LGTBI+ Nafarroan: bide luzea egiteko

Xabier Sanchez Goronaeta
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

«LGTBI+ kolektiboko jende guztiari larrua moretuko balitzaioegun batetik bestera, handik aurrera gizarteak ez luke arazo moduanikusiko kontu hori, harriturik ikusiko bailuke zenbat jende moretukolitzatekeen,eta zein askotarikoalitzatekeen jende hori».
Ian Mckellen

Urte asko eta asko eman ditugu borrokan eta gogor egiten, geure burua asmatzen eta berrasmatzen... LGTBI jendeak eta kolektiboek arrunt garai ilunak iragan genituen, baina gibelean uztea erdietsi genuen; gutxika-gutxika eta laguntza handirik gabe, modua egin dugu bizitza samurragoak izateko.

Lur planetako beste anitz tokitan bezala Nafarroan ere, inguruan ikusi eta pairatu behar izan dugu kultura ukatzaile eta zapaltzaile bat, galarazten ziguna gure bizitza, nortasuna eta proiektuak garatzea: azken batean, izatea eragozten ziguna.

Zirimiria bezalakoa izan da nork bere burua ezagutzeko bidea, geure sexualitate askotarikoak, konplizitateak, intuizioa, afektuak, elkartasuna eta abar ezagutzekoa, eta arrakalak ireki ditu; horri esker, landu eta landu aritu gara, poliki-poliki, gaur egun ahots gora eta ezin argiago esan dezakegun hau: hemen gaude, bagara, eta gure sentimenduekin bat eginez bizi nahi dugu.

Oztopoz betea egon da emantzipazio handiagoa erdiesteko bide hau guztia, kultura zisheteropatriarkalaren ondorioz. Askapen prozesu hori egiteko, ezinbestekoa izan da elkarlanean aritzea sistema diskriminatzaile honen ereduak zalantzan jartzen ditugunok. Ezinegona adierazi dugu, eta antolaketara jo dugu iruditeria bat sortzeko bizitza estutzen ziguten aurreiritzietatik aparte.

Nafarroako LGTBI+ kolektiboen ekarpenaren eta lanaren ondorioz, orotariko jardunbide aberatsak ditugu, askotariko mugimendu bat, denbora iragan ahala aktibismo mota bat baino gehiago garatu duena.

LGTBI+ mugimenduak bide luzea egin du Nafarroan. Lehenbiziko taldea 1977an sortu zen; orain arte, orotariko jendea lotu zaio antolaketari, eta halaxe erdietsi da gaur egun zenbait hobekuntza eta aurrerapauso eginak egotea. Horregatik da hain garrantzizkoa denbora honetan guztian eginiko lana azpimarratzea.

Gaur egun, nabarmentzekoa da bere garaian ontzat jo zela ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea, LGTBI+ jendearen berdintasun sozialaren aldekoa, eta kolektiboek eta alderdi politikoek Nafarroako Parlamentuan eginiko prozesu parte hartzailearen fruitua izan zela. Gainera, azken urteetan aktibatu egin dira Nafarroako Erkidegoko Kattalingune zerbitzua eta Iruñeko Udaleko Harrotu zerbitzu publikoa: biek ere aholkularitza eta laguntza ematen diote LGTBI+ jende askotarikoari, eta sentsibilizazio jarduerak egiten dituzte.

Era berean, Transbide sortu da Osasun Departamentuan: transexualei, transgeneroei eta intersexualei arreta ematen dien zerbitzua da.

Ez dezakegu ahantz Skolae programa, bide luze honetan beste bulkada bat izan baita mitoak eta estereotipoak desikasteko; ikasleei bizi proiektuak garatzeko gaitasuna pobretzen dieten mitoak eta estereotipoak desikasteko, hain zuzen.

Aintzat hartzekoak dira Nafarroan eta Iruñean martxan jarri diren beste hainbat jarduera ere: diagnostikoak, planak, protokoloak, ekinaldiak, adierazpen instituzionalak... LGTBI+ politiken garapenaren parte eta emaitza da lan hori guztia, eta, gainera, politika horiek erreferente dira estatuan.

Prozesu horiei esker, gazte asko aktibatuta daude, eta ez dute ezkutatu nahi, baizik ikusgai agertu hiriko kaleetan; prozesu horien ondorioz, hain gazteak ez diren beste batzuek berriz aktibatu dituzte LGTBI+ kolektibitatea eta mugimendua, eta herritar guztientzako topagune erreferentziazkoak sortu. Gogoan ditugu, harro bai harro eta maitasunez, 2017ko Urri Transa, 2018ko topaketak. LGTBI+ Topaketa Estatalak, orain dela bi hilabete eskas Tafallan banaturiko Laiak sariak, Lesbianen Ikusgaitasunaren Eguna —apirilaren 26an antolatua— eta beste batzuk.

Hori guztia batzen denean, kale libreago eta askotarikoago batean bizi gaitezke, komunitate ireki, aberats, libre batean... Nolanahi ere, lorpen horiek gorabehera, ezin dezakegu bertan goxo egin eta diskurtso erraz eta politikoki xuxenean erori, ezta onkerian eta anekdotan ere. Egituratu dugun guztia, sortu dugun guztia sendotu beharra daukagu oraintxe: LGTBI+ politiken alde egiten segitu beharra daukagu oraintxe, haien luze-zabal guztian, zeren eta arlo horretako zernahi atzerapausok berriz paratuko baikintuzke garrantzirik gabekoen esparruan, ikusezintasunean, periferietan, eta han ere eraiki daiteke, baina defizit zibiko batean geundeke.

Ibili dugun bidean gibelera ez egitea: horra hor zer segurtatu behar dugun orain.

(Erredakzioan itzulia)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.