Europar Parlamenturako hauteskunde kanpaina erantziz

2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Europar Parlamentuko (EP) hauteskundeak zeruertzean gertu ageri dira: hodeiz inguratuta datoz. Eskuin muturreko alderdiak dira proiektu europarreko zeru garbi eta distiratsua estaltzen dutenak. Indar berri horien iritsierak errotik astinduko ditu EBko eraikinaren zutabeak, eta honek, zalantzarik gabe, aldaketak ekarriko ditu bere arkitektura eta dinamika instituzionalean. Nolanahi ere, badago gainontzekoek baino eraldaketa handiagoa ezagutuko duen erakunde bat: Europar Parlamentua bera.

Obsesio horrek harrapatuta dauka EP. Hori da, hain zuzen ere, This time I'm voting (orain botoa emateko ordua da) kanpaina antolatzera bultzatu zuena. Jokoan dagoena ikusita, urtebeteko aurrerapenaz hasi zen lanean maiatzeko hauteskundeak helmugan zituelarik. Kanpainaren abiapuntua joan den urteko ekaineko European Youth Event-ek jarri zuen Estrasburgon: eszenatoki ezin hobea, timing egokia, eta publiko aproposa.

Kanpaina ezezaguna zaizuenoi —eta esango nuke hori dela zuetako askoren kasua— honen berri izateak ez dizue kalterik egingo. Gainontzekoei, alegia, honezkero kanpainari buruz entzun duzuen horiei, datozen lerrootan botako ditudan ideiak zer pentsa emango dizuelakoan nago. Aurrera jarraitu aurretik, eta kanpainaren nondik norakoak hobeto ulertze aldera, aintzat hartu beharreko hiru elementu azpimarratzea gustatuko litzaidake:

1. Europar Parlamentuak hauteskundeei begira antolatutako eta zuzendutako komunikazio estrategia da kanpaina.

2. Herritarren parte-hartzea sustatzea du helburu.

3. Izaera independentea du, hau da, ideologia eta alderdi desberdinekiko inpartziala da.

Honaino dena ondo, ez al da horrela? Beharbada, ez. Izan ere, kanpainaren oinarri diren hiru zutabe hauek uste baino mami gehiago dute. Euskarri horietako bakoitzak zalantza gutxi batzuk planteatzen ditu: nola liteke legebiltzar batek bere aldeko kanpaina egin behar izatea? Ez al da kanpaina alderdi politikoen eginkizuna? Zein herritarren partaidetza bultzatu nahi da, hau da, nori zuzendua dihoa kanpaina? Eta azkenik, zer neurritaraino da independentea?

Esan gabe doa azkenekoa dela interes gehien pizten duen auzia, hots, neutraltasunarena. Aitzitik, puntu horretara iristeko, ezinbestekoa zaigu aurreko bietan gelditzea, bi galdera hauen analisiak hirugarrengoari erantzuna ematen lagunduko digu eta. Hortaz, joan gaitezen banan-banan.

Lehenengoari dagokionez, kanpainaren izaera ezohikoa kontuan izatea komeni da. Legebiltzar batek bere zilegitasuna eta baliagarritasuna aldarrikatu beharra ez da egunero ikusten den zerbait; are gutxiago bere existentzia bera zalantzan egotea. Salbuespenak salbuespen, gainontzeko legebiltzarren kasuan, direla estatalak direla eskualdeetakoak, nekez gerta daiteke antzeko zerbait.

Hori horrela izanik, agerikoa da bere burua aldarrikatzeko premiak EPren ahulezia eta oro har EBrena azaleratzen duela. Are gehiago, kanpainak erakundearen kuestionatzeari ateak irekitzen dizkiola esango nuke, bere aurka ari diren indarren argudioei arnasa emanez. Zentzu honetan, kanpaina bera da proiektu europarraren inguruko eztabaidak hartu duen konfliktibitate mailaren frogarik argiena.

Esperientziaz jakin badakigu eztabaida dagoen tokian zatiketa sortzen dela. Oraingoan, eta modu eskematikoan, eurofiloak eta eurofoboak egongo lirateke tartean. Jakina, horietako bakoitzean korronte desberdinak aurki ditzakegu, baina bi talde horiek banatzen dituen lerroa erraz marraz daiteke egungo paisaia politikoan, alderdien posizionamenduek horrela ahalbidetzen dute eta. Ez dago esan beharrik EP marraren zein aldetan kokatu den.

Bigarren puntuak, bestalde, target-arekin du zerikusia, hots, kanpainaren hartzaileekin. Komunikazio estrategiaren bizkarrezurra sare sozialak direla kontuan izanez gero, erraza da jakitea zein biztanle talde dagoen kanpainaren jomugan: gazteak. Bi dira horren arrazoi nagusiak. Batetik, gazteen parte-hartzea oso baxua izan zen aurreko hauteskundeetan. Bestetik, gazteek, oro har, europar proiektuaren aldekoak diren indarrekin egiten dute bat.

Hortaz, gazteen aldeko apustua ez da, seguru asko, kasualitate hutsa; alderantziz, kalkulu interesatu batean oinarritutako berariazko erabakia dela esango nuke. Pasa den apirilean Maastricht-eko unibertsitatean ospatutako eztabaida da horren adibiderik garbiena. Berriro ere, bistakoa da EP zeinen mesedetan dabilen.

Honezkero, hirugarren galdera erantzuteko moduan gaudela iruditzen zait. Zer diot, erantzuntzat joko dut. Neutrala al da kanpaina? Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Nik behintzat propaganda usaina hartzen diot. Baina tira, masta bakoitzak eutsi diezaiola bere oihalari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.