Espainiako Futbol Liga

Badakite jada bidea

Athletic-Bartzelona, Alaves-Levante, Leganes-Osasuna, Mallorca-Eibar eta Vila-real-Reala izango dira ligako lehen partidak. Osasuna-Eibar izango da aurreneko derbia, bigarren jardunaldian

Julen Etxeberria.
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Denboraldiko lehen egitekoa bete dute jada: egutegia zozkatu. Atzo zozkatu zuten, Las Rozasen (Espainia), Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan. Beraz, datorren sasoian Espainiako Lehen Mailan jokatuko duten bost euskal taldeek badakite jada zein izango den egin beharreko bidea.

Athleticek eta Alavesek etxean hasiko dute liga, abuztuko hirugarren asteburuan: bizkaitarrek Bartzelona txapelduna hartuko dute San Mamesen; arabarrek, berriz, Levante hartuko dute Mendizorrotzan. Realak eta Eibarrek lehen hiru jardunaldiak etxetik kanpo jokatzea eskatu zioten Espainiako Futbol Federazioari, Anoetan eta Ipuruan egiten ari diren obrak direla eta. Espainiako Federazioak aintzat hartu du eskaera, eta, hala, bi talde horiek kanpoan hasiko dira: Realak Valentziari egingo dio bisita, eta Eibarrek, Mallorcari —Atletico Madril eta Espanyolen aurka jokatuko dituzte lehen partidak etxean, hurrenez hurren, hirugarren jardunaldian—. Osasuna, berriz, Sadarretik urrun itzuliko da maila nagusira: Leganesen (Espainia) ariko da. Azken jardunaldiari dagokionez, Alavesek Bartzelona hartuko du, Osasunak Mallorca, Realak Atletico Madrili egingo dio bisita, Athleticek Granadari, eta Eibarrek Vila-reali. Maiatzaren 23an, 24an, 25ean edo 26an jokatuko dira lehia horiek.

Sasoi honetan bost euskal talde ariko dira Espainiako Lehen Mailan, eta, beraz, hogei derbi jokatuko dituzte. Hasi eta berehala izango da lehena, bigarren jardunaldian, abuztuaren 24an, 25ean, 26an edo 27an. Osasunak eta Eibarrek Sadarren jokatuko dute. Hurrengo jardunaldian, berriz, Athletic eta Reala ariko dira elkarren aurka San Mamesen. Alavesen zaleek, berriz, bosgarren jardunaldira itxaron beharko dute euren taldea derbi bat jokatzen ikusteko. Etxetik kanpo izango da: San Mamesen. Lau aldiz jokatuko dituzte bi derbi jardunaldi berean: hamalaugarrenean, Eibar-Alaves eta Osasuna-Athletic derbiak jokatuko dituzte; 23.ean, Alaves-Eibar eta Reala-Athletic; 24.ean, Athletic-Osasuna eta Eibar-Reala; eta 29.ean, Alaves-Reala eta Eibar-Athletic.

25 euroko sarreren eske

Derbizaleek, beraz, betekada izango dute. Horren harira, bost euskal taldeetako 62 zale taldek klubei eskatu diete derbi bat ikustera doazen kanpoko zaleentzat 25 euroko prezio finkoko sarrerak jartzea. Duela hiru urte eskaera bera egin zuten, eta Athleticek ez beste lau euskal taldeek bat egin zuten egitasmoarekin. Aurten, espero dute adostasuna erabatekoa izatea, «derbiak berriro derbiak izan daitezen». Halaber, klubei galdegin diete Espainiako Futbol Liga Profesionalari (LFP) eska diezaiotela partidak asteburuan jokatzeko, eta ez «ordutegi lotsagarrietan». Espainiako Federazioak larunbat eta igandeetan jokatu nahi ditu partidak, eta LFPk ostiral eta astelehenetan ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.