukera izango lituzkete «arazo demografikoari» aurre egiteko: hiritartasuna eta berdintasuna ala bereizketa eta bazterketa. Lehenengoa onartezintzat jotzen dute hein handi batean, Israelgo estatuaren izaera judua bera arriskuan jarriko bailuke; bigarrena baita ere, disimulurik gabeko apartheid moduko erregimen baten ezarpena exijitzen baitu. Bi aukerak kale itsuak besterik ez lirateke izango eta agintari israeldarrak nahikoa azkarrak dira halako egoerak saihesteko.

Horregatik guztiagatik, Israelen estrategia ez da funtsean aldatuko eta egintza burutuen politika mantenduko du, hori bai, gero eta oldarkorrago. Dena dela, zuzenbide internazionala jariakorra eta aldakorra da eta errealitate politikoetara egokitzen ohi da. Orain arte, nazioarteko komunitatearen gehiengo oso argi bat 1967ko mugen aferan tinko mantendu da, eta egia da ez dagoela seinalerik egoera hau epe motzera aldatuko denik ziurtatzeko. Hala ere, kontsentsu hau lekuan bertan existitzen den errealitate berrira edonoiz moldatu liteke: lurralde okupatuetan ia milioi bat israeldar bizi dira eta okupazioak berak jada bost hamarkada dirau. Lehen aipatutako faktoreak kontuan izanda, eta AEBen presioa kolono-gune garrantzitsuenak legeztatzeko indartzen baldin bada, zenbat iraun dezake Zisjordaniari buruzko kontsentsuak epe ertain eta luzera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.